Urriaren 6an denok Baionara | Euskara ofiziala!
Urriaren 6an denok Baionara | Euskara ofiziala! –
MUGARIK GABEKO EUSKARA. OFIZIALTASUNA!
XXI. mendera hizkuntza bizi gisa iritsi izanagatik, euskarak ez du etorkizuna ziurtatua. Herio patuaren zulo beltzetik ateratzea lortu dugu euskaltzaleok azken hamarkadetan egindako ahalegin itzelari esker. Ehunka urtetako atzerakadaren ondoren, euskarak argi printzak ikus ditzake berriz ere. Hala ere, badira indarrak, eta ez txikiak, euskara zulo beltzera itzularazi nahi dutenak. Etorkizuna ukatzen diotenak.
Horrela, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan euskararen desagertze-prozesua oraindik ez dugu etetea lortu. Euskara eta euskaraz bizi ahal izatea kinkan jarraitzen du. Euskaldunok egunero-egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun izatearen ondorioak. Euskararen transmisioa belaunaldi berriei ez dago ziurtatua; milaka dira gutxieneko euskara-ezagutza gabe ere derrigorrezko hezkuntza-aldia bukatzen duten ikasleak. Euskararen ezagutza ahalik eta gehien mugatzeko ahalegin etengabe horren azken katebegia Seaskari irakasle euskaldun gehiago hartzeko une honetan ezartzen zaion oztopoa da. Gaurkoan ere irmoki salatu nahi dugun oztopoa. Era berean, gaur da eguna ondare horren transmisioa jaso ez dugun helduok eskubide hori praktikara eramateko ordaintzen jarraitu behar izaten duguna.
Administrazioan ere euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da. Are okerragoa, euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkari diren politikari askok legearen muga zeharo estuak behin eta berriz baliatzen dituzte euskarari ateak ixteko. Horren adibide dugu euskara ofiziala izendatzeko Ustaritzek hartutako erabakia frantziar estatuak ezeztatu izana, edo, hautetsiek udal batzarretan euskara hutsez hitz egiteko duten debekua.
Eta horrela esparruz esparru zapalkuntza sistematikoaren neurriak etengabe aipa genitzake. Aurrerabide lotsati batzuk eskuratzea lortu dugun arren, euskarak eta euskaldunok zapalduak eta zokoratuak eta izaten jarraitzen dugu gure herrian. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak bigarren mailakoak dira, erdal hiztunen hizkuntza-eskubideekiko menpekotasunean. Hiztun-komunitate gisa ere desegituratu gaituzte. Lur-eremu eta funtzio guztietan derrigorrezkoak erdarak dira, euskara hautazkotasunetik harago nekez doan bitartean.
Aipatu aurrerabide lotsatien artean uda hasieran Euskal Elkargoak euskarari egin zion “aitortza ofiziala” kokatu behar dugu. Guztiz sinbolikoa den aitortza, inolako betekizunik ezartzen ez duena eta guztiz ez-nahikoa dena EHEren ustez. Euskaltzaleon urtetako eskaerak eta borroka neutralizatzea helburu duen hitz-joko dialektikoa dela iruditzen zaigu. Ez baita ofizialtasun izendapen erreala, eta beraz, ez duelako balio gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko; beste era batera adierazita: euskara ofiziala izan gabe jarraitzen du.
Sinbolikoa ez dena, guztiz erreala dena, euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa sistematiko eta iraunkorra da. Onarpen hutsal horrek aldatuko ez duen zapalkuntza estrukturala. Frantziar estatuaren agintari gorenek argi eta garbi adierazi dute ez daudela prest Frantziaren menpeko berezko hizkuntzei izaera ofiziala aitortzeko; beraz, bide horretatik, frantziar zein espainiar estatuen aldetik, euskaldunontzat eta euskararen etorkizunarentzat aterabiderik etorriko zaigunaren esperantza errealitatearekin erkatzeko garaia da. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok ez dugu etorkizunik frantziar zein espainiar estatuaren menpean.
Baina euskaldunok ez gaude errealitate hori onartzeko prest. Euskarari etorkizun oparoa emateko eta euskaraz normaltasunez bizitzeko erabaki irmoa hartua dugu euskaldunok. Euskal Herri euskaldunean bizitzeko erabakia berretsia dugu euskaldunok.
