Zein da Jaurlaritzaren he(i)zkuntza-eredu proposamena?

Zein da Jaurlaritzaren he(i)zkuntza-eredu proposamena? –

Zein da Jaurlaritzaren he(i)zkuntza-eredu proposamena?Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak, El Correon adierazi zuenez, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza egitasmoa zehaztu beharko du “errealitate bakoitzari jarraiki, D eredua bera ere ezin baita berdina izan Tolosan eta Barakaldon”. Sailburuak, bidenabar, Hezkuntza Sailak berak emandako ikasleen euskalduntzeari buruzko datu kaxkarrak, D ereduan bertan ikasleak euskalduntzeko zailtasunak daudela ukatu zuen. Era berean, ez zuen hitzik esan segregazioari edo euskararen jabekuntza prozesuari buruz.

Jaurlaritzaren eta gertuko erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da. Eskolak bakarrik ezin ditu belaunaldi berriak euskaldundu. Ikasleek bospasei ordu ematen dituzte ikastetxean egunero, baina ordu horiek eta gehiago ematen dituzte era guztietako pantailen aurrean erdarazko edukiak irentsi eta jan. Erdaraz etengabe elikatze horrek ondorio zuzena, gero eta nabariagoa du ikasleon hizkuntza gaitasunean, gaztelerazkoa areagotuz eta euskarazkoa urrituz. Jaurlaritzak eta Hezkuntza sailak aurre egin behar diote errealitate horri, eskolaren eta bestelako eragileon ahaleginak emaitza egokiak emango baditu. Eskola ez da uharte isolatu bat. Pantailak euskaraz behar ditugu, besteak beste, eta horretan Jaurlaritzak zeresan handia dauka. Baita Hezkuntza sailak berak ere.

EAEko legeriak Eusko Jaurlaritzari ematen dio, derrigorrezko eskolatzea bukatutakoan ikasleek bi hizkuntza ofizialak menperatzera bideratutako neurriak hartzeko eta ikasketa-planen egokitzapena gauzatzeko ardura“Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzean irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatuko ditu, guraso-kuradoreen nahia eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontutan” (Euskararen Legearen 16.2 artikulua).

Eta 17. artikuluan: “Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek… bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara [ikastetxeetako] barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz”.

Hortaz, “Barakaldon eta Tolosan”, derrigorrezko ikastaldia bukatutakoan ikasle guztiek euskara benetan menperatuko badute (gaztelerazko gaitasuna bermatuta dago bietan ala bietan), jakin nahi dugu Jaurlaritzak zein naurri hartuko dituen “Barakaldoko” ikastetxeetan oro har, edota “Tolosan” ikasle jatorriz erdaldun gehien hartzen dituzten ikastetxeetan, horietan baliabide eta tresna gehiago jarri beharko baitira irakasleen eta familien esku, ikasle horiek euskara behar bezala eta lehen bai lehen ikas dezaten, ikasprozesu orokorrari era egokian aurre egin ahal izateko, eta euskara menperatzea oso lagungarri izango zaielako ikasle eta familia askori segregazioari aurre egiteko garaian ere, besteak beste.

Ikastetxeen autonomia ezin du erabili Jaurlaritzak aitzakia gisa bere ardurez beste egiteko. Ikasle guztiek euskara menperatu behar dute derrigorrezko eskolatzea bukatutakoan, gaztelera (bai ala bai) menperatuko duten maila bertsuan; gainera ingelesez (…) maila egokia eskuratu beharko dute. Hori guztia ezin du eskolak bakarrik egin, zein “autonomo eta ahaldun” den ere. Jaurlaritzaren gidaritza, eta batez ere laguntza, ezinbestekoak dira. Areago ikasleek beharrizan handienak dituzten ikastetxeetan. Irakasleen egonkortasuna (funtsezkoa), edota ikasleen (eta irakasleen) euskarazko prestakuntza indartzea ezinbesteko neurriak dira, era berean.

Zer egingo du zehatz-mehatz Jaurlaritzak? Zein da Jaurlaritzaren plana? Planik badauka?

ELAk murgiltze ereduaren alde dihardu, hezkuntza komunitatearen gehiengo zabal batekin batera, EAEko bi hizkuntza ofizialen ezagutza egokia ahalbideratzen duen bakarra baita, bai Tolosan bai Barakaldon.

Podemos eta Bildarratzen hitzetatik uler daiteke, Nafarroan porrot egin duen hiru irakaskuntza-hizkuntza dituen eredua (PAI delakoa) ontzat emango luketela, ondoren eskola bakoitzak “bere autonomiatik” hizkuntza bakoitzaren pisua erabaki dezan.

ELAren eta Hezkuntza komunitatearen gehiengo zabalaren ondorioen arabera, euskara (zein gaztelera) behar bezala ikasteko aukera bakarra euskarazko murgiltze eredua da ordea; horregatik eredu horretan oinarritu behar da hezkuntza lege berria. Honek, behar handiagoak izango dituzten eremuetan baliabide gehigarriak ezartzea ekarri beharko luke, EAEko herri guztietan euskara egoki ikasteko aukera bermatuko bada.

Guk eskolen autonomian sinisten dugu, baina autonomia horrekin batera, gizarte moduan gutxieneko kohesio elementu batzuk bermatuta behar dute, besteak beste, euskararen eta gaztelaniaren behar bezalako ezagutza.

Ados gaude Sailburuarekin euskararekin gatazkarik egin behar ez dela dionean, baina hizkuntza bakearen ordaina ezin da izan hurrengo 30 urteetan eskoletatik euskararen ezagutza nahikorik ez duten gazteak ateratzea.

.

Bakarne Odriozola eta JJ Agirre (ELAkideak)

Zein da Jaurlaritzaren he(i)zkuntza-eredu proposamena?

Oinezkoa

4 pentsamendu “Zein da Jaurlaritzaren he(i)zkuntza-eredu proposamena?”-ri buruz

  • “Euskara ardatz duen hezkuntza eredu eleaniztuna” proposatzen omen du Eusko Legebiltzarrean osatutako “adituen” txostenak. D ereduak ez baditu behar bezalako emaitzak ematen, ez baditu ikasleak espero bezala euskalduntzen, are emaitza kaxkarragoak emango ditu eredu “eleaniztun” batek. Baduzue lana. Eutsi horri!

  • Euskara ardatz duen “eredu eleaniztuna”? Español eta ingeles gehiago, eta euskara gutxiago. Bidaia honetarako, askoz hobe genuen ereduen sistemarekin geratu, A eta B desager zitezen pixkanaka-pixkanaka.
    PSOE pozik omen dago. Ez da ba egongo!

  • Iep. Bigarren iruzkina ezabatu.Eta ELA- ren proposamena? Aldapa behera irakaskuntza publikoan.
    Aurreko arduradunak argi du, zuek?
    https://twitter.com/xabirastorza/status/1491519945984946180?t=otJt7G2ab-Z38HV2lenzBQ&s=19
    Kritika ezabatzea seinale txarra.

  • Eider Berazadi (Xuru) estimatua. Kritikak eraikitzaileak direnean ongi etorriak dira. Baina goitizen baten atzean ezkutatuta potrozorriarenak egitea besterik da. Izango duzu zeregin hoberik, ala?