“Zinema Euskaraz” kolokan, eta ETB3rako marrazki berriak ere bai?
“Zinema Euskaraz” kolokan, eta ETB3rako marrazki berriak ere bai? –
“Zinema Euskaraz” programa kolokan jarri omen du Eusko Jaurlaritzak. Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean azaldu dutenez, Kultura Sailburuaren irizpideak dira. Eta hala da. 2017an Bingen Zupiriak berak azaldu zuen Euskadi Irratian bertan: bikoizketa ez, baizik eta azpitituluak omen dira joera berria.
Horren aurrean, zenbait gauza esan litezke:
1-Bikoiztaileek dioten bezala, Eusko Jaurlaritzak zergatik du irizpide hori euskararekin eta ez gaztelaniarekin: ETB2n fikzio pila dago, eta dena españolera bikoiztua. Nekane Sarobe, Shin Chanen ahotsa, jubilatu zenean, elkarrizketa batean azaldu zuen nola EITBk dirua gastatzen duen telesailak españolera bikoizten, eta bitartean esaten duen ez dagoela euskarazko bikoizketarako dirurik.
2-1980ko hamarkadan urtean 1.800 bat ordu bikoizten ziren euskarara, 2016an 100 bat omen ziren. Tarte horretan, zenbat film eta telesail eskaini ditu jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin? Non? Zer zinema aretotan, telebistatan, Interneteko plataformatan?
3-Ez da egia merkatu txikia garela eta euskaldunok ezin dugunik bikoizketa izan. Adin bat dugunok oroitzen gara hasierako ETBz: kate bakarra zen, film, telesail eta marrazki pila zituen, eta denak euskaraz ziren.
4-Katalunian 1999an jada abiatu zuten mugimendu bat zinema katalanez ikusi ahal izateko. Orduan jada argi zuten: filmak espainierara bikoizten segitzen duten bitartean, saihetsezina izanen da katalanera bikoiztea. (Manifest en suport del doblatge i subtitulat de pellícules al català). Hemen katalanak baino azkarragoak gara, antza.
Arazoa ez omen da “Zinema Euskaraz” programarena bakarrik. ETBrentzat ere ez omen dute lanik egiten, tarifen murrizketak direla medio. Gero eta ordu gutxiago bikoizten dira, eta gero eta gutxiago pagatzen. Horrek azaltzen du ETB3ren datu negargarriak: %03ko audientzia. Haur euskaldunak Clan, Boing eta Disney Channeli begira ditugu. Pello Sarasolak azaldu zuen 2013an: ETB3k merkea behar du izan. Gaurko arduradunek politika horri segitzen diote, alafede! Aspaldiko marrazkiak behin eta berriz errepikatzea, eta haurrak erakartzeko inolako anbiziorik ez izatea.
Egoera konpontzen hastea alderdi politikoen esku dago, baina esanen nuke EITBz inporta zaien bakarra dela ETB2ren ildo politikoa. Guztiz zilegi da, baina euskarak ere garrantzi zerbait izanen du, ezta?
Abia liteke kanpaina bat desintonizatzeko ETB.
ETB2 esan nahi duzu? Ni horrekin ados.
Hala ere, lotsagarria da Merlí bezalako telesail ederra, munduan zehar arrazkastaz zabaldu dena eta ETBk oso ondo bikoiztuta eman duena, batez beste 2.000 ikusleren audientziarekin pasa izana, eta are lotsagarriagoa haur eskuladunek Clan eta erdarazko beste kateak gehiago ikustea ETB3 baino, denok dakigularik txikienen kasuan aukera hori gurasoen esku dagoela.
Telebista kate bat ikusteko ohitura sortzeak, egunkaria irakurtzekoak bezala, denboraren beharra du.
Euskaraz (edo beste edozein hizkuntzatan) telebista ikusteko edo egunkaria irakurtzeko ohiturarik ez duenak produktu interesgarriak behar ditu hizkuntza horretan igortzen den telebistara edo argitaratzen den egunkarira lehen aldiz (eta hurrengo aldietan) gerturatzeko.
Telebista ikustea ohiturazko ekintza da, egunkaria irakurtzea bezalatsu. Ikusi besterik ez dugu zenbat euskal hiztunek zailtasuna duen oraindik “El Correo” edo “El Diario Vasco” bezalako egunkari erdaldun antieuskaldunak irakurtzeari uzteko eta euskarazko kazeta irakurtzen hasteko. Ohitura zaharrak hausteak eta ohitura berriak sortzeak ahalegina eskatzen du.
EiTBek azken hogei urteotan utzikeria nabarmena agertu du ETB1 katearekin. Euskal Telebista sortu zenean ETB1 kate interesgarria zen, denetariko ikusentzunezko edukina euskaraz eskeintzen zuena (edukin asko bikoiztua zen, euskara txukunera itzulia gainera).
Goenkale bezalako telesail sonatua amaitu ondoren Euskal Telebistak arduragabeki ETB1eko edukin interesgarria ezereztu zuen. Ondoren zenbait telesail bikain igorri zuen, hala nola “Eskamak kentzen”, “Aitaren etxea” eta “Mugaldekoak” (adibidez) baina telesail luzeak izan zitezken hauek atal gutxiren ondoren ito zituen (“ito” diot, bai, aurrekontu ezak euskarazko ekoizpena itotzen duelako).
Ez da harritzekoa ikuslego euskalduna, ETB1en ezer interesgarririk aurkitu ezinik eta erabat asperturik, erdarazko telebistetara hurbiltzea.
Bikoizketa bide interesgarria eta beharrezkoa da munduan zehar eskeintzen diren telesail arrakastatsuak euskaraz eskeintzeko. Euskal hiztunok ere kalitatezko telesail entretenigarriak geure hizkuntzan bikoiztuta ikusteko eskubidea dugu. Eskubidea ezezik, beharrezko egitekoa ere bada, euskara arlo eta esparru guztietan erabiltzeko hizkuntza dela sinesten badugu.
Euskal Izeneko Televisión Baska-k, EITBk alegia, hogei bat urte daramatza euskararen eta euskal kulturaren debaluaziogintzan. Horren ondoren kasik alferreko lana da saio on bat ekoiztea, ikuslegoa aspaldian missing dagoelako. Xok-bide baten ezean (euskal pornoa emititzen hastea esaterako), ikuslegoa berrosatzea ez da lan laburra izango. Egoera honen oinarrian PNV-PSE ardatza dago, EAEn gobernurako azken urteotan indarrean egon den ardatza. Abertzaleen batasunaz hitz egiten denero, EITBren ajeak zuzendu eta taldea lehenaratzeko izan zezakeen balioa datorkit gogora. Hori bakarrik bere hutsean, egundoko aurrerapausoa litzateke gure herriarentzat. Hori bai urrats estrategikoa etorkizunerako. Baina beldur naiz aberrigintzarekin itsututa herrigintza ahaztuxe samar ez ote dugun.
Telebistaren kontzeptua aldatzen ari da eta gaur egun oso erraza da telebistatik ere (smart tv) interneten bidez edukiak ikustea. Euskal Herrian ETB ez ezik, baditugu euskaraz transmititzen duten zenbait tokiko telebista (goiena tb, xaloa, erlo tb, hamaika…) eta interneten bidez ikus-entzunezko edukiak zabaltzen dituzten “kateak” (kanaldude, youtuberrak, argiako bideoak, gaztetxuloko bideoak…). Hortaz, nire aburuz ideaia ona litzateke haien edukiak aplikazio batean gaika sailkatzea eta gai bakoitzarekin bideo-zerrendak/kateak egitea (sukaldaritza, kirola, kultura, euskara, nekazaritza, umorea…). Aplikazioa hori interneta duten telebistetan edo bestelako gailuetan instalatzea besterik ez zen beharko.
Hego: Aipatu duzun aplikazio hori oso erabilgarria litzateke baina eman dituzun izen guzti horiek ezin dira EiTBrekin alderatu, azken honek euskal kulturan eragina izateko duen gaitasuna beste inolako ikusentzunezko erakundek ez duelako.
Baliabide ekonomikoen kontua da. Kanaldude, lekuko telebistek, youtuber euskaldunek, Argiak… inork ezin dezake EiTBren aurrekontu maila berdindu eta aurrekontu sendorik gabe epe luzean iraungo duen kalitatezko ikusentzunezkorik ezin daiteke sor.
Hainbeste liluratzen gaituzten atzerriko telesailek aurrekontu handiak izan ohi dituzte (maiz milioi euro askotakoak). Zalantzarik gabe EiTBek ez leukake gaitasunik halako produkzio handi asko ekoizteko baina baditu baliabideak atzerriko ekoizpen hauek erosi eta euskarara bikoizteko.
Nik “Desperate Housewives”, “Uggly Betty”, “Grey’s Anatomy”, “Downton Abbey” eta abar bezalako telesailak euskaraz bikoiztuta ikusi (eta entzun!) nahiko nituzke, baina adi (!!) azpititulurik gabe (nahikoa eta sobera aspertu gintuzten euskarazko filmeetan 80garren hamarkadan agertzen ziren gaztelerazko azpitituluek).
Perry Mason abokatuak legelariak ere euskaraz mintza zitezkela erakutsi zigun bezala, Lady Violet Crawley oinordeko zahar aberatsak erakuts diezaguke aristokratek ere euskaraz hitzegin dezaketela.
Plazaratu dudan ideia soilik euskarazko ikus-entzunezko edukiak modu errazean eskura izateko balioko luke, bai. Zuk esandako guztiarekin ados nago, baina nik hain ezagunak diren telesail edo filmak baztertuko nituzke, batez ere erdaraz ikusi izan ditugulako. Munduan zehar hain ezagunak ez diren film/telesail on asko daude eta uste dut hauek ikusteak merezi duela.
Ahozkoan eta idatzizkoan, bietan ditugu hutsak, baina batez ere ahozkoan. Endekatze eta usteltze ikaragarria antzematen da ahozkoan.
Jende zaharra euskara txarrez kutsatua ikusten dut, jende gaztea maila eskasarekin.
Eta orain gaztetxoendako marrazki bizidunak kentzera?
I-KA-RA-GA-RRI-A
Ez gakitezke nolabait antola?
Axuriak harakindegira bezala joan behar al dugu?
Nik Herbeheretako eredua jarraitzea proposatuko nuke. Han haur txikientzako (irakurtzen ez dakitenentzako) marrazkiak-eta bakarrik bikoizten dituzte, beste guztia jatorrizkoan subtituluekin ematen dute. Eredu honi jarraiki euskaraz zein gaztelaniaz jatorrizkoa subtituluekin sustatzera jo beharko luke ETBk. pelikula jatorrizkoan ikusi eta azpitutuluak euskarazkoak edo gaztelaniazkoak jartzeko aukera eman ikusleari. Haur txikientzako guztia euskara hutsez. Erraza!
Munro: Ez zait Herbeheretako eredua Euskal Herrirako egokia iruditzen arrazoi nagusi honengatik: Han (Herbeheretan eta Flandrian) neerlandera gizartearen hizkuntza nagusia delako, bertan hazitako biztanle orok menperatzen eta ohizkoan nagusiki erabiltzen duena.
Neerlandera hizkuntza nagusia da bere lurralde eremuan eta filmak atzerriko hizkuntzetan igortzeak ez du neerlanderaren nagusitasuna zalantzan jartzen, administrazioak, bertako komunikabideek, kultur elkarteek, alderdi politikoek eta abar luze batek egunero barra-barra erabiltzen duelako.
Euskararen egoera soziolinguistikoa oso ezberdina da eta neerlanderarekin alderatu ezina. Euskara hizkuntza txikia, gutxitua eta esparru gehienetan alboratutakoa da, eta ezohizkoak dira (oso-oso urriak) euskara nagusi deneko eremuak (bertsolaritza, ikastolak — baina ez irakaskuntza — eta… gehiagorik?)
Euskarak zabaldu egin behar du bere eremuan bizirik iraungo badu. Zabaldu zentzu guztietan: Hiztun kopuruan, kultur ekoizpenaren kopuruan eta edukian, euskarazko aisialdiaren kontsumoan, administrazioan oraindik erdaldun dirauten sailetan, ofiziala ez den EHko eskualdeetan…
Zabalkunde honetarako komunikabideak tresna ezinbestekoak dira. EiTB euskara normaltzen laguntzeko sortu zuen Eusko Legebiltzarrak baina normalkuntzaren zereginean erren ibili da azken hogei urteotan, euskal hiztunak lehenetsi ez dituelako. ETB1en kaltean ETB2ri lehentasuna (=aurrekontu askoz ere handiagoa) eman dio EiTBk eta euskara sustatu nahi duen edonorentzat hori onartezina da.
Arrazoi du Aitzolek. Hala ere Nederlanderaren kasuan hasiak dira beldurtzen Ingelera hartzen hasi den indarrarekin eta neurri batzuk hartzen hasi dira. Holandan gertatu da hori Flandrian expabilatuxego dabiltza alde horretatik.
Ez dut uste bikoizketak ezer ematen digunik, alderantziz. Gauza askotan bezala gaztelaniaren eredu okerra kopiatzen ari baikara. Euskara normalizatzeko euskarazko ekoizpenak egin behar dira, eta euskaraz bizi, eta kanpokoa utzi bere horretan azpitituloekin; aberasgarriagoa da guretzat, eta errespetuzkoagoa besteekiko. Nik adibidez nahiago dut atzerraian euskarazko filmak ez doblatzea, euskara entzun dezaten.
Filmak euskarara bikoiztearen helburuak ez du zer ikusirik filmak interpretatzeko jatorrizko hizkuntzan ikustea ikuslearentzat aberasgarriagoa den ala ez denarekin, baizik-eta euskal hiztunei euskaraz adierazten den unibertso zabalagoa eskeintzearekin.
Milioi bakarreko hiztun komunitate batek (euskararenak bezalakoak) nekez sor lezake hiztun komunitate handiagoek eskeintzen duten unibertso zabalago hori, horrexegatik bikoizketa tresna baliagarria da euskararen unibertso mugatua zabaltzeko eta hiztunei arnasbide berriak eskeintzeko (beren unibertso txikian itotzen ari dinenaren sentimendua arintzeko eta euskaratik at arnasa bila ez dezaten — euskaraz arnas hartzen jarrai dezaten, azken finean).
Bikoizketa ez da Espainian soilik erabiltzen, Frantzian ere, adibidez, oso ohizko tresna da frantziarrek atzerriko ekoizpenak frantsesez ikus ditzaten. Horrek beren unibertsoa mugatzen al du? Ez dut uste.
Bestalde, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan, adibidez, bikoizketa ez dute ia inoiz erabiltzen ikusleei eskeintzen zaien ia den-dena ingeleraz sortua delako.
Gai honetatik aldenduko naiz, bainan ezin naiz egon erran gabe Aitzolek ederki emandako arrazoi horien beraiengatik obra klasiko literario eta filosofikoen itzulpengintza ere dela lan erabakigarria euskararentzat
Zergaitik ?
« beren unibertso txikian itotzen ari dinenaren sentimendua arintzeko eta euskaratik at arnasa bila ez dezaten — euskaraz arnas hartzen jarrai dezaten, azken finean »
Inteligentziak ( asko beharko dugu eta…) behar du atsulutuki maila altuko erregaia eta normala denez estatistikoki xantza gehiago dugu hau aurkitzea edozein erdaratan euskaran baino.
Euskaraz bakarrik irakurriz arrisku erreala dago mundu modernoko debate haundienetarik kanpo egoitea.
Begira, beste asko bezala ni konbentzituta nago lana izanen dela problema filosofiko eta pratiko nausia etorkizunean. Berrikitan hemen bertan aipatu nituen Thomas Coutroten « liberer le travail ». eta Simone Weilen « L’enracinement »
Anitzez hobeto da testu hauek erdaraz irakurtzea ezen ez eta ez irakurtzea. Bainan are ainitzez hobeto izango da euskaraz irakurtzeaeta sakontzea, nahi badugu euskara bilaka dadien gure egiazko hizkuntza operatiboa.
Barkatu, Aitzol, zure komentarioa piratatzea gatik
Begiraiozue ondoko lotura honi:
https://www.argia.eus/albistea/final-four-gasteizen-nola-gastatu-lau-milioi-poltsa-publikotik-legez-kanpoko-hitzarmen-batekin
Hara nor dagoen argazkiaren eskuinean. BINGEN ZUPIRIA, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikarako Sailburua (EiTBren nagusia). Filmak euskarara bikoizteko eta euskarazko telesailak ekoizteko dirurik ez omen dago baina saskibaloirako 4.000.000 euro badaude… Euskara sustatzeko era bitxia!?!