Hori erdiesteko euskararen berreskurapen-prozesuan jauzi egiteko beharra dugu:
- Lege-onarpen egokia indarrean jarri behar dugu. Euskal herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta berreskurapen-prozesuari babes juridikoa emateko. Euskara ofiziala, berezko hizkuntza, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatzetik hasita.
- Euskararen ezagutza unibertsalizatu behar dugu, belaunaldi berriei osoki euskararen transmisioa ziurtatzetik hasita.
- Euskal Herria berreuskalduntzeko plan estrategiko nazionala indarrean jarri behar da, eremuz eremu euskararen ezagutza eta erabilera orokortzeko.
Alta, zalantzarik ez dugu hau guztia ezinezkoa izango dela Frantziar eta Espainiar estatuen menpean. Beraz, burujabetza osoaren beharra nabarmena da:
- Burujabetza zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko.
- Burujabetza hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko.
- Burujabetza inolako mugarik gabe euskaraz bizi ahal izateko.
- Burujabetza Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman ahal izateko.
- Burujabetza kolektiboa herri gisa eta burujabetza indibiduala euskaldun aktibo gisa.
Hori eskuratzeko ezinbestekoa da euskaltzaleon grina eta ekimena; salaketa eta mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa baita. Euskararen borroka herriz herri eta auzoz auzo biderkatzea ezinbestekoa da, eta horretarako deia egiten die EHEk euskaltzaleei. Desobedientzia ariketa erraldoia egiteko unea dugu. Urte amaierako Euskaraldian erakutsiko dugun euskaraz bizitzeko determinazioa, euskararen ofizialtasun errealaren eta normalizazio-prozesuan jauzi egiteko borroka iraunkorrean bilakatzera dei egiten diegu euskaltzaleei.
Norabide horretan, gonbidapena egiten diegu euskaltzale guztiei datorren urriaren 6an, goizeko 11:00tan, Baionako Herriko Etxearen aurrean “Mugarik gabeko Euskara. Ofizialtasuna” aldarriarekin egingo dugun mobilizazioan parte har dezaten.
Egia erran, azken hamarkadetan, euskararen erakaskuntza gehiago egiten da, bainan, nehor kritikatu gabe, euskaldun zaharren desagertzearekin alderatuta, emaitza ttipiegia lortu da, bai kantitatez bai kalitatez Biziki ongi dakizue zergatik.
Itsu egon nahi ez duenak aski du Jm Odriozolaren azken liburua irakurtzea ulertzeko zer den aukera bakarra euskarak biziraun dezan.
Ulergarria da ofizialtasuna errebeindikatzea, ni ez naiz nor edozer kontseilatzeko, bainan onestatez egon ez nagoke hau erran gabe :
Ez dut sinesten Frantziak euskararen ofizialtasuna sekula onartuko duenik. Bere historia guzia eta izaera sakona, horren kontrakoa dago eta.
Bestetik, Eider Lopezek berriki zioen bezala, CAPBa edo delako “elkargoa” frantses egitura baldinbada, honek orduan ez du ezer egiten ahalko berak barnetik estanda egin gabe, bere buruaz beste egin gabe. Begira, ez banaiz oker, euskararen « ofizialtasun ez ofizial » hura iragan bilera bateko aktan sartzeko behar izan du gauza bera errekonozitu gaskoierarentza ere gure Herri guzian.
Bere errola izanen da sinetsi nahi dutenei sinets- araztea.
Gainera gure populuaren ahulezia gero ta nabarmenagoa ikusiz estatu frantsesak pentsatuko duke gure betiko desgerpena belaunaldi baten kontua dela Iparraldean.
Horrengatik emaiten digun dirua lagatzen du xede paliatiboarekin, bai eta ere bere burua xuritzeko. Hau da, egunen batean, munduaren aurrean, balizko kritikoei ihardetsi ahal izaiteko berak egin behar zuena egin arren heriotza naturalez desagertu garela eta kito.
Errealitatea ikusi behar da den bezala, bainan guziz ez etsitu, salba daitekeena salbatu behar da.
Nago ian, Iparraldean behintzat, belaunaldi berriek eremu pribatuak sortu beharko ez lituzkeen nun euskaraz bizi eta lan egin litekeen.
Ez litzateke lehen aldia, munduan eta historian, egoera bertsian, horrelako soluzioa aurkitua izan balitz.