[#EztabaidaNazionala] Independentzia eta gero

Independentzia eta gero –

Independentziaren proiektuarekin arazo historiko-analitiko bat dugu. Lehenaldiari begiratuz idatzi nahi dugu oraindik ere independentziarako bidea. XIX. mendean bezala, nazio zapaldu baten arazo gisa ikusten dugu independentziaren arazoa —ikusten segitzea nahi dugu— eta helburua nazio horrentzat Estatu bat lortzea dela uste dugu. Proiektu hori ez da utopikoa, ez du gerorik, eta aitzitik konponbiderik ez dugun arazo askoren iturri bihurtzen ari da. Aipa ditzadan zenbait arazo larri eta, azkenean, bide edo irtenbide berri baterako lehen ohar behin-behinekoak. 

Independentzia eta gero
Arg: bratispixl

1.- Estatua.

Mario Zubiagak eta Unai Apaolazak egindako inkestetan, hiritarren gehiengoa euskal Estatu baten alde dagoela argi azaltzen da. Baina Estatua fetitxe bihurtu dugu. Zer da egun Estatua? Ingurura begiratu eta Estatua, gehiengoaren ongizatea bermatzen duen instituzio izan beharrean, elite neoliberalek beren esku duten instituziorik gotorren eta zanpatzaileena bihurtu da. Ongizatearen Estatua II. Mundu Gerratik Sobiet Batasunaren erorketa arte Europan eta Ipar Amerikan hedatu zen salbuespen historiko bat da: langileen lorpen sozialdemokrata eta salbuespenezko bat. Komentatzaile askok azpimarratu duen bezala, kapitalismo neoliberalak (Alemaniatik Txinara, AEBn barne), demokrazia jada atzean utzi du eta eskuineko populismo autoritarioak indartzeari hobetsi dio. Beraz egun kapitalismo neoliberalak demokrazia ere saihestu du, gehiengoaren ongizatearen Estatu sozialdemokrataren proiektuarekin batera, baina Estatua ez. Estatuari gogor eutsi dio eta, aitzitik indartu egin du. 

Estatu ez-demokrata neoliberala da elite globalek egun duten tresnarik baliagarriena gehiengoaren ongizatearen apur sozialdemokratak desegin eta klase ertaina bera prekarizaziora bultzatzeko (aurtengo PSOEren “lan erreforma” anti-langilea lekuko). 

AEBn adibidez, populazioaren %50 ozta-ozta iristen da hilabete amaierara eta behar edo emergentzia ekonomiko bakar batek zorren putzu beltz eta itogarrira kondenatzen ditu ad aeternitatem. Beraz, euskal independentzia aldarrikatzeko, lehenik, euskal Estatu bat zertarako nahi dugun galdetu behar diogu gure buruari. Greziako eta Kataluniako historiek ondo adierazten duten bezala, ez da errealista (ezta utopikoa ere) Estatu sozialista bat nahi dugula aldarrikatzea. Estatu sozialistaren edo komunistaren proiektua subjektu eta politika zaharkitu batean oinarritzen da (proletalgoa eta bere iraultza komunista) eta egun “sozialista” esaten denean “sozialdemokrazia kapitalista” baino ez da inbokatzen, Kuba, Ipar Korea, Vietnam, Errusia edo Txina ez baitira eredu. “Estatu sozialistak” independentziaren utopiara eraman beharrean, distopia ekonomiko-sozialera eramango gintuzke: Alemaniak gidatutako Europako elite klaseen gerra irabazi-ezina eta euskal gizarteko egitura zaharrenen azaleratze eta gotortzea (hetero-patriarkatua).

Grezian bezala, euskal Estatua bihurtuko litzateke neoliberalismoa hiritargoari krudelki inposatzeko tresna, Urkullu bezalakoen eskutan. Naomi Kleinek ondo deskribatu duen shock capitalismaren lehen Estatu pairatzaile berria izango ginateke Europa hego-mendebaldean. Inperialismo espainiar eta frantsesek zanpatua izatetik, Estatu euskaldunak berak zuzenki zanpatuak izatera pasako ginateke. 

Norbaitek esango du hori, hala ere, aurrerapena dela, eta ez nuke ezetz esango; baina aurrerapen deitoragarria dela gehituko nuke, inongo eduki aurrerakoi eta utopiko gabea. Hots guztiok euskal hiritar neoliberal heteropatriarkal zintzo bihurtzeko promesa besterik ez litzateke, ditugun krisi gehienei bizkarra emango geniokeelarik, krisi ekologikoarekin hasita. Poulantzas eta Andersonek 70ko hamarkadan hasitako Estatuaren eztabaida berhartu behar dugu, Fred Block, Michael Mann edo Bob Jessopen ekarpen berriagoak barneratuz, eta gure egoeratik proposamen berriak eginez, postnazionalismoaren teoriatik abaituta¹. Arnaldo Otegik batzuetan “Europa hego-mendebaldeko Danimarka” izan gaitezkeen ideia aipatzen du, lehen esan bezala, sozialismoa egun sozialdemokrazia kapitalista hutsa baino ez dela inplizituki aitortuz; baina, are, horrelako Estatu sozialdemokratak historia oso luze baten emaitza dira, gurean errepikatu ezin den edo urte gutxitan laburbildu ezin den historien ondorio dira hain zuzen (protestantismoak eragin zituen aldaketa sozial eta ekonomikoekin hasi zen ehundaka urteko prozesu baten ondorio dira). Nafarroan edo EAEn ezker abertzaleak oraindik behin ez du boterea lortu eta EAJek, estrategikoki ezkerra neutralizatzeko erabaki sozialdemokratak hartu baditu ere, azkenean eskuineko ideologia baten alderdia da, demokrazia kristaua. Gure historia “sozialdemokratak” 40 urte eskas ditu eta 1970ko hamarkadan hasitako sozialdemokraziaren krisiaren ondorenean hedatu da.

