Venezuelara joan eta etorri, Majaris de la Sorna

Venezuelara joan eta etorri, Majaris de la SornaAtresmedia komunikazio taldeko “En tierra hostil” saio sentsazionalistako gidaria da Jalis de la Serna, eta honen ikasle fina Majaris de la Sorna kazetaria. Irakaslea munduan zehar diren lurralde arriskutsuenetan barneratzen bada -Venezuelari buruzko saio polemikoa emititu zuten martxoan-, kazetari nafarrak Iruñeko eskubide zibilen zapalketa erakusten du Ahotsa.info-k ekoiztutako “En tierra hostil” saioaren parodietan. Orain arteko biak Ameriketara ere heldu dira, eta @JarisDeLaSorna-k sona du jada Venezuelan.

Kutsu satirikoa duten arren, benetako irudiak eta gertaera errealak kontatzen dituen saioa Ameriketara heldu da, eta Venezuelako telebistak eskaini dion arretaren ondotik -Majaris de la Sornak, izar baten gisara, agur bat bidali zien venezuelarrei (hemen duzue ikusgai)-, bueltan kalapita piztu du (batez ere eskumako) espainiar komunikabideetan.

 

Euskaldunak bahituak dituztela diote!

Saioaren lehen atala ZUZEU orainkarira ere ekarri genuen, “`En tierra hostil´ telebista saioa Arnaldo Otegiz galdezka” izeneko sarreran, eta bigarrena Venezuelako telebista publikora heldu da (VTVCanal8), bertako “El desayuno” saioan erreportajearen berri emateaz gain Iñigo Orduña (Majaris de la Sorna) eta honen kide Sergio Labayen elkarrizketatu dituzte-eta. Atzora arte, bost egunez jarraian! agertu dira Ahotsa.info eta bertako berri-emaile Majaris de la Sorna Venezuelako telebista publikoan -ikus-entzuleek eskatuta erreportajeak berriro emititzera heldu ei dira-.

Iruñeko giza eskubideen urraketak agerian uzten dituen parodiak gizartearen adar batzuk urduritu ditu baina. La Vanguardiak “Venezuela contraataca con un reportaje satírico sobre España en guerra” lerroburupean eman zuen berria, eta “Venezuela emite un reportaje de una España `en guerra´ donde secuestran a los vascos” dio El Confidencial-eko izenburuak. Periodista Digital atariak gordinean “El Gobierno chavista de Venezuela usa vídeos proetarras para atacar al Gobierno español” idazten du, eta “La televisión pública venezolana utiliza vídeos abertzales para difamar al Gobierno español” Vocento taldeko ABC-k. Erreportajea argitaratu izanaz kexu ziren guztiak ere.

Gainera, Maduro-ren Gobernuari egotzi diote ardura gehienek, “En tierra hostil” saioak Venezuelaren irudi negatiboa ematearen ordain gisa sortutako parodia dela esanda -Amerika Latinoko kazetari askok ere Venezuelako Gobernuaren partaidetza izan duela esan dute-, nahiz eta Ahotsa.info-k behin eta berriz argitu ez dutela sosik jaso Ameriketatik. Gauzak horrela, Twitter-en babes kanpaina bat ere izan da berri-emailearen alde, #JesuisMajarisdelaSorna traolarekin, trending topic (gairik aipatuenetakoa) izatera iritsi zena.

#Jesuismajarisdelasorna

Ahotsa.info-ren bi parodiak Youtube atariko 100.000 ikustaldietara hurbildu ahala, kalapitak koska bat gorago egin eta Iruñeko Udalean UPN alderdiak ohar bat plazaratu du Diario de Navarra egunkarian, Majaris de la Sornaren lana manipulatzailea dela salatuta.

Iruñeari buruzko dokumentalak Nafarroaren hiriburuko irudi faltsutua ematen duela dio UPN-k: “munduko bazterrik arriskutsuenetakoa balitz bezala” aurkezten baitu; “kalean ibiltzeak beldurra ematen du, edozein unetan gerta baitaiteke Giza Eskubideen urraketa bat”. Bideoa argitaratzearen ardura Ezker Abertzalearena dela adierazi duen eskumako alderdiaren esanetan baina, “gure hirian ez da sekula Giza Eskubiderik urratu, eta pairatu duen indarkeria bakarra urtetan ETA talde terroristak eragindakoa izan da”.

Aste bakar baten buruan Atlantikoaren bi ertzak zipriztintzea lortu du Ahotsa.info-k, eta aspaldiko epic fail bikainenari esker -kategoria horretan sartzen da?-, “En tierra hostil” saioa `troleatuz´, parodiaren bidez Euskal Herriaren berri nazioartean ematea lortu dute. Majaris de la Sornari venezuelarrari orain euskaldunei salsa dantzatzen irakastea baino ez zaio falta; ez da erronka makala.

 

* “En tierra hostil, Pamplona (Basque Country): Reportero venezolano entrevista opositor vasco” da Ahotsa.info-ren parodiako bigarren atala, Sabino Cuadra Amaiurko parlamentaria elkarrizketatzen duena.