Udaltzaingoaren lan poltsarako ez da euskararen B2 maila behar, epaile baten arabera

Udaltzaingoaren lan poltsarako ez da euskararen B2 maila behar, epaile baten arabera –

Julen Aperribaik Berria egunkarian.

UGTk jarritako helegitea onartu du Arabako Administrazio Auzitegiak, eta B2 maila ez dutenak atzera onartzeko agindu. Sindikatuak dio 2021eko deialdi publikoak hautagai batzuk «diskriminatu» zituela, eta EAEko Poliziaren Legearen kontrakoa zela.

Udaltzaingoaren lan poltsarako ez da euskararen B2 maila behar, epaile baten arabera
Bi udaltzain Irungo San Juan plazan (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU

Aldeko sententzia jaso du UGTk Araba, Bizkai eta Gipuzkoan udaltzain izateko lan poltsari jarri zion helegitean. Gasteizko Administrazio Auzitegiak ebatzi du ez dela beharrezkoa euskarazko B2 maila egiaztatzea lan poltsa horretarako sarbidea izateko. 2021eko deialdi publikorako oinarrien bigarren puntua baliogabetu du, eta agindu B2 maila ez duten hautagai guztiak deialdian onartzeko.

UGTk helegitean argudiatu zuen 2021ean egindako deialdi publikoak «diskriminatu» egin zituela euskarazko B2 maila aurkezterik izan ez zutenak, uste baitu, herritarrei euren hizkuntzan zerbitzua eskaintzeko gai ez diren arren, gaituta daudela «zenbait lanpostu» betetzeko. UGTko iturriek hedabide honi adierazi diotenaren arabera, sindikatu horren helburua ez da «euskararen kontra egitea», hizkuntza irizpideen kontra egin bazuten ere. Aitzitik, deialdi publikoari helegitea jartzeko arrazoia udaltzainen postuak betetzeko dagoen zailtasuna da, sindikatuaren arabera. Izan ere, udalek deialdi publikoaren aurretik agortutako lan poltsak berritu izan balituzte, hizkuntza irizpidea bete beharrik ez zuketen izango, UGTk azaldu duenez: «Lan poltsak agortuta badaude, zergatik ez zabaldu? 700 udaltzain behar badituzu baina 500i bakarrik uzten badiezu aurkezten, inoiz ez zara kopuru horretara iritsiko. Etxeko teilatura harriak jaurtitzea da».

Gaurko sententzian, gainera, Gasteizko auzitegiak onartu egin du hautagaiek 2019aren aurretik egindako ikastaroak —Arkautiko Ertzaintzaren akademian (Araba) egindakoak— aurkeztu ahal izatea. Hala eskatu zuen UGTk, lan poltsa osatzeko prozedura bi urte beranduago egin bazuten ere. Izan ere, EAEko Poliziaren Legea aldatu zuten 2019an, eta udaltzaingoen lan poltsarako deialdian aldaketa hori epemugatzat jarri zen, ikastaroak euskarazko gaitasunen frogagiritzat aurkezteko orduan. UGTk, ordea, argudiatu du deialdia ez zetorrela bat lege horrek dioenarekin eta, beraz, deialdiaren xedea legea bera aldatzea dela.

UGTk ez ezik, CCOOk ere jarri zion helegitea udaltzaingorako lan poltsari, hautagaiei C2 maila eskatzea «gehiegizkoa» dela argudiatuta. Eztabaida judizialean sakondu dute bi sindikatuek lan poltsaren afera dela eta, baina lehenago ere izan da hizkuntza eskubideak arriskuan jartzen dituen ebazpenik. Iazko maiatzean, esaterako, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntz eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Hautsak harrotu zituen kasu hark. Irungo Udalak helegitea jarri zion ebazpenari, eta euskalgintzako hainbat eragilek gogor gaitzetsi zuten. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta euskaraz bizitzearen alde batu, Eskubide murrizketarik ez! lelopean.

.

Laudioko kasuko epaile bera

Ana Maria Martinezek epaileak eman du lan poltsari buruzko sententzia; hain justu, otsailean Laudioko Udalaren kontrako sententzia eman zuen epaile berberak. Orduan, udal hari agindu zion berriro har zezala 2020an zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario bat.

Sententziak berak bainoago, haren argudiaketak eman zuen zeresana. Langile ohiaren aldeko epaia arrazoitzean, epaileak argudio hau erabili zuen: euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena dela», eta zenbait zerrendatan, «lehena».

.

Kontseilua, eskubideen «judizializazioaz»

Gaur argitara emandako ebazpena «gogor» salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Herritarren eskubideen planora eraman du auzia, sententzia horien kontrakotzat jota. Auzitegiek «herritarren eskubideen aurkako hizkuntza politika» egiten jarraitzen dutela salatu du Paul Bilbao idazkari nagusiak: «Onartezina da herritarren hizkuntza eskubideen urraketak betikotuko dituzten ebazpenak argitaratzea. Bada garaia herritarren eskubideak erdigunean kokatzeko. Auzitegien helburua herritarren interesak eta eskubideak defendatzea izan beharko litzateke, baina kontrako norantzan ari dira», adierazi du.

Auzitegiak, gainera, hizkuntza politika egitean tematuta ikusten ditu Bilbaok: «Azken hilabeteotan esaten ari gara auzitegiak hizkuntza politika egiten ari direla, euskaldunon eskubideen aurkako ofentsibari jarraitzen diotela. Alta, gaurko ebazpena kate horretako beste katebegi bat besterik ez da. Horrexegatik, honi guztiari modu bateratuan erantzun behar zaiola uste dugu».

Udaltzaingoaren lan poltsarako ez da euskararen B2 maila behar, epaile baten arabera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.