Txakurrak, aitonak eta amak

Txakurrak aitonak eta amak –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

“Bakoitza bere zoroak bizi du”, dio euskal esaera zaharrak. Eta hala da, bakoitzaren harrikadek formatzen dute, ez dut esango izaera, baina bai gure portaera, edo, behintzat, bizitzan ibiltzeko modua. Lagun friki batek eguneratu du esaera zaharra, eta berak dio “bakoitza bere frikiak bizi du”, esaera zahar-berria, alegia, eta ergatiboa bere lekuan duena.

Zoro askok bizi naute ni; hau da, hainbat gauzatan naiz frikia. Hizkuntza erabilerarekin, hitzekin, batez ere, oraindik ez bazarete konturatu, kar-kar-kar.

Txakurrak, aitonak eta amakBerba batzuk izugarri maite ditut; beste batzuek, ordea, ondoeza eragiten didate. Ezin ditut jasan barra-barra hedatzen dabiltzan hitzak, behar barik, eta beti gaztelaniaren logikaren pean, txarto asmatutakoak. Era berean, asmatzaile horiek, erdal usaina dutenak —baina euskara direnak—, baztertu, eta hitz ulertezina asmatu, edo hitzen zakutik, hondo-hondotik, magiaz edo atera arraroenak. Paradojikoa da: gaztelaniazko kutsua dutenak gaitzetsi, baina gaztelaniaren egiteko modua geureganatu hitz berria sortzeko. Horrek ematen digu geure buruen kolonizazio mailaren neurria. Espainierak bezala egin behar euskal hitzak sortzeko.

Ernegu handia eragiten dit euskarazko hitzak gaztelaniaz dihardugunean sartzeak, gaztelaniaz egongo ez balira bezala. Adibidez, eskolarekin zerikusia duen guztia. Todos los de la gela se quedan en el jantoki. Zer nezesidade? Gaztelaniaz clase eta comedor badauzkate eta! Baserri, baserritar eta arrantzale berbekin ere gertatzen da. Beti nuestros (gure) posesiboaz lagunduta: nuestros baserris, nuestros arrantzales. Nuestras, femeninoan, erabili ere ez dute egiten, gainera. Azkena zerrendan ETB2n entzun nuen Joseba Argiñanoz: nuestro sukaldari. Hil nazazu, Sugoi!, pentsatu nuen. Ezin ditut jasan halakoak.

Jasan ezin ditudan beste batzuk ere badaude. Esate baterako, aitona edo amona berbak zelan erabiltzen diren. Zahar hitzari fobia zaionez (trapuak dira zaharrak, eta tontakeria horiek), eta beste hitzek arazoak sortzen dituztenez, adinduna-k kasu, pertsona zaharrez berba egiteko aitona eta amona erabiltzen dira, “amona batzuk zeuden parkean”, goxotasun puntu bat jarri nahian lez. Baliteke edade handiko jende horrek seme-alabarik ez izatea, edo ilobarik ere ez. Zelan bihur litezke aitita edo amama ondorengorik izan gabe? Noren arbaso dira, orduan? Uf, sutu egiten naiz!

Familiako hitzekin jarraituta, ezin ditut jasan bikote horiek elkarri “aita” eta “ama” esaten diotenak, elkarren artean, bakarrik daudenean, seme-alaba gabe. “Aita, pasatuko didazu ogia?”. “Aita”? Zein perbertsio mota da bikotekideari “aita/ama” deitzea? Ene, sumina, berriz.

Eta, azkenerako, maskoten jabeei “aita” edo “ama” esatea! Pinttoren ama. Mitxiren aita. Euskaraz ez zait tokatu, baina gaztelaniaz gero eta gehiago entzuten da, baita ingelesez ere. Ez ote dakite gaztelaniaz hijo de perra (sasikume) iraina dela? Txakurraren ama/aita izanez gero, eurak ere txakurkume ote dira? Uf, zer esan?

Maskoten gurasoak aitona-amona bihurtuko dira? Nuestros baserritarras badira ere? Ene, zelako nahastea!

Txakurrak, aitonak eta amak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.