Udaltopen hamargarren edizioak 270 partaide bilduko ditu

Udaltopen hamargarren edizioak 270 partaide bilduko ditu –

Ostegun eta ostirala bitartean bederatzi hitzaldik, proposamen berri baten aurkezpenak, ekarpenak eta sorpresak osatuko dute egitarau oparoa

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketei, ostegunean, emango zaie hasiera Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Hamar urte beteko dituzten honetan Euskaraldia izango dute oinarri jardunaldiek, Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak izenburupean.

Bederatzigarren edizioan hasitako bideari jarraipena emango zaio beraz ostegun eta ostiralean. “Ate joka ditugun erronkez hausnartzeko eta etorkizun hurbileko estrategiak zirriborratzeko baliatu nahi dugu aurtengoa. Azaroan abian jarriko dugun ekimena izango da arreta-gune nagusia, eta horri lotutako hainbat gai izango ditugu mahai gainean”, aurreratu dute antolatzaileek.

Udaltopen hamargarren edizioak 270 partaide bilduko dituEkitaldian, hizlarien eta parte hartzaileen artean Euskal Herriko txoko guztietako 270 partaide bilduko dira, inoizko parte hartze handiena: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak. Marka guztiak hautsiz dator hamargarrena ere.

.

Bederatzi hitzaldi, proposamen berri bat, ekarpenak eta sorpresak

Beste urtebetez antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu du aurtengo ediziorako: bederatzi hitzaldi, proposamen berri baten aurkezpena, proposamenari ekarpenak egiteko saioa, ekarpen lana eta amaiera ekitaldia. Azpimarratzekoa Colin H. Williamsek, Cardiff eta Cambridge Unibertsitateko ohorezko irakasleak, emango duen hitzaldia. Eta hamargarren edizioarako sorpresaren bat edo beste. Sorpresa izanik, ez dute pista gehiagorik eman, “ostegun arratsaldeak izango du lanetik bezala ospakizunetik”, aurreratu dute.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak eta Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak abiatu dute edizio berri hau, Pilar Kaltzadaren, Linking Ideas Estrategia eta Komunikazio enpresaren zuzendariaren gidaritzapean.

.

Biltzar profesionalak, hamar urte

2009az geroztik udaletako euskara zerbitzuak elkarrekin topo egin dute Udaltopi esker. “Udaletako euskara teknikarien, eta azken urteotan gehitu zaizkigun bestelako eragileen, biltzar profesional” gisa definitu dute.

Atzera begirako bat eginez, Udaltopek 10 urteko ibilbidean “udaletako hizkuntza politikaz goi mailako bilduma” eratu duela diote, beti ere “udalerri mailan aplikatuak eta aplikagarriak diren gaiak eta esperientziak pilatuz”. Eta pilaketa horretan, 1.600 parte hartzaile, 145 hizlari aditu eta gai desberdin asko landu dira, besteak beste, familia transmisioa, aisialdia, udalen hizkuntza politika, herritarren aktibazioa, udalen erabilera planak, udalen legea, kirol jarduerak, eta abar, “ikuspegi orokor batetik, euskararen erabilera soziala arnas-berrituz”.

Udaltopen hamargarren edizioak 270 partaide bilduko ditu