Txibite Garan eta Diario de Noticias de Navarran

Txibite Garan eta Diario de Noticias de Navarran –

Maria Txibitek berriz ere lortu du Nafarroako lehendakari izatea. Hori dela-eta, Gara eta Diario de Noticias de Navarra egunkariek Txibiteri buruzko profila argitaratu dute, haren ibilbidea eta ezaugarriak azaldu dituzte. Hala, bi hedabide horiek esan digute Maria Txibite dela aurrerakoia, progresista, jatorra, azkarra, langilea, familia xumekoa, bere lagunen laguna… Gauza bat atzendu zaie, ordea, gauzatxo bat, txikikeria bat, inportantziarik gabeko zerbait… Euskara. Zer jarrera du Txibitek euskararen gainean? Hona hemen zertzelada batzuk:

2015-2019ko legealdia Uxue Barkosen gobernuarena izan zen, laukoarena. Gobernu horren kontrakoek erabaki zuten euskararen kontra egitea zela eraginkorrena hura higatzeko. Alderdi, sindikatu… euskarafobikoak jo eta ke aritu ziren euskararen kontrako mantrak, gezurrak etab. errepikatzen eta zabaltzen. Txibite ere gogotik aritu zen horretan. Adibidez, Diario de Noticiasek egindako elkarrizketa batean esan zuen:

“Gobernua euskara inposatzen ari da, egia da. Buñuelen euskara baloratzeak esan nahi du ez duzula Nafarroa ezagutzen”. Buñuelen sekula ez da euskara jakitea baloratu. Baloratu da eta baloratzen da alemana, ingelesa eta frantsesa jakitea, baina sekula ez euskara jakitea.

Garai hartan, euskararen kontrako gorrotoa hedatzen ez zen bakarrik aritu Txibite. Aldean izan zuen lagun eta komandante Carlos Gimeno. Adibidez, Uxue Barkosen gobernuak Fustiñanan eskaini zuen nahi zuenak A ereduan ikastea; hau da, euskara irakasgai moduan ikastea, ordura arte ikastetxean ez baitzuten inolako kontakturik euskararekin. Bada, Carlos Gimenok sekulako zalaparta muntatu zuen, esan zuen ezin zela euskara irakatsi hura G ereduko ikastetxe bat zelako (eta??!!). Bueno, ba Carlos Gimenok piztutako su horren ondorioz, azkenean A eredua hautatu zuten familien izen-deiturak zabaldu zituzten etxeetako buzoietan.

Hemen, aipatzekoa da Garak berriki Carlos Gimenori buruzko profiltxo bat ere egin duela, kontseilari izendatu berritan. Euskararen gainean honako hau besterik ez du aipatu: “Leporatu izan diote euskara kontuan ez hartzea”. Ño! Hori da Carlos Gimeno zuritzeko gogoa!

2019-2023 legealdia: Bueno ba, besteak beste euskaren kontrako gezurrak eta gorrotoa baliatuz, erdietsi zuen gure Txibitek Nafarroako Gobernura iristea. Lehenik egin zuena da eremu mistoan euskara baloratzeari uztea. Alemana, ingelesa eta frantsesa Nafarroa guzian baloratzen dira, eta, UPNrekin eta Geroa Bairekin, euskara “eremu euskaldunean” eta “eremu mistoan” ere bai. Bada, Txibiterekin, orain eremu mistoan ere ez. Salbuespen bakarra enplegua egonkortzeko deialdiak izan dira. Hor bai, Txibitek eta PSNk euskara ere baloratu dute eremu mistoan.

Geroa Baik aspaldi etsi zuen, ez da borrokatuko euskara gutxienez ere alemana adina baloratu dadin Nafarroa guzian. Bere anbizio bakarra da UPNren garaian bezala eremu mistoan ere euskara baloratzea.

(Hemen gauza bat argitu behar da: Gobernuaren deialdi gehien-gehienak oposizioak dira, ez oposizio-lehiaketak, eta ez dira merezimenduak baloratzen, hizkuntzak ere ez. Hizkuntzen balorazioaren auziak oro har, Osasunbideko deialdiei bakarrik eragiten die).

Bestalde, Carlos Gimeno ere jo eta su hasi zen, Hezkuntzako kontseilari izendatu eta berehala, euskararen kontra. Horrek kritika asko ekarri zituen, eta Txibitek argi utzi zuen: Carlos Gimenok Txibiteren beraren eta alderdiaren erabateko babesa zuela egiten zituen gauzetan. Eskertzekoa, zintzotasuna.

Ez du merezi Txibitek eta PSNk euskararen kontra egin dituzten guziak zerrendatzea; idazki bukaezina izanen litzateke.

Ba horixe nire ekarpentxoa Txibiteren profila osatzeko.

Artikuluko irudia LAB sindikatuak egin du. Eskertzekoa da: LAB sindikatuak hainbat eta hainbat mobilizazio, idazki eta irudi egin zituen joan den legealdian Nafarroako Gobernuaren euskarafobia salatzeko eta Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatzeko.

Bestalde, ez dut sarean topatu Txibiteri egindako elkarrizketa, Buñuelgo kasua aipatzen duena. Hona hemen elkarrizketari egindako argazki bat, frogagarri:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude