Txakinartoa

Txakinartoa –

TxakinartoaDerion bada arto mota berezia, Txakinartoa izena duena. Kanpotik ekarria, gure herrira eta inguruetara (Txorierrira, Mungira, Plentzian bada izen honekin kontsuko taldea) moldatu eta gure egin genuen. Ia galduta dagoen arren, oraindik bada nork landua. Eta zertara dator hau soziolinguistikari buruzko blog batean? Ba ez dakit, baina hortik hasi gura nuen.

Izan ere, neuk kontatu gura nuena zen nire herrian (ez bakarrik han, baina bereziki han) euskaldun irakurtzen nautela. Hau da, bada jende bat nirekin beti euskaraz egiten duena eta normalean egiten ez duena. Ez naiz bakarra, ez Derion, ez beste hainbat tokitan. Bada hori txarto eroaten duenik, baina ez da nire kasua. Azken finean, hizkuntzen ostadarrean euskara da nire kolorea. Hori bai, mihilitantzia jarrera honek autozaintza mekanismoak aurreikusi behar ditu, egunerokoa eroangarriagoa izan dadin.

Nik uste dut, gainera, euskararen gorpuzte sozialerako beharrezkoak direla txakinarto funtzioa (bai, lotura larregirik ez du, baina horrela atera zait) beteko duten pertsonak egotea. Eta, horrekin, hizkuntzaren oinarrizko birsorkuntza tasa biderkatzea. Askotan irakurri dut azken aldion Joan Foster-en esaldi hau: “Inork ez digu hizkuntza oparituko, egunero irabazi beharko dugu”. Eta bat nator. Nik hautuen arteko berdintasuna baino ez dut eskatzen. Hau da, nik euskaraz bizitzearen alde egin dudan hautua baldintza berdinetan aplikatzea, besterik ez.

Eta horrek gogora ekarri dit hizkuntza politika merke eta garestiaren arteko ezberdintasuna, baina … hori beste egun batean izango da.

Txakinartoa