“Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten”

Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten –

UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udako Euskal Unibertsitateak, Azpeitiko Udalak, Gaindegiak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Lurraldea eta Hizkuntza IV: arnasguneen prebentziotik garapenera’ jardunaldia antolatu dute. Udalerri euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira jardunaldian, udalerri euskaldunen izaerari eusteko ezinbestekoa delakoan. Jardunaldia Azpeitian izango da, urriaren 10ean, eta matrikula egiteko epea zabalik dago. UEUren webgunean egin behar da matrikula.

Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten

[Atzo aurkeztu zuten jardunaldia, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako agerraldian. Aurkezpenean Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Josu Labakak, UEMAko lehendakariak; Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak eta Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak hartu zuten parte].

UEMAko lehendakari Josu Labakak eskerrak eman zizkien agerraldian mahaikide izan zituenei, arnasguneen garapena udalerri euskaldunen kezka baino gehiago euskararen normalizaziorako ezinbesteko hizkuntza politiken erdigunean kokatzen ari direlako gero eta eragile gehiago. “UEMArentzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean”, adierazi zuen.

Labakaren hitzetan, “aurtengo jardunaldia giltzarria ez ezik mugarria ere bada udalerri euskaldunentzat. Izan ere, urrats handi bat egitera goaz aurrera. Ez baikara udalerri euskaldunen babesaz eta zaintzaz ariko, garapenaz baizik”. Horren harira, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek, azken urteotako ibilbidean, ondorio garrantzitsuak azaleratu dituztela nabarmendu du Labakak: “garrantzitsuena, hizkuntza politika ez dela euskara sailetik soilik egiten. Beste sailetako erabaki askok egundoko eragina dute hizkuntzan eta, beraz, horiek guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da udalerri euskaldunen izaerari eusteko eta garapenaz hitz egiteko”. Izan ere, “azken batean, udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra, eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du“. UEMAko lehendakariaren hitzetan, “udalerri euskaldunentzat, beraz, lehentasuna da horiek nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea. Horretara dator jardunaldi hau”.

Labakaren aurretik, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak hartu zuen hitza, arnasguneak bereziki zaintzearen eta ondo kudeatzearen garrantzia nabarmenduz: “Arnasguneak euskara eguneroko bizimoduan erabiltzen duten herritarren guneak dira eta horiek babesteak berebiziko garrantzia dauka euskararen biziberritze prozesurako, izan ere, oro har arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen da euskararen transmisioa eta bizirik dago hizkuntza. Beraz, gune horiek bereziki zaindu eta ondo kudeatzen jakin behar dugu. Foru Aldundian baditugu zeharkakotasunez lantzen ditugun politikak, genero berdintasuna eta bizikidetzarekin batera Hizkuntza berdintasuna. Horregatik, gune horietako garapenaren aurreikuspenetan ere hizkuntzari eragin diezaioketen esparru guztiak zaindu behar direla iruditzen zaigu. Hirigintzak, turismoak, lurralde antolaketak… asko dira zuzenean edo zeharka euskarari eragin diezaioketen alorrak eta, beraz, gainontzeko esparru horietan hartzen diren erabakietan ere oso kontuan hartu behar da hizkuntzaren aldagaia. Azken batean, euskararen aldeko politikak ezin dira euskara zerbitzuetatik soilik garatu eta beharrezkoa da gainontzeko esparruen inplikazioa eta konpromisoa. Arnasguneen garapenean eragina duten gaiak landuko dira jardunaldian: arkitektura aintzat hartuta, garapen sozioekonomikoa, kulturala, enpleguaren ikuspegia, identitatearena… Arnasguneen garapenak bere baitan dituen esparruak aintzat hartu eta esparru horiek hizkuntzarekin nola kudea daitezkeen aztertuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat garrantzitsua da hizkuntza eta herrien garapena lotzea, Aldundiak ez baitu etorkizuneko Gipuzkoa euskararen presentzia sendorik gabe ulertzen. Helburu horrekin ari gara lankidetzan, esparru guztietan eta erakunde guztiekin, eta hor kokatzen da, besteak beste, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia. Horrenbestez, euskara zerbitzuetako langile eta arduradunez gain, gainontzeko esparruetako langile eta arduradunak ere jardunaldian izena ematera animatzen ditugu”.

Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak, jardunaldi honek orain arte egin duen ibilbidea laburbildu zuen: “2014an lan arlo hau abiatu genuenetik hona, ibilbide oparoa egin du. Arnasguneek euskararen normalizazioan betetzen duten garrantzia aintzat hartuta, batetik, eta zeharlerrotasun printzipioa kontutan hartuta, bestetik, erabaki genuen proiektuari ekitea, prebentzioaren ikuspegitik. Ibilbidea elkarlanean egitea beharrezko ikusi genuen eta horrek ere ematen dio balioa emaitzari. Dinamika eredugarria izan da. Lau urteotan, hainbat emaitza eman ditu arnasguneei begira landutako Lurralde eta Hizkuntza proiektuak. Lau jardunaldi eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna. Egindako lanak, gainera, eragin du lege garapena (Udal Legea) eta honen aplikaziorako Dekretua. Oraingo ekarpenarekin, beste bide bati hasiera emango diogu, aipatutako prebentzioarenarekin batera garatuko dena. Garapen jasangarria eredu hartuta, garapenerako jauzia egingo dugu aurtengo jardunalditik aurrerako bidean. Oinarri batzuk jarriko dira, norabidea markatuko da, hirigintza planak egiten diren orduan, hasieratik aintzat har dadin hizkuntzaren gaia”.

Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak jardunaldi honek bere udalak lantzen dituen bi lan ildo lotzen dituela azaldu zuen, hizkuntza eta formazioa: “Azpeitia herri euskalduna da oso, baina gure ardura da horrela izaten jarraitzeko neurriak hartzea, eta ziur jardunaldi honek lagungarri zaigun giltza edo pistaren bat emango digula. Elkarlanean osatutako jardunaldi hau Azpeitian izatea pauso garrantzitsua da guretzat. Formazio eskaintza gero eta zabalagoa eskaintzen dugu guk unibertsitateekin elkarlanean, eta topaketa hau hori osatzera etorriko da gurera”.

Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusiak, azkenik, jardunaldiaren egitaraua azaldu zuen. Honakoa da, zehazki:

09:45-11:00. Hizkuntza korridoreak saioa.
Gidaria: Anartz Ormaza (Arkitektoa, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan Unibertsitate Aditua, UEU)
Ekologiaren begiradatik: Itsaso Olaizola (Ekogunea)
Arkitekturaren begiradatik: Iurdana Txintxurreta (Arkitektoa)

11:00-11:30. Atsedenaldia eta kafe etena.

11:30-13:00. Oreka eta garapen endogenoa saioa.
Gidaria: Nekane Altzelai (Ekonomilaria, Gaindegia)
Garapen sozioekonomikoa: Joseba Garmendia (EHU)
Oinarrizko zerbitzuen eskualde garapena: Xabier Bengoetxea (Hezkuntzako hizkuntza normalkuntza teknikari ohia)

13:00-13:30. Sanagustin kulturgunea eta Elikagunea esperientzien aurkezpena.

13:30-15:00. Bazkaria.

15:00-16:30. Kultura eta identitatea saioa.
Gidaria: Gari Goikoetxea (BERRIAko kazetaria)
Garapen soziokulturala: Xabier Aranbarri (Kulturaz kooperatibako gerentea)
Garapen sozioidentitarioa: Lorea Agirre (JAKIN aldizkariko zuzendaria)

16:30-18:00. Mahai ingurua: Tokiko garapena eta hizkuntza.
Gidaria: Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea)
Genero eta lurralde desorekaren ikuspegitik: Miren Elgarresta (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Kulturgintzaren ikuspegitik: Xabier Amuriza (bertsolaria eta idazlea)

18:00-18:15. Ondorioen irakurketa.

Atzoko agerraldian egoterik izan ez zuen arren, Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolak, arnasguneek aldaketak kudeatzeko duten beharra nabarmendu nahi izan du: Gure lurraldea aldaketa garrantzitsuei lotuta bizi da, bestek beste, jarduera ekonomikoen eta gune urbanoen berrantolaketa, mugikortasun fisiko handia eguneroko bizimoduan… Horrek guztiak arnasguneetan eragin nabarmena du. Bertako herritar gazteenen galera, jarduera ekonomikoen egituran aldaketak, eskualdeko herritarrak hartzeko etxebizitza poligono berriak, gure ezaugarri soziokultural eta linguistikoak ezagutzen ez dituzten herritar berriak… Gauzak horrela, arnasguneak, txikienak batez ere, aldaketa kudeatu beharrean daude. Trantsizio horrek, ordea, egitasmo soziokultural eta sozioekonomikoak behar ditu, denak ere ikuspuntu integral eta holistikoz pentsatu eta gauzatuak”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Arnasguneen prebentziotik garapenera (uema.eus, 2018-09-17).
· Lurraldea eta Hizkuntza saioa, urriaren 10ean (Berria, 2018-09-14).
· Lurraldea eta hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera (UEU).
· Azpeitian egingo dituzte UEMAren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak (Uztarria, 2018-09-17).
· Azpeitian egingo dituzte UEMAren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak (Urola Kostako Hitza, 2018-09-17).
· Euskararen arnasguneen garapena aztertuko dute urriaren 10ean, Azpeitian (Europa Press, 2018-09-26).
· Izena eman daiteke Azpeitian egingo den Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian (Urola Kostako Hitza, 2018-09-26).
· Euskararen arnasguneen garapenerako jauzia, urriaren 10ean, Azpeitian (Hamaika Telebista, 2018-09-26).
· Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten (El Diario Vasco, 2018-09-26).
· Arnasguneen garapena ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldian hizpide (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2018-09-26).
· Bideoa: jardunaldia aurkezteko prentsaurreko agerraldia (Hamaika Telebista, 2018-09-26):

Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.