Inboluzioaren mozala

Inboluzioaren mozala –

Azken hilabeteotako gertakariek argi eta garbi erakutsi dute Eskubide Zibil eta Politikoei aurre egiteko nolako tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua den Mozal Legea (eta Zigor Kode berria) lurralde krisian, ekonomikoan eta sozialean murgilduta dagoen Estatu espainiarrarentzat. 2015eko uztailaren 1ean indarrean sartu zenetik, etenik ez dute izan oinarrizko Giza Eskubide ezberdinen aurkako erabakiek zein polizia ezberdinen gehiegikeriek. Protesta sozial zein politikoaren aurkako jazarpen judiziala nahiz poliziala indartu da etengabe, Estatu espainiarrak bizi duen inboluzioaren seinale argia.

Inboluzioaren mozala

Horren froga dira Mozal Legea 2015ean indarrean sartu zenetik 2017ko martxoa bitarte estatu espainiarrean jarri ziren 285.919 isunak, eta zigor horien bidez bildu ziren 131.470.026€ak, Barne Ministerioaren datuen arabera. Emaitza hauek 2017 eta 2018an asko handitu direla aitortzen dute, oraindik datuak eman ez badizkigute ere.

Hego Euskal Herrikoa ere, emaitza izugarria da. Eleak-Libre Mugimenduak azaldu duen moduan, 2015-2017 bitartean 11.000 aldiz baino gehiagotan erabili dute Mozal Legea. EAEn Ertzaintzak 8.000 espediente martxan jarri ditu eta Polizia Foralak beste 3.000 Nafarroan, bi legebiltzarrek Mozal Legearen aurkako iritzi eman duten arren, eta lehenak 2016ko Legebiltzarreko eztabaidan Lege hori aplika ez dadin eskatu bazuen ere. #PNVSTYLE famatua.

Eta non dago tamaina bereko gure erantzuna? Ez dago. Horregatik da ezinbestekoa gai honi lehentasuna emango dion ELEAK-Libre taldeak auzoz auzo, herriz herri, martxan jartzea eta dinamika laranja desobedienteak toki eta esparru guztietan piztea eta indartzea. Mozal Legea gainditzen ez badugu, itoko gaituzte.

Kontuan izan behar dugu Mozal Legeak edozertarako aukera ematen diela. Rapa abestea delitua bihurtu dute, Valtonyc, La Insurgenciak edota Haselek erakutsi duten moduan; txioak idaztea ere bai, Alfredo edo Cesar Strawberryn kasuan; txiste politikoak sarean banatzea ere bai, Cassandra Verak erakusti duen moduan; pailazo sudurra jartzea eta pikoleto baten alboan jartzea ere delitua da, Jordi Pesarrodonaren kasua lekuko; poliziaren erasoen argazkiak argitaratzeak ere epaiketa ekar lezake, Argiako Axier Lopezekin egin zuten moduan; muralak pintatzea -Zumaiako horma-irudia lekuko-, pankartak edo kartelak jartzea,  panfletoak banatzea… dena da delitua Hego Euskal Herrian. Loiolako Herri Harresian atxilotuak izan zirenekiko elkartasuna adierazteagatik Estebani eta Beñati 25.000 €ko isuna jarri zieten. Eta, orain, Donostiako Udalak Askekintzako kideei Plaza Berrian Santomasetan jartzen den zerri espazioan eserialdi bat egiteagatik 7.200€ko isuna jarri die, Udaltzaingoaren salaketaren ondoren.

Polizia epaile bihurtuz, dena delitu bihurtu dute, eta bereziki sare sozialen erabilera. Interneten erabilera kriminalizatu nahi dute, informaziorako eskubidea zapuzteko eta kritika politikoa neutralizatzeko. Guztiok beldurrarazi nahi gaituzte, gaur besteei gertatu zaiena, bihar guri gerta dakigukeela erakutsiz.

Gauzak horrela, azken hiru urteotan Estatu espainiarrean askatasun demokratikoen eremuan eta, zehazki, Eskubide Zibil eta Politikoen esparruan, atzera eta atzera egin da. Dagoeneko milaka eta milaka izan dira  arrazoi politikoengatik zigortu dituzten herritarrak Estatu osoan. Katalunian, esate baterako, Omniun Cultural elkarteak 20.000 isun jaso izana salatu du dagoeneko. Ukaezina da Estatuak Mozal Legea disidentzia politikoa eta kritika soziala zigortzeko sortu duela, eta desobedientzia zibilaren aurrean noraino joateko prest dagoen garbi erakutsi du: 155 artikulua. Gure autonomiak, soberaniarik gabeko tutoretzapeko instituzioak baino ez dira.

