Alokariuko sabelak: zergatik esaten diote subrogazioa, esplotazioa baldin bada

Alokariuko sabelak: zergatik esaten diote subrogazioa esplotazioa baldin bada –

Uda honetan legez kanpoko jarduera hau sustatzen duten bi kongresu egingo dira Bilbon. Ekainaren 16 eta 17an ANACERen (Laguntza bidezko ugalketa klinika pribatuen elkartea) XVI. Kongresua iragarrita dago. Jardunaldietako batean ugalketa-esplotazioaren berri emango du Gure Umeen Ametsak Bizkaiko elkarteak. Eta uztailaren 21, 22, 23an, elkarte horrek berak, Son Nuestros Hijos eta Red Libre elkarteekin batera (nazioarte mailan “ugalketaren bioekonomia” sustatzen duen think tank-a), Emakumearen eta Ordezkapen bidezko Haurdunaldiaren I. Kongresua egingo du. Gogoratu behar dugu legeak debekatu egiten duela gure lurraldean eta estatu osoan haurren salmenta iragartzea eta sustatzea, bai eta merkataritza hori errazteko egiten den edozein kudeaketa ere.

Haurdunaldi subrogatua debekatuta dago Espainiako Estatuan, baina Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko instrukzio batek aukera ematen du legezkoa den herrialde batean jaio den haurra hemen inskribatzeko. Erakunde feminista abolizionistek salatu dugunez, lizentzia horrek alokairuko sabelak “atzeko atetik” erregularizatzea dakar. (1)

Kongresu horien helburua da ikuspegi feministatik zein bioetikatik duintasunaren eta giza eskubideen aurkakotzat jotzen den ugalketa-prozesu bat naturalizatzea. Bide batez, giza eskubideen artean ez dago aita edo ama izateko eskubidea.

Feminismoaren ustez, haurdunaldi subrogatua emakumeen gorputzaren esplotazioa eta muturreko indarkeria modu bat da, umetokia (eta gorputz osoa) diruaren truke alokatzen den merkantzia gisa erabiltzen baita.

Giza bizitza ere merkantilizatzen du, umetxoa erosi eta saldu daitekeen jabetza-objektu bihurtzen baita, eta horrek oinarrizko printzipio etikoen eta giza eskubideen aurka egiten du. Praktika hau desberdinkeria sozial eta ekonomikoarekin lotuta egon ohi da. Izan ere, hirugarrenentzako umea munduratzea onartzen duten emakume gehienek beharragatik egiten dute, eta haien zaurgarritasun-egoera baliatzen da onura ekonomikoak lortzeko.

“Ordezkapen bidezko haurdunaldia” pertsonen trafikoarekin parekatu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Bioetika bat dator iritzi horrekin, eta, gainera, zehaztu du ez dela lagundutako ugalketa-teknika bat, merkataritza prozedura bat baizik. Erakunde horrek ere ez du “borondatezko ordezkapenaren bidezko haurdunaldia” salbatzen, askotan transplante batekin alderatzen dena, “umetokia alokatzeak ez baitu balio kalte bat konpontzeko, ez baitu bizitza luzatzen, ezta bizi-kalitatea hobetzen ere”, argudiatu duenez. Osagai ekonomikoa ezabatu arren, oraindik ere oso zaila da oztopo bioetikoak justifikatzea, gizarte gisa babestu beharreko behar eta eskubideetatik kanpo dagoen helburu baterako. (2)

“Estatu gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen diren ugalketa-eskubideen urraketa larrien aurrean erantzuteko konpromisoa berretsi behar dugu, hala nola subrogazio bidezko haurdunaldia”. Esaldi hori martxoaren 5ean indarrean sartu zen lege organikoan jasotzen da. Kapitulu horretan abortuaren arauketa aldatzeaz gain, are gehiago mugatu nahi da “subrogatutako haurdunaldia” edo “ordezkapen bidezkoa”.

Gizakiak ustiatzen eta saltzen dituen negozio aberats baten aurrean gaude, mundu osoan legitimazio eta onarpen sozialaren alde borrokatzen ari dena, nazioarteko gobernuei eta erakundeei presioa eginez, eta unibertsitateetan eta komunikabideetan ikerketa akademikoaren laguntza duena.

Gure Umeen Ametsak (Euskal Herria), Son Nuestros Hijos (Espainia), Men Having Babies eta Growing Families (nazioarte mailan), gobernuei presioa egiteko sortu diren GKE batzuk dira. Helburuak dira emakumeen esplotazioa mundu osoan legeztatzea, ugalketa helburu duen esplotazioa, bai  ordainpenko bertsioan, bai ustezko bertsio “altruistan”; subrogazioaren aldeko iritzi publikoa sortzea; agentziei eta klinikei buruzko informazioa ematea; eta interesdunei aholkularitza, finantza-laguntza edo legezko zerbitzuak ematea.

Ugalketa helburu duen emakumeen esplotazioa etengabe hazten ari den negozioa da. The Global Surrogacy Market Report txostenaren kalkuluen arabera, 2018an subrogazio bidez jaiotako haurren salmentak 6.000 milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituen. Aurreikuspenen arabera, 2025ean subrogazioaren negozio-zifra 27.500 milioi dolarrera iritsiko da, hau da, 2019-2025 aldirako urteko hazkunde-tasa % 24,5ekoa izango da. 27.500 milioi dolar horietatik 17.700 milioi ugalkortasun-klinikek soilik eskuratutako diru-sarrerak izango dira, hau da, guztizkoaren % 64; gainerakoa, % 36 merkaturatzaileen, zerbitzu juridikoen eta enpresa sateliteen artean banatuko da. Mundu mailako negozio-zifra osotik, emakumeek diru-sarreren % 0,9 baino ez lukete jasoko.