.

2.- Prekarizazioa.

XIX eta XX mendeko paradigmetatik pentsatzeak duen hurrengo arazoa klase sozialena da. Independentzia prozesu oro, historikoki, klase ertain (eta burges) baten izenean egin da, hots, nazioaren nortasuna gorpuzten duen eta denek parte har dezakeen gorputz politiko horren izenean egin da. Historikoki sujetu hori hetero-patriarkatuaren arabera eratu da eta beraz sujetu ugari (emakumeak, ez-zuriak, ez-heterosexualak…) kanpo utzi ditu. Ironikoki, oraindik ere eredu hori da independentziaren izenean egiten diren aldarrikapen gehienen inkontziente biopolitikoa. Feminismoak, batez ere azken hamarkadan, egituratze biopolitiko hori salatu eta kinkan jarri du. Baina, feminismoa bera ere, klase ertainetik egindako ihardun historikoa izan da Ipar Globalean eta baita EHn. Mari Luz Estebanek onartu duenez, “nire ustez, gaur gaurkoz, erabat urrun gaude azpiratze faktore guzti-guztiak bai teorian bai praktikan elkarlotzetik. Klase-ezberdintasunak, adibidez, alde batera uztea erabat ohikoa da”. Era berean eta Durangon 2019an egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan azaldu zen bezala, emakume postkolonialek salatu zuten euskal feminismoak ere ez duela lortu paradigma horrekin erabat apurtzea.

Globalizazioan, aitzitik, gehien mobilizatu den klasea ez da langilea edo proletalgoa, zeina zanpatuegi eta desideologizatuegi dagoen mobilizazioetan parte hartzeko, baizik eta klase ertaina. Klase honek argi ikusten du ez duela geroaldi argirik egun eta, gerora, bere oinordekoek, gaur egungo gazteek, prekarizazioan amaitzeko aukera handiak dituztela. 

Independentzia eta gero
2020ko urtarrilaren 30eko greba. Arg: Luis Jauregialtzo / FOKU / NAIZ

COVIDaren pandemian azaldu den bezala, kapitalismoaren krisi gero eta hazkorragoek emakumeei, gazteei eta etorkinei eragin diete gogorren, zaintzara ordainketarik eta laguntzarik gabe bortxatu dituztelako edo zuten lana oraindik prekarioagoa bihurtu dutelako. Hots hetero-patriarkatuaren subjektu zapalduek pandemian zehar are zapalketa gehiago jasan dute eta, era berean, klase ertainaren gero prekarioaren irudi eta adierazle bihurtu dira (mehatzeko kanario proberbiala²). EAJ-PSEen gobernuak ertzaintza mobilizatuz gazteei egin dien jazarpena, programa oso ondo pentsatu baten ondorio da. Beraz, argi eta ozen esan behar da: prekarizazio hori indartzeko elite globalek erabili duten instituzio nagusia Estatua izan da. Hala, bigarren arazoa zera dugu: klase ertainaren (batez ere emakumeen eta gazteen) eta etorkinen prekarizazioa areagotuko eta indartuko duen euskal Estatu bat lortu nahi dugu? Erantzuna jakina ezezkoa da. Baina berriro diot, ez dago lehenaldira begiratzerik; ez dago zentzurik edo edukirik ez duten kategoria hutsak erabiltzen saiatzen segitzerik. Sozialismoak ez du erantzunik, prekarizaziora doan klasea ez baita “proletalgo industriala”, klase ertaina baizik (soldata bakar eta egonkor batekin bizi duina eraman zezaketenak, funtzionariak, krisi aurretiko kontratuak zituztenak…); are, dagoeneko prekarizatuta dauden klase nagusiak oso heterogeneoak dira era berean (emakumeak, etorkinak, gazteak…). Alde horretatik, arazoarekin (baina ez erantzunarekin) asmatu duten euskal aktibista bakarrak Gazte Koordinadora Sozialistakoak dira. Oraindik bide luzea dute aurretik: egun era fundamentalista batean aldarrikatzen duten subjektu ahistoriko eta esentzializatua, klase langile-proletarioa (eta klase hori beste edozein klaseren ordezkari edo sinekdoke bezala) atzean utzi ahala, erantzun emankorragoak proposatuko dituzte. Arestian esan bezala, egun, sozialismoak, kasurik onenean, sozialdemokrazia esan nahi du bakarrik eta, are, neoliberalizatuz doan sozialdemokrazia liberala (Ipar Europa eskandinaviarrean gertatzen ari den bezala)³. 

.

3.- Indibidualismoa.

EHn sinbolikoki 1992an hasten dela postulatu dezakegun kapitalismoaren fase globalizatu berriak fenomeno aurrekari-gabe bat ekarri du gurera: kontsumozko indibidualizazioa. Hots, egungo kapitalismo global edo berantiarrak kontsumoa bihurtu du gizartearekiko eta kulturarekiko dugun erlazioaren sarrera eta bide nagusi (bestela saiatu astebete sakelako gabe bizitzen; are, datuak oso aldakorrak badirudite ere, egun 5 mila milioi lagunek dute sakelakoa munduan). Kontsumoak aldiz, bere etekinak maximalizatu nahian, indibidualizazioa areagotu du, historikoki ezagutu ez ditugun mailetara eramanez eta, ondorioz, kontsumoko gizartearekiko erlazio nagusi bihurtuz. Jakina, honek ez du esan nahi gure jardun sozial eta taldekoak erabat galdu ditugunik, baizik eta hauek ere kontsumozko indibidualizazioaren logikara makurtu ditugula: gure izaera soziala kontsumozko indibidualizazio bihurtu da (Whatsappeko edozein taldetan sartu den kide orok ondo idoro eta sufritu duen bezala). 

Independentziaren aldarrikapenak aitzitik ez dio erantzuten egungo kontsumo indibidualistaren logika ekonomikoari, historikoki taldeko fenomeno sozial eta masazkoa izan eta izaten segitzen duelako 4. Alabaina, egun arrakasta duten mugimendu nazionalista gehienak (denak ez badira ere, ikus Eskozia), beste ideologia batean oinarritzen dira: eskuinak hedatu duen “Ordezkatze Handiaren” (The Great Replacement) ideologia arrazista eta klasista, non Europa eta Amerika zuri kristaua “herri barbaro eta garatu gabekoetako etorkinek” ordezkatuko duten, Mendebaldeko “zibilizazioari” amaiera emanez. Are, subjektu formazio kontsumista-indibidualizatu honi erantzuten ez dion heinean, independentismoa indarra galtzen ari da eta, berriz ere, historia zaharrago eta zaharkituago batekin, hots, jardun-sujetu-nortasun zaharkituago batekin asoziaturik ulertzen da.

Telebistako “ratingak” segitzen dituzten adituek dakiten bezala, Hego Euskal Herrian gehien ikusten diren programak Madrildik ekoitzitako Gran Hermano eta Sálvame dira, ez bertako errealitate edo giza dinamikak jasotzen dituzten euskal ekoizpenak. Zentzu honetan, Unai Apaolazak iradoki du, era probokatzailean, egun independentzia eskaerek “folklore huts” bihurtzeko arriskua dutela. 

Are, euskal independentzia mugimenduak ez dio erantzunik ematen kontsumitzaile-indibidualistak sufritzen dituen arazo politiko eta historikoei; hala, sujetu indibidualizatu honen zeruertzetik desagertzen da independentziaren aldarria, aukera politiko erakargarri edo utopiko izateari utziz. Egunetik-egunera haziz doazen euskararen aurkako eraso eta saihesteak deskonexio kontsumista honen “mehatzeko kanario” dira halaber, euskara ez baita aldarrikatzen kontsumo-gai eta -bide indibidualizatu bezala, eta beraz automatikoki kontsumorako “oztopo” edo “enbarazu” huts bihurtzen da, “kontsumitzaile erdaldunaren diskriminazio iturri” ere bilakatuz (alemaniera Nafarroan ez bezala, zeinak “kontsumoaren surplusa” duen, gero ekonomikoki euskara bezain esanguratsua ez bada ere).  

Hala, sujetu kontsumista-indibidualizatuak eratzen dituen protesta eta manifestazio politikoei ezker abertzaleak ez die jakin baikorki eta produktiboki erantzuten. Arazo honetan oraindik “transatlantikoari bira” (Otegi) egiteko dago ezkerra. Ikus ditzagun bi adibide.

EAE erreferentziatzat hartuta, eta Berriak azaldu duen bezala: “herritarren %80k uste dute Jaurlaritza pandemiaren kudeaketa txarra edo oso txarra egiten ari dela”. Alabaina, ezkerrak ez du jakin osasunaren arazoa -EAEko hiritar gehienek ondo maneiaturik ez dagoela indibidualki sinesten dutena- independentziaren mezuarekin lotzen eta bertatik diskurtsu alternatibo politiko eraginkor bat hedatzen. Hots, osasunaren aurkako ezinegonak sortu dituen protesta bakarrak ezkerrak zokoratu egin ditu, “paranoia-negazionismoa-konspirazionismoa” kategoriapean salatuz, eta bere aldetik diskurtso arrazional eta eraginkor bat sortu gabe. Aitzitik  Jaurlaritzak sistematikoki desplegatu du diskurtsu indibidualista oso estrategia kalkulatuz: “hiritarrak arduragabeak dira” (Arantxa Tapia) eta beraz inplizituki “pandemiaren azken kudeatzaile txar, errudun eta kaltegarrienak hiritarrak berak dira, ez gobernua”; “irtenbide bakarra ez da Osakidetza indartu eta hedatzea, baizik eta pribatizazioa”; “lantokia da leku bakarra non kutsatzea ez den gertatzen eta beraz ez dugun kudeatu behar” eta abar. Hots, Jaurlaritzak, bai, osasun krisia era kontsumista eta indibidualizatu batean (pribatuan) azaltzen jakin du.  

Independentzia eta gero

Era berean, Chill Mafiaren arrakastaren eta eskandaluaren atzean, bi logika kontsumista-indibidualista ditugu. Alde batetik, neorruralismoa egungo modarekin elkartuz (txandala, trap…), Chill Mafia kolektiboko partaideek logika kultural berri bat ekarri dute euskal kulturara. Baina, bestetik, Errotxapeako klase prekarizatuen kontsumoko musika (regetoia eta antzeko genero ugari 5) eta honi askotan loturik datorren maskulinitate toxiko indibidualista baina era berean erreibindikatzailea hartu dute beren musika eta jarreren inspiraziotzat, beren Twiterreko diskurtso agresibo, harro eta iraintzailean argien azaltzen den bezala. Erabiltzen duten euskara hibridoa edo “euskañola” ere prekarizazio horren adibide da, klase ertaineko euskaltzale ugariri erreakzio histerikoak eragiten dizkiena hain zuzen, “euskal hizkuntza nazionalaren” proiektua euskañolak prekarizatzen duelako. Hots, taldeko partaideek klase ertaineko feminismoak (eta klase ertaineko beste euskal subjektu abertzale ugarik) onartu ezin duen kontsumoko kultura indibidualista eta prekario bat ekarri dute euskal musikara, zeina gainera erabat komertzializatzeko asmoa duten Last Tour mainstream agentziarekin sinatutako kontratuak argi uzten duen bezala. The Economsiten arabera, Spotifyen gehien entzuten den artista Bad Bunny bada, ezin da gaitzetsi huts-hutsean talde prekarizatu eta etorkinek sortu eta indartutako kultura hibrido eta heterogeneo bat (regetoia eta antzeko beste genero latino-amerikarrak, hots, “musika latino urbanoa” deitu zaiona), zeinaren aldarrikapenetan askotan, ez beti, dagoen maskulinitate edo euskara toxiko bat euskal klase ertainaren (“jurruen”) balioei kontrajartzen zaiolako. 

Kontsumoaren indibidualismoak sortzen dituen kontraesan horiek beren konplexutasunean aztertu eta bereganatu behar ditugu independentziarako kultura eta programa eguneratu bat bilakatu nahi badugu 6. 

Ironikoki, independentziak bere alde dituen plataforma indartsuenetakoak Twitter bezalakoak dira, zeinek Vocentoren edo ETB2ren diskurtsoaren alternatibatzat erabil daitezkeen aukera gutxietakoak diren. Hots, plataforma horiek Argia edo Gararenak ez diren “irakurle konbentzituak” erakarri ditzakete baina, era berean, kontsumozko indibidualizazioak inposatzen dituen dinamikak indartzen dituzte: toxikotasuna, afektu-sentimenduen politika irrazionala, nartzisismoa, reality-show itxurako eztabaidak, trollinga, fobia kultura (misoginia, arrazismoa, homofobia…) eta abar. 

Pello Otxandiano izan da, neuk dakidalarik, arazo hau zuzen-zuzen Errian aldarrikatu duen gutxienetakoa, bere ikuspegia baikorregia bada ere, toxizitatea eta irrazionaltasuna ez baititu kontutan hartzen: “Utopia handiekin batera norberatasuna eraikitzen zuten gizarte egitura nagusiak urtu diren neurrian, indibidualizazio prozesu hazkorrak gertatu dira mendebaldar gizarteetan. Gaur identitate politikoak nitasunetik eraikitzen dira gutasunetik bainoago. […] Askapen mugimendua identitate kolektibo hertsatzaile batetik dator, zeinean gutasunak nitasunei lekurik apenas uzten zien (onerako zein txarrerako). Gaurko munduan, gustatu ala ez, subjektibitate berriak sortu dira, egitasmo kolektiboekiko atxikimendu modalitate berriak. Hau aintzat hartu gabe ez dugu ezer ulertuko. […] Aisialdi eredua ere goitik behera aldatu da. Lehen jendea kalera, tabernara, auzora ateratzen zen etxean zerekin entretenitu ez zuelako. Elkarguneek proiektu kolektiboetarako baldintzak sortzen zituzten, jendea batzeak sorkuntza kolektiborako aukerak errazten zituen. Gaur eskaintza mugagabea daukagu etxetik atera gabe (Netflix, HBO, Amazon prime, edozein baliabide eskura Internet bidez). Netflix jendartea gara. Mundu horrek irentsi gaitu. Bai, gu ere bai. Has gaitezen geure buruak ispiluaren aurrean lotsarik gabe begiratzetik”.

.

4.- Sujetu politiko ezkorra.

