Zipaio linguistikoen mende
Zipaio linguistikoen mende –
Jose Mari Pastor BERRIAn.
Posible al da zure hizkuntzaz beste leku bateko hiztunen edo mintzaira baten doinuaz hitz egitea? Bai, antza. Izan ere, ahoskera arrotzaren sindromearen kasu baten berri jakin dugu egunotan: AEBetako gizon bat azentu irlandarrez hasi zen hitz egiten ingelesez, hil baino hilabete batzuk lehenago, Irlandan inoiz egon ez arren.
La Vanguardia egunkariak argitara eman duenez, gizonak prostatako minbizia zuen, metastasiarekin. Horrek kalte neurologikoak eragin zizkion eta, ondorioz, aldaketak ahoskeran zein doinuan. Gaiari buruzko ikerketa Andrew J. Armstrong-ek, Duke Unibertsitateko Medikuntza irakasleak, egin du. Armstrongen ustez, garuneko kaltearen eraginez, beste hizkuntza baten doinua har dezake hizlariak. Espainian ezaguna da emakume baten kasua. Frantsesez jakin ez, eta hizkuntza horren doinuaz hitz egiten hasi zen.
Albistearen berri izan eta iruzkinak idatzi dituzte Bartzelonako egunkarian irakurleek. Bat baino gehiago sinesgaitz agertu da. Horietako batek adierazpen bitxia egin du: «Gaixo horiek kolpetik euskaraz hitz egiten hasten direnean egingo dugu berba». Iruzkinak biharamunean desagertu dira hedabidearen webgunetik.
Euskaldunok gustura asko hartuko genuke irakurle horrek aipatutako adibidea. Ez, inori ez diogu gaitz hilgarririk opa. Nahikoa izango litzateke gripe txiki bat, inolako ondoriorik gabe. Gripea izan eta gero euskaraz hasiko lirateke gure elebakar guztiak. Hori gozatua! Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen kontra egin dutenek ez lukete kexatzeko arrazoirik izango. Teorian, bederen.
Katalanei ere ez litzaieke txarto etorriko fenomenoa. Katalunian lanean ari den erizain espainiarrak hedatutako bideoa ikusi besterik ez dago. Lana lortu du Bartzelonako ospitale batean, baina ez du katalana ikasi nahi. Kataluniako berezko hizkuntza da katalana, ez espainiera. Eta ofiziala da, gaztelera legez. Hala ere, neskak nahiago du beren zergen bidez soldata ordaintzen dioten herritarrak mespretxatu. Espainiar gisa eskubidea du, nonbait, Katalunian onartutako lege eta arauei muzin egiteko. Katalan hiztunei barre egiteko. Hori uste du.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka helegitea jarriko duela iragarri dute. Hala behar du. Izan ere, auzitegiaren erabakiak gure mugak zeintzuk diren erakutsi du. Europako autonomia handiena omen duen herrian eta estatistikaren arabera euskaldun portzentaje handiena duen lurraldean ezin ditugu behar bereziak dituzten herritarren eskubideak bermatu. Hala ere, alferrik izango da helegitea. Badakigu nork eta zeren arabera betearazten duen legea hemen. Ditxosozko auzitegi horretako kideak bertokoak izango dira. Euskal herritarrak. Euskaldunak ere bai, agian. Funtsean, zipaio linguistikoak dira.
Ezer gutxi balio du euskararen erabilera sustatzeko boluntarismo hutsean oinarritutako kanpainak. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz diote: «Badakizu aukeratzen duzun hitzaren araberakoak izango direla zure harremanak?». Ba, bai eta ez. Badakit neure jarduera aktiboak asko egin dezakeela hizkuntza normalizatzen laguntzeko. Alta, badakit, jakin, aurrean dudan pertsonak mintzatzen ari naizen hizkuntzaz hitz egiten ez badu alferrik izango dela ahalegina. Nekagarria. Hemen bizi den herritar horrek beti izango du alde esparru legala. Galderak bestelakoa izan beharko luke: «Badakizu aukeratzen duzun hitzaren arabera erabakiko duela kolono mentalitateko edozein herritar edo epailek zu zeure herrian bertan makurrarazi eta zeure eskubideak zapaldu ala ez?».
Euskararen inguruan adostasunak indartzeko deia egin du Jaurlaritzak. Besterik esan zezakeen, bai, baina arlo horretako bere ezintasuna aitortzea izango zen. Zer adostasun eta adostasun oste lortuko dugu euskarari etengabe oztopoak jarri eta jarri ari direnekin? Gripeaz gaixotu eta gauetik goizera euskara ikasiko balute ere, ez dut uste berdintasunaren alde egingo luketenik. Zipaio linguistikoak izaten segituko lukete. Dudarik ez egin.