Umetxoaren ikuspegitik ugalketa-esplotazioak honako hauek dakartza: bere oinarrizko osasuna nahita urratzea, bere nortasuna eta jatorria ezagutzeko eta amak zaintzeko eskubidea urratzea, adopzio baten kasuan izango lukeen babes instituzionalerako eskubidea ukatzea, eta saldua, trafikatua edo kalitate-kontrola duen merkataritza-produktu bihurtua ez izateko giza eskubidea urratzea. Gizakien salerosketak bide berriak asmatzen ditu egunero. Prostituziorako eta haurren trafikorako tratarekin batera, ugalketa-helburuetarako salerosketa gero eta gehiago hazten ari da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, gutxienez bi araudi autonomikok guztiz parekatzen dituzte alokairuko sabelak eta adopzioa, eta dagoeneko gertatu dira lehen kasuak, umeak bide honetatik ekarri ondoren, amatasun/aitatasun-baimenak eskatu dituzten funtzionarioenak, iturri ofizialek baieztatu dutenez. Funtzionarioei buruzko politikak kudeatzen dituen Gobernantza Publikoaren eta Autogobernuaren arloak adierazi du hori horrela dela 2017ko instrukzio batetik aurrera. Garai hartako arloko sailburuak, Josu Erkorekak, orduan berretsi zituen lehen bi kasuak, eta orain beste bizpahiru subrogazio bidezko haurdunaldi egoera onartu direla ere adierazi dute. Iturri horien arabera, alokairuko sabelak adopzio- edo harrera-kasuekin parekatuko dira aitatasun/amatasun lizentzia-aldiak ematerakoan. Duela sei urte, 2017an, Erkorekak honela kalifikatu zuen erabaki hori: “XXI. mendeko gizartean dauden familia-eredu berriak aitortzeko aurrerapausoa da”. EAJ, oro har, egoera hori arautzearen alde agertu da.

 

Zergatik gaude aurka?

Ugalketa-esplotazioa hazkunde azkarreko milioi askoko industria da, eta emakumeen aurkako indarkeria mota bat. Beste pertsona baten edo batzuen aitatasun- edo amatasun-nahiak asetzeko, emakumeei indarkeria fisikoa, ekonomikoa, medikoa eta psikologikoa eragiten zaie, eta hori oso dokumentatuta dago. Emakumeen ugaltze-gaitasuna beren bizitza- eta guraso-proiektuen mesederako izan behar da, ez besteen proiektuen mesederako, bestela esplotazioa da.

Haurdunaldi subrogatuan, alokairuko sabel gisa ustiatutako amek eskubide guztiei uko egiten diete prozesuan zehar. Mundu osoan, hitzarmenek edo kontratuek edota praktika hori arautzen duen araudiek gizakiak nahieran erabiltzen dituzte, bai esplotatutako amak, bai haurtxoak, askatasun eta eskubideak kenduz. Europan, herrialde gehienek, EBren Gutunean jasotako oinarrizko giza eskubideen urraketaren jakitun, debekatu egin dute praktika hau beren lurraldean. Hala ere, xedapen horiek sistematikoki ahultzen ditu mugaz gaindiko haurdunaldi subrogatuak.

Praktika hau legitimatzea edo erraztea emakume zaurgarrienak esplotatzeko gizarte-klase aberatsenen eskaera sustatzea da. Haur bat izateko nahia ase dezaten, giza eskubideak nahitaez errespetatzetik salbuesten ditugu, emakumeen kaltetan, bereziki talde ekonomiko eta sozialki ahulenetako emakumeen kaltetan.

Egia esan, emakumeari zuzenean eragiten dioten beste gai batzuekin gertatzen den bezala, beste behin ere egiaztatzen dugu patriarkatuak, merkatu-legea arma betearazle gisa hartuta, ez duela legerik egiten emakumeen alde, haien aurka baizik; eskubide osoko herritarrak garen heinean, emakumeok dugun duintasunaren aurka, eskrupulurik gabeko pertsonen nahietara makurtzeko gure sortzeko gaitasuna merkantilizatuz.

(1) Lagundutako giza ugalketarako teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen 10. artikuluak honako hau dio: 1. Erabat deuseza izango da haurdunaldia, prezioarekin edo preziorik gabe, emakume baten kontura hitzartzen duen kontratua, zeinak uko egiten baitio amaren filiazioari, kontratatzailearen edo hirugarren baten alde. 2. Ordezte-haurdunaldiaren ondorioz jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna erditzeak zehaztuko du. 3. Salbu geratzen da aitatasuna erreklamatzeko aita biologikoaren ekintza, arau orokorren arabera. 

Gainera, haurdunaldi subrogatua delitu gisa tipifikatuta dago Zigor Kodeko 221 artikuluan: konpentsazio ekonomikoa tarteko, seme-alabatasun edo ahaidetasunezko harremanik izan ez arren, beste pertsona bati seme, alaba, ondorengo edo adingabe bat ematen diotenen jokabidea, zaintza, harrera edo adopzioaren legezko prozedurak saihestuz, seme-alabatasunaren antzeko harremana ezartzeko helburuarekin. Jokabide horri urtebetetik bost urte arteko espetxe zigorra eta guraso-ahalaren, tutoretzaren, kuradoretzaren edo zaintzaren eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezia ezartzen zaizkio, lau urtetik hamar urte artekoa.

(2) Espainiako Auzitegi Gorena, 277/2022 epaia, 2022ko martxoaren 31koa

Alokariuko sabelak: zergatik esaten diote subrogazioa, esplotazioa baldin bada.

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude