UEUk “BEKADUNA” webseriea estreinatuko du maiatzaren 3an
UEUk BEKADUNA webseriea estreinatuko du maiatzaren 3an
UEUk “BEKADUNA” umorezko webseriea estreinatuko du maiatzaren 3an, bere 50. urteurrena ospatzeko asmoz. Proiektu hau UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute elkarlanean eta Mikel Irazustak eta UEUko lantaldeak egin dituzte aktore lanak. Webseriea lau kapituluk osatzen dute eta asmoa bi astetik behin UEUren youtube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea da. Ikusi hemen aurrerapena:
UEU bere 50. urteurrena ospatzen ari da eta hainbat egitasmoren artean, maiatzaren 3an “BEKADUNA” webseriea estreinatuko dute sarean. Ikus-entzunezko honen helburua urteurrena modu jostagarrian ospatu, oraindik UEU ezagutzen ez duten publikora iritsi eta UEUko komunitatea omentzea da. UEUko ordezkariek esan dutenez, “UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. Askotan gisa honetako urteurrenak oso seriotik joaten dira, eta nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte-hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa. BIRA eta Hiru Damatxokoek The Office telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zigutenean, segituan gustatu zitzaigun eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea ederra litzatekeela pentsatu genuen. Pentsa, 21eko taldetik 16k parte hartu dugu bertan, gehi zuzendaritzako kide batek”.
Webseriea UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute eta emaitzarekin pozik daude denak. Mikel Alvarez, BIRA produkzioko kidearen esanetan: “Ideia zoro asko izaten ditugu, eta askok, ez dute lekurik topatzen. Batzuk ordea, argia ikusten dute. BEKADUNA webserieak, lekua baino, etxea topatu du UEUn. Beste inon ezingo litzateke proiektu hau aurrera atera. A zer taldea! Eta… zeinen ondo pasa genuen Azti M3ra!”. Lander Arretxea Hiru Damatxoko kidea ere oso pozik dago proiektu honekin: “Ez du (behar bada) euskarazko fikzioa salbatuko Baina goiz aldrebes bat baino gehiago bai”.
Egitasmo hau maiatza eta ekainean UEuk egingo duen bazkidetza kanpainaren baitan kokatzen da. BEKADUNA lau kapituluk osatzen dute eta asmoa bi astetik behin UEUren youtube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea da. Tarteko asteetan bestelako edukiak zabalduko dituzte: toma faltsuak, gifak, argazkiak eta abar.
BEKADUNA FITXA TEKNIKOA
SINOPSIA: Simon Eibarrera etorri da lan-elkarrizketa bat egitera, baina urgentzia bat dela eta UEUren egoitza den Markeskoa jauretxean sartu beharko du. UEUko langileek beste pertsona batekin nahastuko dute eta ordutik aurrera dena kilker kaiola bat bihurtuko da…
- Gidoia eta zuzendaritza: Mikel Alvarez eta Lander Arretxea
- Gidoi-laguntzailea: Idoia Torregarai
- Irudia: Leire Egaña eta Beñat Iturrioz
- Argazki zuzendaria: Beñat Iturrioz
- Zuzeneko soinua: Lander LLorens eta Mikel Pintado
- Mikrofonista: Tito Blazquez
- Edizioa: Elba Berganza
- Postprodukzioa eta kolorea: Peru Isasi
- Aktorea: Mikel Irazusta (Barrexerka)
- UEUko “aktoreak”: Irati Iciar, Ireide Arriolabengoa, Aitzol Astigarraga, Alazne Lazpiur, Unai Del Burgo, Zihara Enbeita, Zuriñe Etxanobe, Koldo Garcia, Oihana Gardoki, Nekane Intxaurtza, Uxoa Iñurrieta, Oihane Landazabal, Ainhoa Latatu, Mari Karmen Menika, Ane Sarasua, Idoia Torregarai, Xabi Zubeldia