Udaberri Arabiarraz geroztik (2011), badakigu egungo mugimendu eta altxamendu politiko gehienak, munduan zehar, ez direla modernoak eta baikorrak (programa politiko esplizitu bat baieztatu eta baikorki aldarrikatzen dutenak), baizik eta ezkorrak: beren aldarrikapen bateratzaile bakarra egungo egoerari ezkorki jazartzea da, hots, egoerari ezetz esatea, zer nahi duten zehazki ez badakite ere, izan ere jende multzo oso heterogeneoak batzen dira ezetzean, Interneteko sare eta aplikazioen bidez, maila indibidualizatu eta kontsumista batean elkar interpelatuz eta mobilizatuz. Zentzu horretan, Erdi Aroko eta Antzin Erregimeneko matxinaden itxura gehiago dute, euskal matxinadak barne, hala nola 1631-1634ko Gatzaren Matxinada. Tradizio sozialista eta komunistatik datozen kritikoek (Badiou, Zizek, Rancière…) sujetu politiko ezkor hau gaitzetsi egin dute, proletalgoaren iraultza sozialistak eratzen duen sujetuarekin bat ez datorrelako eta iraultza marxista-komunista bezalako programa edo utopia aktiboki baiesten ez duelako. Alabaina, kritiko hauek, jada existitzen ez den “sujetu mamu” (ghostly subject) baten nostalgian oinarritzen dituzte beren kritikak eta, zentzu horretan, lehenaldian bizi dira. Egiazko desafioa egungo sujetu politiko ezkorraren dinamika eta funtzionamendu erreala bere hartan ulertzea, bultzatzea eta berarekin bat egitea da, izan ere subjektu ezkor honek ezin du atzerantz ihes egin edo beste inon abaro aurkitu, burnoutean, depresioan, auto-suntsiketan (drogak, auto-mutilazioa, “binge eating” eta abar) ez bada; are,  aurrerantz ihes egiteko aukerarik ere ez du, datorren krisi edo apokalipsi ekologikoa baita gure zeruertz berria. Alde horretatik, subjektu honek du potentzial politikorik handiena botereari jazartzeko, potentzial hori irrazionala bada ere (ezetz esatera bultzatzen duen azken pauso politizatzailea beti afektiboa eta emozionala da, hots, herra, haserrea, gaitzitzea/indignazioa,..). 

Esan bezala, bere ezaugarririk nagusiena “ezkortasuna” da, egongo egoerari ezetz esaten baitio erantzuna zein den jakin gabe: ukazioaren bidez oldartzen zaio kapitalismo global hetero-normatiboari, programa politiko moderno egituratu arrazional eta utopikorik gabe, bere izate neoliberal, kontsumista eta indibidualizatutik. Eta euskal ezker abertzaleak oraindik ez dio erantzun zuzenik eman logika politiko ezkor berri honi. 

Esperientzia katalanak (2006-2017) ondo azaltzen du, bertan haziz joan zen ezinegon politikoa, independentziaren alde azkenean bideratu zena, oso publiko heterogeneo eta askotan ez nazionalista batetik abiatu zela, Madrilgo erabaki baten aurka (2006ko Estatutu Berria legez kanpo uztea) mobilizatuz eta Estatu espainiarrean segitzeak zituen ondorio ekonomikoei ezkorki jazarriz 7. Eta are, gero eta argiago dago, alderdi politikoak independentzia mugimenduari hasieran atxiki zitzaizkiola, ez beren programa politikoetan zegoelako, baizik eta independentzia mugimenduak gainditu zituelako eta mugimenduari batzea baino beste aukerarik suertatu ez zitzaielako. Are, argi azaldu da, ERC eta CIU (eta CIUren geroko mutazio guztiak) ez zeudela prest azken momentuan independentzia-deklarazioak eskatzen zuen pauso politiko eta mobilizatzailea emateko (prest zegoen CUP bakarrik utziz) eta, beldurturik, independentzia aldarrikapena deklarazio hutsean utzi zutela, aurrerantz (atzerrira) ihes eginez. Egungo ERC eta PSOEk hitzartutako negoziazio mahaiaren emaitza gabeziak argi utzi duen bezala, azkenean alderdi politiko katalan “independentzia-zale” nagusienek lortu dutena desmobilizazioa izan da, urak bere arro politikora itzularaziz. Txile bezalako lekuetan lortu dute sujetu politiko ezkorraren mobilizazioek errealitate politiko bihurtzea (konstituzio berria idazteko komisioa) eta han ere alderdi politikoen dinamika gainditu dutelako bakarrik (emaitzak ikustear daude). 

Independentziaren pedagogia egin behar dela aipatu dute kritiko batzuek, eta EH Bildu bezalako alderdiek oraindik ere uste dute independentziaren mobilizazioa gidatu eta kudeatu dezaketela, 2015ko hauteskundeetan “Independentziaren” aldarrikapen eduki-gabeak eman zizkien emaitza beldurgarriak ahaztuz. 

Baina independentziak egun ez du zentzu politikorik alderdi politikoak gainditzen dituen eta kapitalismo neoliberalak eragiten dituen ezinegon politiko eta ekonomiko ugariren aurka asaldatzen den sujetu ezkorrari erantzuten ez badie, logika kontsumista eta indibidualizatua ere mobilizatuz. 

Ezinegon hauek ugarituz joango dira EHn, UPN, PSE/PSN eta EAJ bezalako alderdiek beren programa kapitalista neoliberala hedatzen duten ahala, zeinek, era sintetiko batean biribiltzeko, sektore publikoaren pribatizazioa helburu duten eta horretarako datorren krisi ekologikoari bizkarra emanez. Alabaina, ezinegon horiek ugaldu ahala, ikusi beharko dugu zer norantza hartzen duten bere hartan, elkar kutsatuz eta eraginez (hemen lekurik ez badut ere tesi hau elaboratzeko, derradan laburki, sujetu ezkorraren efektu politiko nagusia besteak kutsatu eta eragiteko abilezia dela) 8. Ez dago aurrez esaterik independentzia bihurtuko den eskakizun politiko ezkor eta kutsakor hauen erantzun nagusienetako bat. Baina alderdi politikoak eta sindikatuak gaindituko dituen dinamika bat izango da, eta, are, ez da mobilizatuko zuzenean eta lehenik euskal nazioaren eta nortasunaren izenean, baizik eta egungo egoera kapitalista neoliberalaren aurka, ezkorki. Gero, ezkortasun horretan, nazioak eta nazio-nortasunak laguntzen badute dinamika horretan murgilduko dira, eta agian erdigune bihurtu ere, baina ez alderantziz. Hau ere ez da sasoiko “botere bikoitzaren” aldaketaren bertsio berri bat, non alderdi abertzaleek Estatu instituzioetan indarra irabazi ahala, herri mugimenduek eta mobilizazioek bortxatuko dituzten alderdiok haustura edo iraultza independentista burutzera. Logika historiko hau konplexuagoa eta kaotikoagoa litzateke 9 eta ez du aurrez determinatutako bide edo mapa argirik (eta azkenean Giorgio Agambenek “botere destituitzailea” dioen politikan barneratuko litzateke, Laclauren ekibalentzia ardatz bakarretik harantzago, antagonismo heterogeneoetan) 10. 

Gure lana sujetu politiko ezkorraren ezinegonarentzat euskal Estatu bat zergatik erantzuna izan daitekeen teorizatzea eta hedatzea da, historia gure alde dugula jakinda (Espainia pikutara doa 11). Hor, alderdi politikoek eta sindikatuek parte izango dute, hala nola posizio-gerra gramsciarrean dihardugun aktibista, eragile eta/edo idazle guztiok; baina Neguko Jauregia hartzeko amets leninistak alde batera utzi behar ditugu eta, era berean, alderdien zentraltasuna eta zentralismoa ere saihestu beharko ditugu (Katalunia lekuko), bestela, kasurik onenean, euskal Estatu neoliberal bat izango dugu, kapitalismo globalaren aginduetara makurtua, non hetero-patriarkatu toxiko eta eraberritu batek aginduko duen. 

*Eskerrak eman nahio nizkieke kide hauei, artikulu hau idazterakoan emandako laguntzarengatik: Eduardo Apodaka, Gorka Erostarbe eta Unai Apaolaza.


[1] Joseba Gabilondo. «Posnacionalismo y biopolítica: Para una crítica multiculturalista del estado y su soberanía en Europa y el País Vasco (notas sobre Habermas y Agamben)». Inguruak: Revista de la federación vasca de sociología 37(2003): 1-23; Babel aurretik: euskal liteaturen historia bat. Tafalla: Txalaparta, 2020. 31-42.

[2] Mehatzetan kanario txori bat erabiltzen zen gas pozointsuak eta eztandagarriak noiz hedatzen ziren jakiteko. Kanario hiltzen zen momentuan mehatzariek bazekiten arriskuan zeudela.

[3] Gazteria klase sozial prekarizatu berri bat bihurtzen ari den hipotesiak mereziko luke azterketa zehatzago bat. GKSak klase sozialak eta sexu-genero zapalkuntza, adibidez, bateratu eta azkenean klase borrokari lehentasuna nola ematen dion ikusteko, irakurri Ainhoa Vidalen artikulua Gedarren. GKSren aurkezpen aldeko bat ikusteko, irakurri Mario Hortal eta Iker Madriden artikulua. Zentzu postmarxista batean, GKS hemen azaltzen ditudan arazoen sintoma, baina ez erantzuna, da eta sintoma guztiak bezala, egia erabat ulertezin edo iritsiezin baten adierazle egiatiak dira.

[4] Badira pentsalari feministak, hala nola Catherine Rottenberg (The Rise of Neoliberal Feminism) edo Nancy Fraser (The Old Is Dying and the New Cannot Be Born), zeinek defendatzen duten feminismoaren azken urteotako arrakastaren arrazoietako bat hain zuzen bere hedatze kontsumista-indibidualizatu-neoliberalean datzala.

[5] Kultur testuinguruaren eta musikaren azterketa zehatzago baterako ikusi Gorka Erostarberen hiru artikuluak.

[6] Gaur egun idealizatuta dagoen Euskal Rock Erradikalak ere maskulinitate toxiko adierazpen ugari zituen eta, sasoiko Eginen, 80 hamarkadan, rocka inperialismo amerikarra zen eztabaidatu zen, euskal mugimendu abertzalearen mehatxu zela ugarik (edo gehiengoak) susmatzen baitzuen, gaurko trap/regetoi/rock hibridoak bezalatsu.

[7] Ikus Josep Maria Antentasen Espectros de Octubre (Sylone, 2019) liburua eta nire Hegel en Barcelona artikulua.

[8] Hemen tesia hedatzeko aukera izango ez badut ere, uste dut, intersekzionalismoaren teoriak ez duela asmatzen dinamika hau esplikatzen eta, azken batean, ez duela indar analitiko eta politikorik.

[9] Honek kontraesan handiak sortzen ditu. Jendeak 1975az gero “nahikoa politika” izan duela eta normalizazioa (alderdi-zazioa) nahi duela baiezta liteke, baina era berean konturatzen dela geroak des-normalizazioa (mobilizazio politikoa) dakarrela eta horregatik daudela ezkorki mobilizaturik (haserre, etsita…).

[10] Allende Alfarok esan duenez, “Garai batean dinamikak toki batetik pentsatu eta nazional mailan aplikatzen ziren, bertako errealitateak zangopilatuz. Gaur egun beste muturrera pasa gara”. Egun beste muturra bihurtu da politika ororen abiapuntu ekidinezina.

[11] Joseba Gabilondo. “Populism and Postimperial Heterogeneity in Spain. Neonationalism and Affect Politics. On Ocho apellidos vascos, Pablo Iglesias, Belén Esteban, Laclau, and the 15M” Arizona Journal of Hispanic Cultural Studies 21 (2017): 187-214.

 

#EztabaidaNazionala

Independentzia eta gero  Independentzia eta gero  Independentzia eta gero  Independentzia eta gero  
Independentzia eta gero  Independentzia eta gero  Independentzia eta gero  Independentzia eta gero  Ind

Idazlea, irakaslea eta literatura kritikaria. AEBtako Michigan Estatuko unibertsitatean irakasle.

4 pentsamendu “[#EztabaidaNazionala] Independentzia eta gero”-ri buruz

  • Kontzeptu batzuekin ez nago batere ados. Heteropatriarkatua ez da esistitzen,patriarkatu hutsa da. Klase ertaina ez da esistitzen,langile klasea da. Ez duzu zertan industria batean lan egin behar langile klasea izateko. LGTBI komunitatea estatua balitz munduko laugarren ekonomia litzateke. Emakumeen pobrezia probestuz umeak erosteko baliatzen duten gay hoiek zein hetereopatriarkatuaren parte dira? Emakumeen gaisotasunak azpi ikertuak daude,gizonenak ez,izan gay edo hetero. Gay bati lan elkarrizketan ea haurdun geratuko den galdetuko diote? Emakumeek pairatzen duten jasarpen sexuala pairatzen dute? Ez. Hori guztia emakumeek pairatzen dute,hetero edo lesbiana. Estatua zertarako? Estatua alimaleko indar bat da,gure nazioaren biziraupena ziurtatu dezakeen egitura bakarra. Horrekin ez direla arazo guztiak konpontzen? Ados,hori gabe gure esku ez dago ezer. Zergatik estatua erdietsiz gero inoren morroi izan behar dugu? Non dago idatzia? Mundua ez dela XIX ta XX mendekoa? Ados,baina hor sortutako kontzeptu guztiak ez dira zaharkituak geratu. Klase ertain kontzeptua burgesiak asmatu du batzuk langileak baino gehiago direla sinistu dezaten,baina ez da ezer,kontzeptu hutsala da. Politikari katalanek kale egin zuten bai,ta Txilekoa iruzur hutsa da. Ez da ezer hobetu ta orain prostituzioaren aldeko,umeen trafikoaren aldeko presidente neoliberal bat dute. Ume ta neskato txikiak hormonatzearen aldekoa,sexua ta generoa bereizten ez duena… Ez dakit zergatik jendeak ezkertiarra dela uste duten. Mundua okerrera doa,bai. Baina estatu barik,beti beste batzuen menpe egongo gara bai edo vai

  • Mikel Haranburu 2022-02-22 12:10

    Ziuraski vai.

  • JOseba Gabilondo 2022-02-22 17:23

    Litekeena da sujetu politiko ezkorra klase bihurtzea, zentzurik marxista-hegelinarrenean (bere buruaren kontzientziaz, beregan eta berarentzat), baina uste dut kapitalismoaren fase historiko honetan (globalizazio ondoko antropozenoa), kapitalismoa bera desegitea dela aukera posibleena subjektu ezkorraren eta haren barne-logikaren eraginez, izan ere apokalipsi ekonomiko-sozial-ekologikora goaz. Hau luzeago hedatuko dut nire triologiaren (Globalizazioak, Populismoaz) hirugarren liburukian (Apokalipsirantz, 2022an argitaratzekoa).

  • josu naberan 2022-02-23 00:12

    Hiru-lau alor behintzat jorratu behar genituzkeela uste dut:

    1- Bat, egungo egoeraren ezaugarriak zehatz-mehatz aztertu.

    2- Etsaia (2030-Agendaren plangintza zehatz-mehatz aztertu).

    3- Egungo egoera plandemiko eta post-plandemikoan, zein indarrekin baliatu gaitezkeen erabaki, 2030 Agendarri aurre egin izateko.

    4- Gure analisiaren konklusioak, egungo jendarte honi zelan transmiti ditzakegun aztertu, halaber.

    – lehenengo atalean, EGUNGO EGOERAREN EZAUGARRIEI dagokionean, zenbait gauza garrantzitsu daukagu, nire ikuspuntuaren arabera, noski:
    a) Elitearen maniobra plandemiko honetan, larriki zauritua gertatu dela (eta gertatzen jarraituko duela) JENDARTE-HURBILTASUNA. Eta hori bagerik, ez zeukeagu zereginik.
    b) jendartea bezatua (DOMESTIKATUA) izan dela, eta Elitearen garaipen horrek bide zabala utzi diola 2030-Agendari.
    c) Elitearen Agenda hori abian dela aspalditik (plandemiare hasierati, duela bi urtetik honatz. BERRABIATZEA (reset-plana) errealitate bat dugula dagoeneko (txikia den guztia suntsitu eta dirua nahiz boterea korporazioei pasatu, Bruselako Diru Funtsaren laguntzarekin.

    -Bigarren analisi-alorra 2030-Agenda horri dagokionean, horren ezaugarriak argi eta garbi bistaratu beharra dakusat:

    a) argi utzi , bederen, Agenda horrek esklabismo unibertsala duela xedetzat, agian biziraupenerako soldata minimo baten truke.
    b) Eliteak argi eta garbi dakusala sakoneko korapiloa: baliabieak agortuz doazela eta populazio-tasa orokorki goratz. Horren aterabidea, beraz, operazio matematiko hutsa da: edo populu narkotizatuaren esklabutza, edo…
    Populua narkotizatzea lortu dute, eta esperientza planetario hori txit ongi eta arrakastatsu atera zaie. Baita jendarte-hurbiltasuna ere desaktibatzea lortu dute. Eskerrak!
    Zeren bestela haien “solución final” aplikatuko dute: populazio zati bat garbitzea fisikoki.
    Jada plandemiaren bidez erdi-lortua dute hori ere. Populazio ez-produktiboa anikilatu dute jada; zaharrak eta umeak.

    -Orain alor gakoa dagokigu aztertzea: zein indarrekin balia gaitezkeen Agenda horri aurre egin ahal izateko: hau da, zein izanen den sujetu-iraultzale-sarea. (Utz dezagun esker-eskuienez hitz egiteari)
    a) Independentisteen Estatu-xedeaz zer esan, barriz?
    Nire ustez, ez genezake desaktibati xede Etatu-zale independentista. Utopikoa dela? Neoliberalismoaren amarrua dela? Baina beste alternatibarik ez dagoen bitartean (eta oraindik behintzat ez dago), Estatu-xede hori gaur egungo ideologia eta horniduraz aberastu beharko genuke…eta Aurrera Bolie! Ez dago beste hoberik.
    b) Europako Sozialismo-Komunismo eta bestetaz zer ebatzi? Ba al dira indar ala ez?
    Nik uste ezetz. Ikusi da Plandemia pandemikoan ez dutela eman taxurik. Lehen unetik bertatik izan dira ABSENTE, eta oraindik ere hala darraite. Beraz, eurak euretara 0-indar.
    c) Emakumeen ahalduntzea. Bai direla indar iraultzaile eta gizarte honen esperantza. Baina benetan IRAULTZAILE IZATEKOTAN, eta ez gizarte kontsumistaren eskaparate.
    Eta hori, feministek eurek ere dakusatenez, indar txit minoritarioa da.
    Beraz, balantze EZKORRA?
    Bada, BAI, balantze ezkorra, IRAULTZA EUROZENTRIKO batera mugatzen bagara. Beno, ahaztut zait “erresistentzia ezkorrarena”. Baina uste dut horrek ez duela izanen Bi boteilloiren iraupen-indarrik ere.

    d) Esan dut IRAULTZA EUROZENTRIKOAK porrota duela bermaturik, bere horretan planteatuz gero.
    Bada bada esperantza izpia: BEREN MAMORIA HISTORIKOA MANTENTZEN DUTEN HERRI INDIGENOEN esperantza.
    Izan ere, herri horiek bai dutela benetako motibazioa, etsaiaren muturra agerian dagoenaren aitzi egiteko: “edo haiek ala gu!”

    Beraz, haien arrimura bagoaz, bai emakume iraultzale ahaldunduak, gehi Europako indar potentzialak edota gure herri hau berau, baldin eta bere memoria historiko indigeno eta intsumisoa bistaratzen duen neurrian; horiek bai, guztiok batera, izan dezaketela oposizio-botere nahikoa POLTIKA-SUJETU SAREA osatzeko.

    4. Eta azken alorra geratzen zaigu. Hau guztia, egungo jendarte narkotizatuari eta hurbiltasun-galerazitakoari TRANSMITEN JAKITEA. Ez da lan makala geratzen zaiguna!
    Gainera HEDABIDE mertzenarioen haize-kontrara.
    Baina tira, ia hamarkada bat geratzen zaigu alor hori lantzeko. Eta ordurako, AGIAN, AGIAN, JEIKIKO DIRA… (Matalast zuberotarrak erran zuenez, Maulen LA FRANCE-ERREPUBLIKARRAK exekutatu zuenean ankerki, liberté/egalité/fraternité lelopean.

    aGIAN, AGIAN…, BALITEKE EGOERA HONEK EZTANDA EGITEA eLITE bOTERETSUAREN MUTURRETAN. hALA BEDI.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude