Turismoa katalanez

Turismoa katalanez –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan ekainaren 15ean argitaratutako testua dakargu Kalamuatik Txargainera blogetik.

Turismoa katalanezEguraldia dugu hizpide Euskal Eurian, halabeharrez. Gutariko asko eguzki-gosez gabiltzanez, egun libre batzuk izanda, hor abiatu ginen Eba Mirentxu legez eguzki bila hondartzara. Abestiko protagonistaren moduan Mediterraneorantz jo genuen, nahiz eta Benidorm ez izan helmuga. Kataluniara joan ginen, Tarragona aldera, kosta hartan dauden herri hiperturistikoetako batera, ezlekutzat har genezakeena. Komertzioak, dendak eta abarrak ikusita non dagoen jakin ezin den horietako bat. Kanarietan, Katalunian, Murtzian edo Huelvan egon zitekeen leku hura.

Aspaldi baten ere izanak ginen bertan, euskaldun asko bezala. Baina oraingoan topatu genuen harritu gintuen zerbait, aurrekoan antzeman ez genuena: hizkuntza erabilera.

Jakinekoa da halako turismo mota duten herrietan sarri ingelesa dela jaun eta jabe, kartelak hala egoten direlako. Edo asko jota, gaztelaniaz, Katalunia izan arren. Oraingoan, ordea, katalanaren presentzia askoz nabarmenagoa zen, edo hala begitandu zitzaigun guri.

Gure hotelean hizkuntza asko entzuten ziren. Kale-neurketa eginez gero, Euskal Herriko leku askotan baino erabilera altuagoa emango luke euskarak. Jakina, beste batzuk ere entzun genituen: errusiera, frantsesa, ingelesa, gaztelania… eta katalana. Ostatu hartutako lagun asko katalanak ziren, eta bertako mintzaira erabiltzen zuen.

Horregatik, beharbada, hizkuntza-paisaia osoa katalanez zegoen, errotulazioa elebidun ia beti, baina katalana lehenengo lekuan. Harrigarriagoa egin zitzaigun jatorduetan buffetean plater guztietako karteltxoak lau hizkuntzatan izatea, eta beti katalana agertzea lehen postuan. Horrela ikasi genuen olagarroari pop esaten diotela; hori dela eta, pop musikak beste dimentsio bat hartu zuen gure irudimenean!

Hotelak bainugelan eskaintzen dituen xanpu, gel eta abarretan ere berdin: lau hizkuntzatan eta lehenengo postuan katalana.

Era berean, langile askok “bon dia” esanez agurtzen gintuzten, jakin gabe nongoak ginen. Euren artean ere katalanez jarduten zuten (hori agian ez da hain bitxia gure begietatik ikusita).

Baina benetan begiak talo laga gintuena telebistarena izan zen. Telebista bi zituzten etengabe isiotuta eta ahots barik hall-ean, harrera-lekuan bata, eta bestea itxarongela moduko baten. Bietan TV3 (telebista katalana) zegoen jarrita edozein ordutan!

Ezin saihestu gurearekin konparazio etengabekoa egitea! Jakin arren Euskal Herrian ez dagoela horrelako turismorik hartzen duen gunerik, eta euskarak ez duela halako masa kritikorik, ezinezkoa iruditzen zitzaigun halakorik; adibidez, Donostiako hotel handi baten era horretako hizkuntza-erabilerarik. Agian jarriko lukete Ongi etorri-ren bat sarreran; pintxos, txakolí tx-z idatzita, baina ezer gutxi gehiago. Eta ETB (bat zein bi) ipinia izatea? Zientzia fikzioa!

Egia esatera, Euskal Herria txikia da, eta esango nuke gure mugetan barruan bidaiatuz gero normalagoa dela landetxeren baten egonaldia egitea, ohiko hotel baten baino, eta landetxe askotan euskararen erabilera zabalduago dagoela. Hala ere, esango nuke kostatuko zaigula aurkitzea Tarragonako hotel horretakoaren modukorik.

Ez dakit hotel-enpresaren jarrera den, edo proces-ak hauspotutako ahalduntze nazionalak eragindakoa, berdin dio. Hemen ere gustura hartuko nuke halako zerbait, naturaltasunez euskara nonahi agertzea. Eskutik oratuta lortuko ahal dugu!

Turismoa katalanez Turismoa katalanez Turismoa katalanez Turismoa katalanez
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude