Zer dela eta “jalgi hadi dantzara”?
Zer dela eta “jalgi hadi dantzara”? –
Enrique Aramendia ARGIAn.
Etxepare eta prozesu filosofia
Zentzu batean filosofoa eta gai-jartzailearen jarduna berdintsua da: bada biak erantzuna baino galdera aurkitzeaz kezkaturik daude. Baina galderen bideak irristakor eta maltzurki marrazten dira ertzetan. Ez dago galdera bakunik, ez eta gai-jartzaile errugaberik.
Olerkizketak (Patxi Zabaletaren idaz-lanak) dituen bertute ugarien artean bada oso filosofikoa den bat, alegia, gai aproposa jartzearena. Horren exenplu, Etxepareren Kontrapas poemaren analisia, hau da, euskaraz argitaratutako lehen liburuaren poema enblematikoaren analisia.
Zabaletak proposatutako galderak lau dira, euskara jalgitzeko (ateratzeko, irtetzeko) deiadarrak hainbeste: zer esan nahi du jalgi hadi kanpora-k? zer jalgi hadi plazara-k? zer jalgi hadi mundura-k? eta zer jalgi hadi dantzara-k? Hemengo helburua sinplea da: Zabaletaren analisi horren berri ematea eta, bidenabar, hutsune ttippi bat betetzea, hain zuzen ere, euskeraren (edozein hizkuntzatan bezala) alde dinamikoa nabarmentzea.
Erdizka
Zabaletak proposatutako galderak lau dira, euskara jalgitzeko (ateratzeko, irtetzeko) deiadarrak hainbeste: zer esan nahi du jalgi hadi kanpora-k? zer jalgi hadi plazara-k? zer jalgi hadi mundura-k? eta zer jalgi hadi dantzara-k?
Jakina denez, Linguae Vasconum Primitiae euskeraz argitaratutako lehenengo liburua da, 1545an, Garazi aldeko Bernart Etxeparek egina. Poema-liburu honetako azken bi poemak euskararen laudorioak dira. Kontrapas deituriko poeman, euskarari lau eskari luzatzen zaizkio: jalgitzeko kanpora, plazara, mundura eta dantzara. Zabaletaren aburuz, eskari edo deiadar horien esanahia honako hauek dira:
Jalgi hadi kanpora: euskara kanpora ateratzeko deiadarra etxeko sutondotik kalera ateratzeko deiadarra da. Euskara aditu behar da kalean, euskarak aditua behar du izan esfera pribatuetatik at.
Jalgi hadi plazara: euskara plazara ateratzeko euskara plazaratzeko da, argitara emateko. Deiadar hau aurrekoari gehitzen zaio. Euskerak esfera pribatuetatik, esfera publikora pasatu behar du. Administrazioaren gaietara, alegia, baina baita ere beste arloetara, esaterako, zientzia, literatura edo kulturara.
Jalgi hadi mundura: mundura ateratzeko deiadarra ez da erokeri ez oilarkeri bat, bizirauteko behar bat baizik. Egun, sare digitalak derrigorrezko erakusleihoak dira. Eta ez dago garatzerik horien kontra.
Ebats
Honaino, interpretazioa nahiko zuzena da. Azken deiadarra, aldiz, jalgi hadi dantzara da, eta horixe da, hain zuzen, duda handien sortzen diguna. Zergatik ote dantzara? Eta zergatik jarri olerkiari dantza baten izena (Kontrapas, alegia)? Dantza bizipozaren adierazgarri da. Hortaz, euskara dantzara irteteko euskararekin disfrutatzeko eta gozatzeko deia omen da. Hala dio Zabaletak.
Ebats luze
Ni, ordea, ez nau guztiz asebetetzen Zabaletaren azken interpretazio honek. Optimista da, baikorra. Ahatik, ez dakit ba ote dituen gaiaren alderdi guztiak biltzen. Dantza, bizipoza izateaz gain, eta batez ere, mugimendua da, etengabeko mugimendua. Geldoaren kontrakoa da. Ideia horri eutsiz, atal honetan azken deiadarraren interpretazio dinamiko bat azalduko dugu, prozesu filosofian oinarri hartuta.
Mundura ateratzeko deiadarra ez da erokeri ez oilarkeri bat, bizirauteko behar bat baizik
Sustantzialismoa eta prozesu filosofia(k) aurkia eta ifrentzua dira. Sustantzialismoak ederki ongi azaltzen du gauzek nola mantentzen eta irauten duten, aldaketaz aldaketa. Substantzia mantentzen da eta akzidenteak aldatu egiten dira. Hala ere, hain kezkatuta gaude euskeraren biziraupenarekin non ez baitugu erreparatzen hizkuntza beraren aldaketa eta dinamikaren garrantziaz. Prozesu filosofiak, berriz, ongi azaltzen du nola gauzak aldatzen diren etengabe, eta aldaketa horiek, dena desegin eta desitxuratzetik urrun, biziraupenaren gakoa ere izaten direla. Zaila da laburbiltzea Heraklito-tik Nicholas Rescher-era doan prozesu tradizio hori. Hemen hiru ideia nagusi besterik ez ditut aipatuko:
1. Aldaketa ez da bakarrik azaldu behar den zerbait, baizik eta mundua azaltzeko balio digun zerbait. Aldaketa ez da arazo bat besterik ez, baizik eta mundua ulertzeko giltza. Esaterako, Darwinen Hautespen Naturalaren Teoria eboluzioan oinarritzen da, eta eboluzioa, berez, aldaketa da.
2. Aldaketa konzeptuak ez du halabeharrez kaosa, nahastea edo desegitura ekartzen. Aitzitik, aldaketa egitura-ale edo unitate egituratzailea ere izan daiteke. Adibidez, uraren zikloa ibaien (eta, hortaz, bizitzaren) iraupena posible egiten duen aldaketa etengabe bat da. Zer esanik ez zelulei erreparatuz gero.
3. Bi dinamika mota ezberdindu behar ditugu. Batetik transizio-dinamikak. Bestetik iraunkortasun-dinamikak. Zapaburutik igelera doan dinamika transizio-dinamika bat da. Arnas-prozesua, berriz, iraunkortasun-dinamika bat da.
Estandarizaziorako joera hau ez da amaiera duen prozesu bat, baizik eta euskalkiekin mamitzen eta aberasten den prozesu etengabe bat
Nola ekarri guzti hau euskeraren gure kasu honetara? Zantzu batzuk izan, badira. Hemen, xumeki, lau bilduko ditut. Gehiago izanen dira, ziur aski. Hasteko, estandarizazio alderanzko joera, barrutik egindako aldaketa estrukturala dakarrena eta modu natural xamarrean mamitzen dena, Leizarragaren Itun Berriatik oraingo euskera batura. Gainera, estandarizaziorako joera hau ez da amaiera duen prozesu bat, baizik eta euskalkiekin mamitzen eta aberasten den prozesu etengabe bat. Aberastasun eta ulergarritasunaren arteko oreka dinamiko bat da. Bigarrenik, lexikoaren irekiera eta aberaste mantsoa, aldameneko hizkuntzetatik hartutako maileguen garrantzian islatzen dena. Horrek aberaste konzeptual bat ere ekartzen du. Amurizak dioen bezala, ez da gauza bera “irizpide” edo “kriterio” hitzak. Erreferentzia eta etimologia ez baita berbera. Biak behar ditugu. Hirugarrenik, euskera garbiarekiko interes falta, pasa den mendeko aranismo eta halako ildo-ideologiko garbitzaile horien urruntze gero eta handiagoan islatzen dena. Bukatzeko, egitura errezago eta laburragoen aldeko hautaketa, ahozko euskaran zein idatzitakoan. Hizkuntza orotan dakusagun fenomeno honek euskeran ere bere eragina izaten du.
Pika
Hortaz, esanen nuke dantzara jalgitzeko azken deiadar honen esanahia dinamikotasunaren deiadarra da. Euskera ezin da geldo izan. Berezko mugimendua behar du bizirauteko. Edo, hobeto esanda, mugimendua eta aldaketa ere, bada.