Udaltopen, hizkuntza legea hizpide

Udaltop

Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak Lasarte-Orian egingo dira apirilaren 29an eta 30ean

Hiru aste eskas falta dira Udaltop Euskara Zerbitzuen Topaketaren seigarren ediziorako. Aurtengoan, hizkuntza legea izango dute hizpide apirilaren 29an eta 30ean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean.

“Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntzan galdu gabe?” izenburupean, besteak beste, Eusko Jaurlaritzan lantzen ari diren Udal Legeaz ariko dira: zertan hobe dezakeen udaletako hizkuntza-politika, nola arautu daitekeen, legea hobetzeko proposamenak, eta abar. Era berean, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako errealitateen berri emango da, beti ere hizkuntza legea oinarri hartuta.

Orotara, bederatzi hitzaldi izango dira. Eta tartean izango dira Zelai Nikolas, Eusko Jaurlaritzako legelaria; Iñigo Urrutia, EHUko zuzenbide irakaslea; Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria; edota, Laura Perez, Nafarroa Aldatu Ahal Duguko idazkari orokorra.

Hemen aurki dezakezue honetarako osatu den egitaraua.

Izen-ematea

Egunotan zabalik da Udaltopen izena emateko epea –apirilaren 17an itxiko da–. Bertaratzeko interesa duzuenok, www.udaltop.eus webgunean duzue izen-emateko aukera. Prezioa 80 €koa da, bi egunetako otorduak barne.