Eta PPk Estatuko instituzio nagusietan izan zuen gehiengoa galdu badu ere, oinarrizko Giza Eskubideak ukatzen edota zapuzten dituen Mozal Legeak indarrean jarraitzen du. Gasteizko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean ELEAK-Librek egin zuen agerraldian ikusi zenez, ez dirudi indar politiko espainiar nagusiek eta hauen aliatu autonomikoek Mozal Legea osorik indargabetzeko inolako interesa dutenik, jendarte mugimenduek horixe aldarrikatzen duten arren. Kasurik onenean, Mozal Legea birmoldatu egingo dute, PNVk eta PSOEk eskatu duten moduan. Mugimendu sozialen aurkako 155. artikulua den Mozal Legea “demokratizatu” egingo dute, ondoren aplikatzen jarraitzeko. Mozal Legearen indargabetzerik ez da inon aipatzen…

Inboluzioaren mozalaLarrialdi egoeran gaude dagoeneko. Jendarte mugimendua izugarri oztopatzen ari dira eta desmobilizazioa indartu nahi dute. Gogora dezagun, historikoki Ezker Abertzalea suntsitu edota asimila ezina izan bazaie, besteak beste,  jendarte mugimendu zabal eta anitz baten ispilua eta emaitza izan delako izan dela. Baina Euskal Herrian dagoen mugimendu soziala eta herri dinamika aberatsa neutralizatzea eta desmobilizatzea lortzen badute, erabat integratu eta instituzionalizatuko dute Ezker Abertzalea, beste ezkerreko eragile politiko batzuekin egin duten moduan. Eraldaketarik ekarriko ez duen botere instituzionalaren truke, gure klase eta nazio helburuak baztertzera bultzatu nahiko gaituzte. Horretan bat datoz indar espainiar guztiak eta baita PNV ere. 78ko hango eta hemengo erregimenaren helburua bera da. Herrigintza ezinezkoa bihurtzeko egoera lantzen ari dira.

Eta horregatik guztiarengatik, ezin diegu desobedientzia zibila delitu bihurtzen utzi. Ezin diegu indarkeriarik gabeko klase edo nazional borroka, biolentzia ala terrorismoa dela esaten eta argudiatzen utzi. Desobedientzia, kolaborazio eza, intsumisioa edota ekintza zuzena delituak ez direla pentsatzen dugun guztiok elkartu eta hauek praktikan jarri behar ditugu, jasaten ari garen erasoei aurre egin nahi badiegu behintzat. Joko arauak aldatzen ez baditugu, gure helburuak ez ditugu lortuko. Eta horrekin batera, gure alternatiba osatzen duten proiektu komunitario autogestionatuen garapenari garrantzia estrategikoa eman behar diegu. Beraiek inposatu nahi diguten ereduari aurre egingo diegu, gurea eraikiz. Hori da bidea.

Gure eskubideen eta askatasunaren defentsan eta praktikan makur-ezinak izan behar dugu. Biolentziarik gabeko gure erresistentziak irmoa eta etengabea izan behar du, jokabide horrek beraien diskurtso juridiko politiko osoa desegingo duelako. Gure biolentzia nahi dute, dena legez kanpo jartzeko eta beraien gure aurkako erasoa sozialki legitimatzeko. Probokatzaile profesionalak dira, baina ez gara beraien jokoan eroriko.

Estatuaren errepresioa, erregresioa eta zentralizazioa gu eta gure askatasun proiektua indartzeko tresnak bihurtu behar ditugu. Gure aurkako zenbat eta eraso gehiago, orduan eta erantzun mobilizatzaile handiagoz erantzun behar dugu, Altsasu, M8, pentsionistak edota “Manada”ren kasuetan egin dugun moduan. Eta borroka horiei guztiei dimentsio nazionala emateko, gure Eskubide Zibil eta Politikoen defentsaren ardatzean kokatu behar ditugu.

Horretan indartsuagoak izan behar dugu, nekaezinak, iraunkorrak, tematiak. Erresistentzia zibilaren eta desobedientziaren estrategiak garatu behar ditugu. Erresistentzia zibilaren txanda da, eraikuntza nazional eta sozialarena, matxinadarena. Bide horretatik -eta ez beste inondik- etorriko da independentzia eta euskal sozialismoa bermatuko dituen Euskal Estatua. Arcadi Oliveresek esaten duen moduan, desobedientziarik gabe, munduak ez lukeelako aurrera egingo.

Inboluzioaren mozala
Inboluzioaren mozala
Inboluzioaren mozala
biolentzia, desobedientzia, Eleak, errepresioa, eskubide zibil eta politikoak, eskubideak, estrategia independentista, Inboluzioaren mozala, inposizioa, libre, Mozal Legea, zentsura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude