Portaerak kodetu

Portaerak kodetu –

Pasatu berri zaigu Euskaraldia eta ibili gara hizkuntza ohitura batzuk aldatzeko ahaleginean, arrakasta handiagoz edo txikiagoz. Baina Euskaraldia baino lehen (eta ostean), behin baino gehiagotan ibili izan naiz euskal herrietako mendietatik eta hainbat ehiztarirekin topatu.

Portaerak kodetuEhiztari horietako gehientsuenak ez ziren ari ehizan bere horretan. Ari ziren txakurrekin, ari ziren txakurren portaerak kodetu nahian, lepokoetan jarritako gailuekin eta zarata arraroa ateratzen duten turutekin. Portaerak aldatzen edo moldatzen edo egokitzen, kodetzen alegia.

Gizakion portaerak kodetzeak ez du izaten prentsa ona, baina txikitatik kodetzen gaituzte gauza batzuk egiteko (eta gauza batzuk ez egiteko). Seguruenik, kodetze lan apartena genero rolek egiten dute (badira generoaren muga-poliziak, antza, hizkuntzarenak?), baina eskolak, hedabideek, konbentzio sozialek, erlijioek, Estatuak, egitura juridikoak eta abarrek behin eta berriro kodetzen dituzte gure portaerak (irakurri Foucault eta bere biopolitika gauza hauek hobeto ulertzeko).

Izan ere, kartzelaren sendoenek ez dute barroterik. Eta askotan akatu behar dugu barruan daramagun polizia (akatu zuren baitan bizi den zinegotzia!). Gure kontraesanen bilduma garelako, hein handi batean. Hortaz, portaera berriak kodetu, zaharrak deskodetu, zaharrak desikasi eta desazi. Hori da bide bakarra eta, horretarako, ezinbestekoa da ahalduntzea (ezen ez ahulduntzea). Ez ala?

Portaerak kodetu