Zaurgarritasuna (Atik Zra)

Zaurgarritasuna (Atik Zra) –

Zaurgarriak gara, zeharo zaurgarriak. Gure egitura guztiak oso ahulak dira (ikusi adibidez, Ihintz Olideni egindako elkarrizketa), gure kulturgileak oso ahulak, gure kultura industria oso ahula, gure biziberritze tresna gehienak ere ahulak dira (gure tresna nagusia ere, D eredua, ez dabil guk nahiko genukeen moduan, inondik ere), gure komunikabideek ere ez dute behar besteko hedapenik (toki mailan ez bada), eta abar (ez naiz etorri hiztegitxo honetara negar egitera).

Zaurgarriak bai, eta zaurgarriak diren heinean, defendatu behar ditugu tresna horiek guztiak azken barrikada izango balira bezala (eta, era berean, tresna indartsuagoak eta hedakorragoak asmatu eta sortu). Eta tresna eraldatzailegoak eratu (bide batez edo berariaz euskara sustatuko dutenak, hau da, euskaraz eta euskaratik).

Zaurgarritasuna (Atik Zra)Heterodoxian ibili beharko dugu eta ortodoxian, erakundeetan eta erakundeetatik kanpo, iraganetik eta gaurtik eta etorkizunetik (eta oraina biziz etorkizuna desio dugun moduan), ortozik eta botekin eta zapatekin, kanona eta kontrakanona izaten, periferian eta erdigunean eta erdigunearen periferian, euskalkian eta batuan, etxean eta etxetik kanpo, kalean eta kaletik kanpo, auzoan eta auzotik kanpo, karraderan batzuetan eta motel gehienetan, akademiari kasu eginez eta intuizioei kasu eginez, ekintzan eta teorian (eta teoria eta ekintza batzen diren puntu horietan), ikerketan (eta ikerketa aplikatuan) eta dibulgazioan, lokatzetik eta marmolezko harlauzetatik, aldapan gora (gehienetan) eta inoiz aldapan behera, autoz eta oinez, lau hankatan eta tente-tente, eta abar.

Baina, kontuz, zaurgarriak, zeharo zaurgarriak garela ahaztu barik. Eta ahaztu barik ere, gure iragan guztiek etorkizunera begiratzen dutela.

Zaurgarritasuna (Atik Zra)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude