Txantxangorriak ez al du parte hartzen Euskaraldian?
Txantxangorriak ez al du parte hartzen Euskaraldian? –
Gaur, iluntzeko ETB1eko Teleberrin, Pablo Ibarren aita Kandiko arroarra, erdara hutsean entzuteko “plazerra” izan dugu. Ez ditut kontu zehatzak egin, baina inpresioa dut azken honetan gero eta sarriago gertatzen ari dela, norbaiti teleberrirako elkarrizketa bakarra egitea, eta hura, noski, (noski esan beharra ere), gaztelera hutsean. Erdaldunen esanak bikoiztea aspaldian geratu zen atzean, horren ordezko izan behar ziren azpitituluak ere gero eta gutxiagotan ikusten ditugu, eta orain azkena, euskaldunak erdara hutsean entzun behar ditugu. Jakin nahi nuke erdararik gabeko azken teleberria noiz izan zen. Inor oroitzen?
Euskaraldiaren eragina ETBn sumatuko ote zen banuen esperantza, baina momentuz usteak ustel. Hamaika egun baino ez izan arren, badirudi hori ere gehiegi dela txantxangorri kukukume hazlearentzat. Hizkuntza Politikan jakingo dute ba, zeinen irudi negargarria ematen duten honelako pasadizoek Euskaraldiaren ahalegin bete-betean dauden milaka euskaldunen aurrean. Ez al dago indarrik hamaika egunez baino ez bada ere, zabarkeria horiek baztertu eta txukuntasun batean ibili daitezen behartzeko? Nork agintzen du ETBn? Bere kasa eta Euskaraldiari bizkar emanez diharduen erakundea al da?
ETB1ean bakarrik ez da gertatzen gaztelaniaren “normalizazioa”
Euskadi irratia ere bide beretik doa. Orai Espainiako loteriaren iragarki luzearekin hasi zaigu erasotzen. Murtzian, Huelvan eta Badajozen entzuten den iragarki bera. Gaztelaniaz, noski.
Maite Iturbe. Emakume honek ez dit konfidantza izpirik ematen.
Oso tristea. Hau da EAJ-PSEren normalizazio-eredua. Ziurrenik pentsatuko dute, behin ETB1 ia inork ez ikustea lortu ondoren, edozer egin dezaketela bertan…
Ferentzia ETB1ek dituen arazo eta hutsunetatik hau ote da larriena? Kritikatuena bai.
Niretako, berriz, beste batzuk larriagoak zaizkit:
-serie mutuak.
-umorezko ikuskizun “espainolak” ; erreferentzia guziak Espainiakoak, erdaldun batendakoulergarragoak gure amarendako baino.
-Zer esan euskaki eta azpieuslkien abusaz? Hainbat eta hainbat ikusle uxatzen dutenak: gainerako euskalkietako euskaldun gehienak eta euskaldun berri guziak
-Hainbat esatari eta aktore, urtea joan, urtea etorri, beti oker berak eginez,
-Hainbeste programa merke eta txar.
=Hainbeste programa trste (orain bertan Hur Handitan ikusten ari naiz) Abusua ikusten dut
-Eta denetan okerrena, ez dugula aurrera egiten. Eta aurrera ez egitea atzera egitea da gainerakoek aurrera egiten baitute.
Etsipena, etsipena…
Ba, nik zer esatea nahi duzue… atzo Gure Kaxa-n Kike Amonarriz eta Euskaraldiko teknikari bat (edo horrelako zerbait) izan zituzten gonbidatu eta haiei entzundakoarekin, oso-oso egoera onean gaude, inoiz baino hobeto. Dena positiboa zen: milioi bat hiztun omen gara, gure hizkuntza wikipedia mailan 31.postuan omen dago eta hizkuntza gutxituen artean punta-puntan omen goaz eta mundu osoko hizkuntza gutxituetakoek esaten omen digute “ez iezaguzue hutsik egin!”, ba omen dakite eta guk huts egiten badugu beraiek ere huts egingo dutela. Niri guzti honek ez dit koadratzen. Eta beste gauza bat: kalean oso-oso txapa gutxi ikusten ari naiz eta zonalde euskaldunaz ari naiz. Nire susmoa: jende asko isilik dagoen arren, ez zaio txaparen istorio hau gustatu. Erdaldunek, uste dut, pertsonak markatzeko zerbait bezala ikusi dutela eta ez zaie gustatu, eta euskaldun askori ere antzeratsu.
A-k bete-betean asmatu du. Arazo handiena ez da BAKARRIK euskararen erabilera falta. Instintu fina behar egiten ari digutena ikusteko: kaka saltzen digute euskal pentsamendua ahultzeko. Burusoiltxo, Mr. Bean, Goenkale… Azkenean aurkakoa lortuko dute, euskal sen zorrotz, kementsu, gupidagabea berpiztuko dute.
Euskaldun nagiaren kexa eternala
Ikus dezagun:
Euskaraldia ez omen da gustuko txapen kontuagatik, jendea markatzea omen da.
Telebista(k) ezin txarragoak omen dira, inoiz inon ez da merezi duen ezer igorri.
Urtero argitaratzen diren 2500 tituluetatik bat ere ez erakargarria.
Eskualde aldizkariei izkin, ez daudelako amaren bularretatik jaso nuen 200 berbako nire bertsio minian.
Nire euskara txokotxokoan gurot dana. Munduan ez da horrela inon egiten, baina! Igoal da! Basque is different!
Euskaraz ekoizten edo proposatzen den guztia ez omen da langara iristen, HORREGATIK GURAGO DUT KAKA ERDARAZKOENA KONTSUMITU, NATURALAGOA DA TA!
A ze mazedonia prestatu duzuna, denetariko argudioak nahastuta. Nori ari zatzaizkio hizketan? Hemen inork ez du zalantzan jarri euskal kultur produkzioaren kalitatea edo tokiko prentsaren egokitasuna, eta dena euskaraz eta batuaz idatzita dago. Artikuluak ETB1en jarrera kritikatzen du, iruzkin gehienek bezala eta hauetako batek, gehiegizko eta kaltegarri deritzon euskararen inguruko triunfalismoa kritikatu du, Bestelako iruzkina merezi dutela uste dut, noski, nahi duzuna idazteko askatasuna duzun arren.
Hartsuaga: arrazoi duzu hein batean, teleberrira ez bainaiz lotu. Hala ere esan nahi dizut, nire idstzian Etb1 kritikatzera mugatu naizela. Beharbada ez dut oso argi idatzi, nire kritika Etb1ek euskarari, oro har, eman dion tratamentuaz baita.
Nola gustatzen zaigun euskaldunoi gure konzientzia besteei errua botaz garbitzea. Egia da ETB1n programazioa hobe daitekeela, asko. Egia da batzuetan Gaur Egunen (Teleberri Etb2ko albistegiaren izena da) gaztelerazko adierazpenak daudela. Baina egia da ere EAEn Salvame bezalako programak audientzian lider direla eta ordu berean ETBn botatzen diren programak (Ilaski Serranoren Ahoz Aho esaterako) ez direla %1era iristen. Hori noren ardura da? ETBren zuzendaritzarena? Seguru?
Hori noren ardura den, Nafar? Ez dakit orain esatera noan estatistika egin daitekeen baina nik jakin nahi nuke Euskal Herrian Salvame, Mujeres y Hombres, First Dates, GH eta antzerakoak ikusten dituztenen artean zenbat diren euskaldunak eta zenbat erdaldunak, euskal kulturatik at bizi direnak. Eta hor agian isilduko ginateke. Eta estatistika datu berak atera itzazu hemendik 20 urtera eta ziur nago, programa horiek ikusiko dituzten euskaldunen portzentaia handiagoa izango dela. Zergatik? Akulturazio totalagatik. Begiratu gaztetxoetan. Begiratu zeintzuk diren beraien erreferentzi sistemak. Galde iezaiezu zer den beraientzat Ez Dok Amairu. Manga komikiren bat edo…
Bejondaizula Nafar, beraz saio txukun batek entzulego urria duelako ( orduaren aproposa eta antzekoak aztertzera sartu gabe, noski), ETB1eko teleberria ( horretaz ari bainaiz, ez ETB2z), nahi adina zabar daiteke erdara gero eta ugariago sartuz artikuluan adierazi den moduan? Hamaika aldiz kexatu naiz euskaraz dakiten askok euskarari dioten atxikimendu mengelaz, baina horrek ez du ezertan indargabetzen ETBk duen helburu fundazionala eta helburu hori betetzeko duen obligazioa. Euskara aitzaki eta ogibide, zabarkeria horretan bizi diren proxenetak doazela behingoz hain maite duten Telebostera euskararen zama nekagarria arinduta bizitzera.
Ederra, mazedonia!
Bat, nik ez dut esan hemen esan denik euskal produkzioa akastuna denik, BAI DIOT inguratuta nagoela euskal hiztunez zeinak ESTAKURU ANDANA jartzen duten noiznahi euskal kutur produktuen kontsumo selektibo kongruente orekatu bati heltzerakoan.
Bi, aurrekotik ondorioztatzen da euskaldunok, oro har, onak garela aldarri-lanetan eta oso txarrak egunerokoan, dela irakurketa, dela tba, dela …
Eta hiru, aurrekoari eusteko datu bat: 750000 hiztun osotik 500.000 pasatxok ZERO kontsumoa dute euskal produktuena.
Eta bai, mazedonia mahaian daukagu, baina horretan ETB1 ez da osagai bakarra.
750.000eko kopuru horrek erakusten du estatistikak ez daudela ondo eta euskaldunak eta euskolonoak bereizten hasteko garaia dela, bakoitzari bere izenaz deituz. Dena den, zerbait kritikatzen denean, hura estaltzeko aldamenekoa kritikatzea, zilegia eta merezia denean ere, ez da gogoeta eraikitzaileari ekarpena egitea, eztabaida nahasi eta korapilatzea baizik. Aipa dezagun kritikagarria den guztia baina ez ditzagun baten kritikak bestearen zuribide bihurtu.
Hartsuaga, esango nuke estatistika horrek bereizten dituela, inplizituki eta handi-handika bada ere, euskaldunak eta euskolonoak: 250.000 eta 500.000 hurrenez hurren.
Ez da estakuru kontua. Akulturazio eta desinformazio kontua baizik. Hortik gure hizkuntzarekiko/kulturarekiko ezezagutza handia eta ondorioz ere, interesik eza.
Besteak beste, ETB1eko programazioa kaxkarra delako oro har (euskaldunoi ere, programazio interesgarriak gustatzen zaizkigu, erdaldunei bezala). Edota EiTBko erdal kateek KONPETENTZIA egiten dietelako euskal kateei, sustatu ordez.
ETB2k, Radio Euskadik, edo Radio Vitoriak españolez eliokatzen dituzte euskaradun asko eta asko, eduki españolak normalizatuz, saio batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Lopezen agintaldiaren ondorioak nabarmenak izan dira alde horretatik (besteak beste, EAJk Onda vascaren aldeko apustua egin zuelako).
Euskaldun arruntak ezer gutxi daki euskarari eta euskal kulturari buruz. Ez baitago eskura. Bila joan beharra dago, erdal itsasoan murgildu, eta aurkitutakoan, konturatzen gara ez dagoela konparatzerik españlolez edo frantsesez dagoen eskaintzarekin.
Errua ez da herritarrena. ARDURA agintariena da. Euskara traba eta zama bilakatu zaien agintari abertzaleena, eta gure etsai diren unionistena.
Nori berea. Ardurak ere, neurrian.
“Burusoiltxo, Mr. Bean, Goenkale…”, baina, zenbat urte dira ETB1 ikusten ez duzula?
EITBren programazioa, EITBren hezkuntza politika eta euskal programazioen audientziaren segimendu eskasa gertaera komun batean oinarritzen dira: ez dago euskal kontzientzia nazionalik. Euskal gizartea espainolizatzen (frantsesten) ari da ziztu bizian, bere erreferentzia gehienak espainolak (edo frantsesak) dira eta erosoago sentitzen da espainol (edo frantses) bezala bizitza egiten. Eneko Bidegaien azken liburuak, “Lurraldea eta Herria” izenekoak oiartzun mediatiko (eta militante) eskasa izan du. “Naziotasuna ez dago informazio-agendan”.
EITBren programazioa, EITBren hezkuntza politika eta euskal programazioen audientziaren segimendu eskasa gertaera komun batean oinarritzen dira: ez dago euskal kontzientzia nazionalik. Euskal gizartea espainolizatzen (frantsesten) ari da ziztu bizian, bere erreferentzia gehienak espainolak (edo frantsesak) dira eta erosoago sentitzen da espainol (edo frantses) bezala bizitza egiten. Eneko Bidegaien azken liburuak, “Lurraldea eta Herria” izenekoak oihartzun mediatiko (eta militante) eskasa izan du. “Naziotasuna ez dago informazio-agendan”.
Agendan dagoena errejionalkeria eta akulturazioa dira. Eta EiTBtik ere ekarpen “polita” egiten dute bide horretan, Radio Euskaditik eta ETB2tik.
Bestetik, esperantzarako estatistikak ere badaude: Argiaren arabera, %10 egin du gora euskal ediukien kontsumoak sarean.
Alabaina, lehengo estatistikaren desglosea (Siadekorena) arrut optimista zen.
Bere gordinean hau da: alde batean, 250.000 euskaratik kontsumitzen duten horietatik,
40000 gune irreduktiblekoak, 200.000 noizbehinkakoak. Bestaldean, 500000 zeropataterokoak, Hori hiztun osoetan, Gainontzekoetan, 300.000 halamoduzko hiztunetan, berriro ere apurrak euskarazko produktuen kontsumoari dagokionez)
Laburbilduz, zenbaki-zume horiekin nekez egin liteke otzararik.
Aurrekoaz gain, EUSKOLONO hitzaren erabilera zorigaiztokoa nabarmendu nahi dut.
Nori egiten dio mesede erakarri nahi den jendea hain berba zakarrekin uxatzea? Pitxia Hartsuagarengandik etorrita harrimenak areago jotzen nau. Zer ote da, psikologia inbertsoaren estrategiaren bat? Edo erabakita dago/dute 40000 termopilaseko horiekin aurrera jotzea azken garaipenera arte?
Esan nahi baita: euskaratik kontsumitzen duten 250000 horietatik…
Barkatu oraingo erredakzio narrats presazkoa.
Zorigaiztoko deritzozu EUSKOLONO hitzari. Zorigaiztoko eta uxagarri. Ez dakit hitz horrekin asmatu dudan, baina asmoa ez dut inor uxatu edo iraintzea, begien aurrean dudana deskribatzea baizik, Historian zehar ongi finkaturiko eta zeharo normalizaturiko terminoetan oinarrituz. EUSKOLONOA, euskaraz jakin arren, epe luzean euskara heriotzera eramango duen jokabide soziolinguistikoa duena bezala definitu dut eta ez dut ikusten zertan den zorigaiztoko edo uxagarri. Munduan hamaika lekutan izan dira eta dira kolonoak, eta nik dakidala hiztegiak ez du jasotzen termino peioratiboa denik. Niri benetan larria iruditzen zaidana da, beti ere doitasun zientifikoaren ikuspuntutik begiratuta, bere jokabide soziolinguistikoaz euskara iraun araziko dutenak eta euskara hilobira daramatenak ez bereiztea, eta “euskaldunak” izenpean denak zaku berean sartzea. Zer soziolinguistika egin daiteke elkarren kontrako eraginak sor arazten dituzten bi multzo hauek terminologia mailan bereizi gabe? Ezin dut imajinatu honelako disparatea ametituko lukeen jakintza arlorik. Eskolan ikasi genuen sagarrak eta udareak nahasian erabiliz ez dagoela algebrarik. Agian zorigoiztokoa ez da izena, egoera baizik. Agian zorigaiztokoa ez da izena, errealitatea mozorrotzeko ahalegin patetikoak baizik. Agian EUSKOLONO esatea neutralago da termino bezala, euskaldunei, benetako euskaldunei, “irreduktible” eta Termopilako (martiri) esatea baino. Agian psikologia inbertso apur baten beharrean gaude, zeren tituluak hain merke salduta ikusi dugu zer den orain arte lortu duguna.
Ez papogorri tristerik
betiko kukuak baizik!
Hatsuaga jauna,
agian arrazoi duzu, agian ez. Nire eguneroko hizkuntza jokabideari erreparatzen badiot, agian EUSKOLONO horietako bat nauzu, praktikan euskara eta gaztelania, biak, bata bezainbat bestea erabilten baititut inolako konplexurik gabe. Eta? Zer? Nire egia hau aitortu ondoren, errudun sentitu behar al dut %100 euskal hiztun ez naizelako? Euskara hilzorira joango da ni bezalako txepelen erruz? Nire ingurukoak, komisario linguistiko bihurturik, atzamar-puntaz seinalatu behar al naute herriaren traidore bati egiten zaion bezala??
Nire zalantzak ditut, Hartsuaga jauna. Gure herri txiki honetan talibanismo asko ikusita gaude orain baino lehen. Lehen eta bigarren mailako euskaldunen bereizketa: “anaien aurpegian/ begirada hotza // ezpainetan iraina / harrizko bihotza”.
EZ dut gogoko hori.
Kolonoak direla eta ez direla,
Batetik,helduak gara itaunetan giltzarria den itaunera: nola bihurtzen dira erdaldun praktikante ezaxolak euskaldun autokontziente aberats? EZ DAKIT.
Baina seguru nago horretarako “kolono” berba txistu moduan aurpegira jaurtitzea EZ dela bidea. Nahikoa fronte zabalduak ditugu dagoeneko bestela. Beraz, deskripzio soziolinguistiko kargarik gabeetara jotzea, onena: aloglota, beste kultura baten partaide, erdaldun …Baina “kolono”-k harako “zipayo” edo “kolabo” eta beste perla batzuk ekartzen ditu akordura, neuri bai behintzat.
Bestetik, 40000 euskaldun bunkerizatzeak ez gaitu inora ere eroaten. Beharbada, darabilzun “BEREIZTEA,” ez nuen orpoz orpo ulertu behar, fisikoki bereiztea, alegia.
Baina hala izanez gero, esan beharrra dago ezinezkoa izateaz gain, euskaldun benetakoentzako (hau ere erabiltzea ere!) kalte segurua lekarkeela horrek. Esan nahi baita, bai bereizketa terminologikoa bai bereizketa fisikoa jasanezineko karga direla hain hiztun-aldra ñimiñoarentzat.
Azkenik, ulertzen dut PNVk (orain Bilduk ere bai) ez dakitela zer egin euskararekin eta milioi hiztun pasatxo garela esatea arrakasta jantziaz sartutako erdigezurra dela, bere lotsaizunak estaltzeko. Hori ondo baino hobeto ikusten dut. Baina horren aurreko aukera zein da: 40000 baino ez garela esatea? Orduan hainbesteko esfortzuarekin lortutako gainontzeko hiztunak zein konputotan sartzen dira? Nik dakidala, espainol hiztunak zenbatzen dituztenean ez dituzte kopuru horretatik egozten maputxea edo kitxuadun elebiduna edo katalan hiztun elebidunak edo atzo goizean naziotasun espainola lortu
duen ukrainarra. Denak onak dira inperioaren loriarako.
Eta galdera batekin amaituko dut honakoa: Joseba Arregi edo Sanzberro anderea (UPNko baztandarra) zer dira benetako euskaldunak, kolonoak edo beste zeozer??
“Kolono” hitza peioratiboa da, bai horixe. Kolono deitzen diozun unetik “hemengoa” ez dela esaten ari zara, eta “hemendik alde egiteko” gonbitea egiten. Eta hori ez bada zure asmoa, hobe zenuke beste terminoren bat aurkitzea.
Txirkun eta Iralari, lehenik eta behin eskerrik asko kritika eta iruzkinongatik. Oso lagungarri gertatzen dira baten, esanak nola ulertzen diren konturatzeko, eta hurrena, egin beharreko zehaztpenak eta zuzenketak egiteko, “Agian arrazoi duzu, agian ez”. Ezin dut esaldi horrekin %100 bat etorri baino. Zerbait zalantza izpirik gabe frogaturik geratzen den arte, beti egon behar da prest oker zaudela ohartu eta aitortzeko. Esaten ditudan gauzen artean, denetarik dago egiazkotasunari dagokionez. Batzuk sendoago eta besteak ez hain sendo. Errealitateari so diraut beti, zantzuei beha, uste horiek berretsi ala auzitan jartzen dizkidan aztertzeko, eta ez dut inolako erreparorik okerrak zuzentzeko. Ezin bestekoa deritzot jarrera horri, gustura eztabaidatzen dut antzeko jarrera sumatzen diedanekin, ehiki sumatzeko modukoa izaten baita, eta ardura soziolinguistikoa duen edonori esijitzen diot beste hainbeste egitea, sarriegi ikusi dudalako okerreko bidean tematzea. Hauek esanda, lot nakion erantzuteari. Txirkun jauna, EUSKOLONO oso modu zabal eta eztoian definitu dut, zenbat eskualde, hainbat errealitate soziolinguistiko dugulako herri honetan. Bere jokabide soziolinguistikoaz euskara, epe luzean, hilobira daramana bezala definitzea nahikoa eztoi behar litzateke, aipatzen duzun erabilpen gaizto hori arrunt zailtzeko. Definizio horren arabera posible da Azkoitiko EUSKOLONO batek Otxarkoagako EUSKALDUN batek baino gehiago jardutea euskaraz, baita gutariko orok bietatik puska bana eramatea gure baitan. Inor iraintzeko baino, norberaren gogoetan erabiltzeko kategoriak dira, eta izan ere, (eta honi irizten diot garrantzitsuena) errealitatean gertatzen den zerbait da: Badira jokabide soziolinguistiko diferenteak eta horietako batzuk euskararen hiletara daramate. Onartzen ez dudana da, aurrez izan diren jokabide eta joera gaizto batzuk aitzaki eta mamu astinduta, errealitatea deskribatzeari uko egitea. Ez dut onartzen herri honetako zakilenek egin dezaketenaren beldurrez errealitatea ezkutatzea. Ez diot sekula ertzain bati zipaio esan, tartean batzuk, izan, izango diren arren, eta ez dut EUSKOLONO inor iraintzeko asmatu, bakarren batzuk peto-petoak diren arren, guztiok daramagulako bat gure baitan. Mingarri gerta daitekeela? Bai, noski! Jakina! Jakina eta seinale ona. Mina, min fisikoa, gure gorputzaren defentsa-bide bat da, zerbait gaizki doala abisatzeko modua. Bizirik dirauen ehunak bidaltzen dio burmuinari minaren seinalea. Gangrenak ordea ez du minik ematen jada. Atsegina ez bada ere, mina sentitzea da gorputzaren sendabiderako lehen urratsa. EUSKOLONO izan daitekeela entzunda samintzen denarekin bada esperantzarik; berdin zaiona berriz, hura galduta dago. Mingarri izatea gainera behar-beharrezkoa da, euskara erabaki-ardatz bihurtu nahi badugu. Erabaki-ardatzak dira jendea eta mintzabideak sailkatzeko erabiltzen ditugunak: eskubia/ezkerra, abertzale/konstituzionalista, burges/langile, independentista/unionista. Erabaki-ardatzik ez dago zama emozionalik gabe. Izan ere, sarritan, oinarri objektiboez haratago zama emozionalak eusten dio erabaki-ardatzari. Euskara erabaki-ardatz nahi badugu, ezin bestekoa dugu emozionalki zamatzea eta erabaki-ardatz bihurtu behar dugu erremediorik gabe euskararen inguruko herrigintza abiatu nahi badugu. Erabaki-ardatz nagusia zein den, Juan Mari Atutxa izango da bereziki gorrotatua den ETAren kontra jardun zuen Ertzantzaren arduradun ohia, edo Bizkaiko PNVren baitan aurki daitekeen politikari euskaltzaleenetarikoa, bizkaiera jasoan bikain mintzatzen dena.
Zenbat ote garen kontua ere azaldu da. Garenak garela esango nuke eta beldurraren beldurrez sagarrak eta udareak (eta laranjak eta albertxikoak ere) batuz gehiago garela sinestarazteak ez dakarrela gauza onik. Jendea bada sendagilearengana joaten ez dena, gaitzaren bat aurkituko ote dion beldurrez. Badakigu horrelakoekin zer gertatu ohi den: azkenean eta ezin bestean joaten direnean beranduegi izan ohi da eta sendatzeko aukerak alferrik joaten utzita, hil egiten dira luza gabe. Ez gaitezen horrelakoak izan geu ere. Egin dezagun ahal den guztia gure burua ez engainatzeko. Nik ez diot bildurra garenari, garena ikustea eragozten digun bildurrari baizik. Bildurrari diot bildurra. Zer da hobe, 750.000 izanik euskarazko kulturaren kontsumo apala etsia hartuz behin eta berriz deitoratzea, ala 40 edo 50.000 izanik, hain gutxiren artean burutzen den lan eta produkzio eskergaz miresmenez harritzea? Zalantzarik ez dut azkenak, errealitea doiago deskribatu ez ezik, gure autoestimari mesede handiagoa egiten diiola. Kalterik handiena egiten diguna da, azken urteetan sortu ditugun fikzioen baitan jarraitzea, putzopilari auspoaz eragiten segitzea.
Azkenik, Joseba Arregi eta Sanzberro andereari buruz egin zaidan galderari erantzunez, zera: 1.- Haiek jakingo dute zein den darabilten jokabide linguistikoa eta haiek egin beharko dute gogoeta, bide horretatik nora daramaten euskara. 2.- Nire adiskideen artean badago, hainbat girotan “traidore” iritzitako euskaldunik, euskara, luzaz izan duen ukitu politiko nagusiagatik, sukalde txokoan inork jakin gabe jori eta naro gorde eta transmititu duenik. Adiskideak dira.
Mila esker berriro eztabaidarako ekarpenengatik eta eutsi diezaiogun goiari etsirik hartu gabe, gauzak ondo eginez gero nahikoak gara eta euskarari eusteko.
Arratsalde on Alpargatero. Kolono hitza, espainolezko colono-tik maileguz hartu dugunez, ontzat hartzen dut espainolez dituen adiera guztiak gordetzen dituela euskaraz ere. Eta kolonia batek bere bilakaera izan ohi duelako, hitza ere esanahi anitzekoa da ezin bestean. Zuk diozun bezala, kolonoa da lurralde bat kolonizatzen duena, baina baita ere kolonia batean bizi dena (bere atorriari erreparatu gabe). Eta kolonia bat defini daiteke, kanpotik etorrita lurralde berri batean bizitzen jartzen direnen multzoa bezala, baina baita ere, kanpoko aginte baten pean gobernaturiko eta administraturiko lurraldea bezala. Beraz, gure egoerari dagokionez eta soziolinguistikaz ari garenez, zeharo doia da esatea gurean erdara hizkuntza kolonizatzailea dela eta horren arrabera EUSKOLONOA (erdararen mesederako diren ohitura soziolingustikoak dituen euskal hiztuna, zeinahi jatorri genetikokoa), BASKOLONOA (erdararen mesederako diren ohitura soziolingustikoak dituen erdalduna, zeinahi jatorri genetikokoa), eta EUSKALDUNA (euskararen mesederako diren ohitura soziolingustikoak dituen euskal hiztuna, zeinahi jatorri genetikokoa) bereiz daitezkeela. Agian egongo dira errealitatean dauden tipologia hauek definitzeko termino hobeak eta egokiagoak, eta nornahik luza dezake bere proposamena. Dena den, bere jokabide soziolinguistikoaz euskara galbidera daramanari irizteko izen “sinpatiko” bat jarri behar al diogu?
Mila esker, Hartsuaga. Gustatu zait zure erantzuna. Ezin esan dezaket zurekin arras batera noanik gai hauetan, baina zintzo erantzun didazu behintzat. Seguruenik, nirekin pedagogia modu hau erabili izan balute, gaur egun euskalzaleagoa izango nintzateke.
Lehengo zalantzak buruan bueltaka darabiltzat oraindik. Zerorrek aitortzen duzun bezala, astazakil gehiegi ikusi izan ditut nire inguruan, eta horrek hats eman beharrean, ateratu eta hoztu egin nau euskararekiko atxikimenduan.
Gaztelania maite dut. Gaztelania besarkatzen dut. Gaztelaniaz irakurri ahal izateak begiak zabaldu dizkit hamaika gaietan. Nire pentsakizun asko gaztelaniaz oraturik datoz. Eta hara: nire erreaitate pertsonal horri ez diot muzin egin nahi, gaztelaniak (euskararekin batera, bai) naizen bezalakoa egin bainau. Norbaitek horregatik arbuiatu nahiko banindu, zer egin beharko nuke? Errudun sentitu? Gaueko loa galdu? barkatu, baina ez.
Luzea eta nahasia da gai hau, badakit. Iralak hor goraxeago dioen bezaka, itaun guztien itauna hauxe da, bere hitzak erabiliz: “nola bihurtzen dira erdaldun praktikante ezaxolak euskaldun autokontziente aberats?”
Hortantxe datza gakoa !!
Beste gisa batez esanda, “zer eskain diezaioke euskal kulturak egungo gazte erdaldun bati?” Orain arte triki-bertso-sagardotegi kultura esportatzen ibili gara etengabe, gure nortasun-seinaletzat. Aldi baterako ongi daude hauek,bale, baina besterik ere asmatzen jakin beharko dugu, ala?? Zer diozu zuk, Hartsuaga argi horrek?
Galdakao aldetik, goraintzi.
Arrastion,
Azken galderari erantzunda, neu naiz lehenetakoa etnozida, eta are, arrazista, bere gordintasunean definitzen, eta ez naiz halakoetan bakeagatik isiltzen direnetakoa izaten.
Baina definizio orokorretarako askoz atseginagoa zait Atxagaren harako sailkatze hura:
antipatikoak-sinpatikoak-patetikoak edo etnozida bokaziokoak-erdaldun euskararen maitale irrigoxoak (gure ama), eta, “patetiko”aren ordez, “ekinak” erabiliko nuke.
Lehenak zakurraren ipurtzulora joan bitez. Bigarrenak galtzeak, berriz, kezkatzen nau gehien. Ekinok, azkenik, izango ahal gara gehio!!
Beste kontua; hobea da saguaren buru, ezen ez lehoiaren buztan? Baliteke egia (zenbat garen) biluzik ikusita gorputz sozialak erreakzionatzea. Hala ere, eskarmentuak bestelakorik diosku, minorizazioak minorizazio handiagoa dakar. Alegia, sineste sendokoak akitu egiten dira zamaren zamaz eta epelak epelagotu edo uxatu. Horra adibide batzuk: gure nerabeen egungo jokaera; Iparramerikako herri indigena gehienei zer gutxi diren jabetzeak ez die ekarri gazteen hirietarako “desertsioa” eten; gaelikodunei ere Gaeltachat-ak mugarritzeak ez die odolusturako sendabiderik ekarri. Gurean ere familiak gero eta mistoagoak dira, eta Larrabetzuko indigenak gero eta asti luzeagoak ematen ditu Bilbo Handian. Gehienok izaera konplexua eta harreman-sare nahasiak ditugu. Beraz, onean, ez hain on (guretzat), baina txarrean hobeto??? Berriro ere, ez dakit.
Amaitzeko, ikusi dut “eztoi” izenondoa darabilzula. Ez dut topatu. Argibiderik ematerik bai?
Ondo segi!
“Gaztelaniaz irakurri ahal izateak begiak zabaldu dizkit hamaika gaietan. Nire pentsakizun asko gaztelaniaz oraturik datoz. Eta hara: nire erreaitate pertsonal horri ez diot muzin egin nahi, gaztelaniak (euskararekin batera, bai) naizen bezalakoa egin bainau”. Hitzez hitz, sina ditzaket hitz horiek neronek ere, baina maitatu, ezin dut maitatu. Gure artean txertatu den moduan txertatu delako eta gurea galtzeko nire inguruan gehien eragiten duena delako. Eta gainera saiatzen naiz aurrerantzean erderek eskaini ahal diezadaketena, gutxi ez dena, frantsesa eta ingelesaren artean banatzen, gaztelerak nigan duen itzal hori ahal dudan neurrian murrizteko. Baina tira, maitasun kontuak dira horiek eta nork bere eran kudeatzen ditu, bihotzari entzunez. Zein bideari jarraitu aurrerantzean? Orain artekoa ez den batekin probatu beharko dugu, orain artekoaren emaitzak ikusita. Hasteko eta guztien gainetik, egiten duguna, uztartuta eta norako berean egitea. Esate baterako, unibertsitatean euskarazko doktoradutza tesiak egiten dren bitartean telebistan Txomin del Regatoren eredua behin eta berriz gizarteratzen ez ibiltzea. Hurrena, adostasun eta elkar hartze horren baitan, euskararen prestijioa goratzen lan handia egin behar dela esango nuke, horretarako hainbat arlotan eraginez.: sumisiozko egoerak identifikatu eta irauliz, euskara “desmarjinalizatuz”, eredu euskaldun (euskaltzale, alegia) erakargarriak komunikabideetan sarritan erakutsiz, gaztelerazko gauzei “euskal” esateko eskizofreniari amaiera emanez, euskararen benetako egoera arriskutsuaren berria ez ezkutatuz, arnasgune urbanoak sortuz, … zerrenda luzea orain hemen guztiak esateko, baina horrenbesterekin nahikoa izango ahal da nondik norakoei antzemateko.Lehoi-buztan edo sagu-buru auziarena berriz ez zait iruditzen konparazio egokia, lehoi buztan izateko aukerarik ez dagoelako. Merenge pastel normala ala meloia adinako putzopila dira aukerak. Hizkuntzaren iraupenerako errezetan osagai nagusia autoestima dela sinesten dut. Hori da nire konklusioa hangoa eta hemengoa behatu eta aztertu ondoren. Autoestima eta prestigioaren arlo horiek ondo lantzen baditugu (eta badugu eraikuntza horretarako nahiko haberik), gutxi izanik ere aurrera egingo dugu.
Azkenik, eztoi, ezgai, ezdeus edo ezberdin izenondoen eran erabili dut, doi ez dena adierazteko. Agian ezdoi idatzi behar nuen.
Mila esker Juan Inazio, geroari buruz zantzu batzuk hemen emateagatik. Arrazoi duzu, gure indarrak norako berean bateratu beharko ditugu, zerbait lortu nahi badugu. Horretarako, dudarik gabe, gure artean dauden inertzia batzuk gainditzen saiatu beharko dugu.
Mila esker.
Inertzia horiek Euskaraldia dela-eta gainditzen hasiak direla esango nuke. Uztartuta eta elkar hartuta lanean hasteko aldarria gehiago egiten dut erakundeen multzoari begira, hor ikusten baitut galtza bete lan eta organigrama aldaketa baten.premia larria, Euskaraldian zehar ETB1eko teleberrietan berdin dirauten ekandu gaiztoek, edo hementxe argitaratu berri den Euskotreneko pasadizoak darakusten bezala. Pasa asteburu on!
Nire ustez euskaldunen artean besteak beste kontzientziazio falta eta konplexu itzela dago. Gure jarrerek eta ekintzek euskara bigarren (eta orain ingelesarekin) hirugarren planoan jartzen dute. Erabateko diglosiaren aurrean kikildu eta kanpoko hizkuntza geuretzat hartu dugu, kasu askotan gure hizkuntza desagertzeko bidean daraman hizkuntza maitatzeraino. Jarrera babua bezain oharkabea nire ustez. Horrela jokatzen dute ere Hartsuagak aipatutako Euskolono askok, kontzientzia bage, euskaldun izateaz harro baina ohartu bage euskera dela izate horren oinarri eta ardatz. Euskolono hitza ez dut modu despektiboan hartzen, izan ere, berba bera ez da despektiboa, deskriptiboa baizik. Akaso kolonoen jarrera bada iraingarria eta salagarria, eta hori onartu eta irentsi behar dugu? Ez ahal da zilegia kolonoen mesedetan dihardutenei hitz antzekoarekin deskribitzea? Ez dut dena nahaspilatzeko eta iraingarritzat hartzeko arrazoirik ikusten. Izan gaitezen zintzoak eta onar dezagun gazteleraz eginez zapaltzaileen mesedetan dihardugula. Arazoa hori dela uste dut, alegia, edozein aitzaki bilatzen dugula euskeraz ez egiteko eta baten batek ausart jokatuz etsaia deskribatzeko hitz bera erabiltzean ez zaigu bat ere gustatzen. Euskera harrotasun gehiagorekin zaindu beharko genukeela uste dut eta agintarien gezurretatik urrundu, euskeraren egoeraren inguruan mintzo direnean bederen.