Udaleko haur eskoletan hezitzaile eta zuzendari lanpostuetan euskarazko hizkuntz profila jartzerik ez zen onartu
Udaleko haur eskoletan hezitzaile eta zuzendari lanpostuetan euskarazko hizkuntz profila jartzerik ez zen onartu –
UDALEKO HAUR ESKOLETAN HEZITZAILE ETA ZUZENDARI LANPOSTU GUZTIETAN EUSKARAZKO HIZKUNTZ PROFILA JARTZERIK EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN; EUSKARAZKO ESKAINTZA AUZO GUZTIETARA ZABALTZEKO PLANGINTZA EGITERIK ERE EZ
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.
26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Bosgarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.
BOSGARREN ALEGAZIOA.
25. artikulua:
“Haur Eskolak.
Udalaren haur-eskoletan euskaraz ikasteko plazak eskainiko dira, halako eran non familien eskubideak ahalik eta hobekien bermatuko baitira aske hauta dezaten seme-alabendako hizkuntza-eredua”.
25. artikuluari alegazioa.
“Bigarren eta hirugaren pasarteak gehitzea:
Horrexegatik, zuzendari eta hezitzaile lanpostu guztiek euskarazko hizkuntz profila izanen dute.
Iruñeko Udalak plangintza eginen du euskarazko eskaintza Iruñeko auzo guztietan zabaltzeko”.
Arrazoia:
Hizkuntz eredua aukeratzeko familien hautu askea bermatzeko modu bakarra da. Beharrezkoa da Haur Eskoletako langileek Iruñeko bi hizkuntzak jakitea (euskara eta gaztelania). Bietako bat ez badakite, eta kontuan izanik lanean 35 urte eman ditzaketela, horrek guztiz baldintzatzen du gurasoen hautu askea. Ezin da aukeratu hizkuntz eredu bat langileak prestatuta ez badaude. Langile guztiek prestatuta egon behar dute gaztelaniazko eta euskarazko ereduetan aritzeko. Bestela, guztiz irreala da aukeratu ahal izatea.
Langile finkoen eskubideak errespetatu behar dira, baina lan deialdiren bat egin behar den bakoitzean, baldintza hori kontuan hartuta egin beharko litzateke.
Auzo guztietan euskarazko eskaintza zabaltzea beharrezkoa da gurasoen hautu askea bermatzeko.
IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.
Ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da.
Proposatzen denak administrazio-egintza baten izaera dauka eta, horrenbestez, ez du Ordenantzak arautu behar. Lanpostuen gaineko azterlana oinarri hartuta erabakiko da zenbat zuzendaritza-postutan eskatuko den euskarazko hizkuntza-eskakizuna, eta Ordenantzak konpromisoa hartzen du hura egiteko.
ERANTZUNAREN BALORAZIOA.
Ziur aski “zenbat zuzendaritza-postutan eta hezitzaile-postutan” erran nahiko zuen Udalak. Gerorako uzten da, baina lanpostu guztietan euskarazko hizkuntza-eskakizuna jartzeko asmorik ez dutela nabaritzen da. Edozein modutan, Euskararen Ordenantzaren testuak ez du horretarako bermerik eskaintzen.
Alde batetik, hauxe dio: “Udalaren haur-eskoletan euskaraz ikasteko plazak eskainiko dira, halako eran non familien eskubideak ahalik eta hobekien bermatuko baitira aske hauta dezaten seme-alabendako hizkuntza-eredua”. Bestetik, 13 haur eskoletatik 9tan gaztelaniazko eredua eskaintzen duenez (ingelesezko jarduerekin horietako lautan), horietan euskarazko hizkuntza-eskakizunak lekuz kanpo ikusi ditu orain arte. Haur eskola horiek dauden auzoetan, gurasoen hautu askea bermatzen da? Lanpostuen ia % 70ean ez bada bermatzen euskararen ezagutza, nola hautatuko dute gurasoek modu askean euskarazko eredua. Euskarazko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan, langileek euskara eta gaztelania badakizkite. Beraz, horiekin ez dago arazorik. Langile guztiek bi hizkuntza baldin badakizkite, orduan bai, gurasoek hautu askea egiterik izanen dute, pertsonalarekin arazorik ez delako izanen, ez euskarazko eredua eskaintzeko, ez gaztelaniazko eredua eskaintzeko.
Onartutako Ordenantzaren testuak bere baitan dauka ezintasuna. Gaztelaniaz besterik ez dakiten hezitzaileak 35 urterako kontratatuta, fikziozkoa da gurasoen hautu askea.
Iruñeko Udalak ez du onartu plangintza egiterik euskarazko eskaintza Iruñeko auzo guztietan zabaltzeko. Garbi dago bere asmoa. Herritarren presioaren ondorioz, agian zabalduko du euskarazko eskaintza. Berez, asmorik ez du. Hau guztia “aldaketaren aldeko” gobernu taldearekin gertatu da. UPNk hartu du aginte makila orain. UPNk eginen du plantillaren azterlana. Euskarazko haur eskolak gutxitu nahi omen ditu. Oraingo egoera mantentzea (euskarazko lau eskola) zen laukoaren asmoa. Gurasoen hautu askearena, edukirik gabeko esaldi hutsa beti ere.
OHARRA: 91 hezitzaile lanpostu finko betetzeko deialdiarekin lauko gobernuak oraingo egoera finkatu nahi zuen. Benetan, gaztelaniazko bederatzi haur eskola finkatzen zituen. Euskarazko lau haur eskoletan euskarazko hizkuntza-eskakizuna jarrita ere, eredua aldatzeko arazorik ez dago, hezitzaile horiek gaztelaniaz ere dakitelako. Momentuz, UPNk bertan behera utzi du deialdia eta hizkuntz ereduen etorkizuna finkatu gabe dago, horren ondorioz.