[Simone Weil] Erroztamendua XXXV

Erroztamendua XXXV –

Horrelako jabea irudikatzen badugu bakarrik bizitzen, parekiderik sekula kurutzatu gabe, inorekiko harremanik gabe bere esklaboekin izan ezik, nola helburu berezi bat sor litzaioke bada buruan? Asegabeko helbururik ere ez dauka. Bilatuko ote du, bada, bere esklaboen ongia? Kasu horretan biziki gaizki arituko zen zeren eta izatez esklaboak krimenaren eta zorigaitzaren biktimak baitira. Entseiatzen bagina esklaboei sentimentu onak inspiratzen, haien zortean on den guzia zenbatuz—lehen esklabotza aldeko predikatzaileek Amerikan seguraz ere egiten zuten bezala–  ongiaren parte hori zein mugatua den ez dugu erakusten baizik, zein disproportzio den nausiari esleituriko potentzia eta ongiaren eta gaizkiaren parte bakoitzaren artean. Nola ez giniezake ezkuta esklaboei beren zorigaitza, esplikatuko ginieke euren falta dela malurusak badira. Bainan berrespen hori onartzen badugu, ez du inolaz ere argitzen zer izan litezkeen jabearen xedeak. Eta ezinezkoa da xede horiek irudikatzea baizik eta Jainkoaren  kapritxoak balira bezala, zeinen batzuk begirunezkoak liratekeen. Eta izatez horrela ditugu benetan irudikatzen.

Erroztamendua XXXV

Unibertsoaren estrukturan jabearen begirunearen zantzuak ikusteko saialdi guziak, salbuespenik gabe, dira Bernardin de Saint Pierren meloien eta familiako afarien inguruko esaldiaren maila berekoak. Saialdi horietan inkarnazioaren ondorioei buruzko burutazio historikoetan aurkitzen den absurdutasun bera aurkitzen da. Gizonak unibertsoan ikusten duen ongia finitua, mugatua da. Bertan Jainkoaren ekintzaren zantzua aurkitzea, Jainkoaz ongi finitua mugatua egitea da. Eta hori blasfemioa da.

Amerikaren aurkikuntzaren azken urteurrenaren karietara, New yorkeko aldizkari katoliko batean, gogoeta abila batek adieraz ditzake historiaren mota bereko analisi saialdi batzuk. Erraiten zuen Jainkoak zuela Kristobal Kolonb Ameriketara igorri, zenbait mende geroago Hitler garaitzeko gai izango zen herri bat egon dadin; Aldizkari hau Bernardin de Saint Pierre baino askoz txarragoa da oraindik; hau lazgarria da; Iduriz, Jainkoak ere kolorezko arrazak erdeinatzen ditu: Amerikako populuen suntsiketa ez zaio guti baizik axola XX. mendeko Europarren salbamenarekin alderatuz; eta ez zien salbamena ekartzen ahal baliabide gutiago odoltsuarekin. Kristobal Kolon lau mende baino gehiago aurretik Ameriketara igorri beharrean, sinets ginezake errazago izanen zitzaiola norbait igortzea Hitler erahiltzera 1923ko urtearen inguruan.

Makur izango ginateke pentsatzen baginu hori ohiz kanpoko tontokeria-mailakoa dela. Izan ere, historiaren interpretazio probidentzialak oro maila zehatz horretakoak dira beharrez. Bossuet-en kontzepzio historikoaren kasua da. Lazgarria eta txepela da denbora berean, asaldagarria inteligentziarako eta bihotzerako orobat. Hitzen ozentasunari sentibera izan behar da, alabaina, prelatu milikari hori izpiritu handitzat edukitzeko.

Probidentziaren nozioa bizi pribatuan sartzen dugularik, emaitza ez da gutiago irriegingarria. Ihurzuria norbaitetik zenbait zentimentrotara eta bera hunkitu gabe erortzen delarik, askotan pentsatzen da probidentziak duela salbatu. Baina kilomentro batera aurkitzen direnek ez dute pentsatzen bizia Jainkoaren esku hartze bati zor diotela. Iduriz, unibertsoko mekanismo batek gizaki bat erahiltzear duenean, Jainkoak bere buruari galdatzen dio gustatzen zaion ala ez gizaki haren bizia salbatzea, eta hori erabakitzen badu, esku-kolpe kasik ikusezina emaiten dio mekanismoari. Ihurzuria zentimetro batez lekuz aldatzen ahal da bizi bat salbatzeko, baina kilometro batez ezin du, ezta bakar-bakarrik ihurzuria erortzen eragotzi ere. Sinetsi behar da horrela pentsatzen dugula. Bestenaz pentsatuko ginuke gure biziaren instant orotan Probidentziak eragiten duela ihurzuriak ez gaitzan hil guganik zentimetro batera erortzen denean bezala. Gizakia ihurzuriak erahila izan ez dadin Probidentziak ekiten ez duen une bakarra da ihurzuriak erahiltzen duen momentu bera, bederen hori gertatzen bada. Gertatzen ez den guzia Jainkoak maila berean eragotzia da. Gertatzen den guzia Jainkoak maila berean baimendua da.

Fin berezietarako Jainkoaren esku hartze pertsonala eta partikularra onartzen dituen Probidentziaren kontzepzio absurdua egokiezina da egiazko fedearekin. Baina ez da egokiezintasun nabaria. Egokiezina da munduaren kontzepzio zientifikoarekin, eta hor, egokiezintasuna nabaria da. Hezkuntzaren eta ingurunearen eraginpean Probidentziaren kontzepzio absurdu hori daukatenek munduaren kontzepzio zientifikoa ere daukate, eta horregatik haien izpiritua zatikatzen da bi konpartimentutan, zeinen artean pareta hermetikoa dagoen; bata munduaren kontzepzio zientifikorako; bestea Jainkoaren Probidentzia pertsonalak ekiten duen arlorako. Horregatik beretik ezin dute pentsatu ez bata ez bestea. Gainera bigarrena pentsaezina da. Fedegabeek, inolako errespeturik geratuak ez direnek, erraz ikusten dute probidentzia pertsonala eta partikularra erridikulua dela, eta horregatik haien begietan sinismena bera ere erridikulua bilakatzen da.

Erroztamendua XXXV Erroztamendua XXXV Erroztamendua XXXV Erroztamendua XXXV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Erroztamendua XXXV”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2022-09-23 10:38

    SW usu ikusi dugu, hemen bezala, Jainkoaren, probidentziaren eta erligioaren kontzepzio idolatroak kritikatzen baita Elizaren instituzioak horretan daukan erantzukizuna uzkurtasunik gabe salatzen ere. Datorren astean, pasarte (enetako) oso inportante batean, SWek esplikatuko digu metafisiko horietaz berak egiten dituen gogoetak, ez idolatroak ( azken bi hitz hauek ene gain!).