Transnazional euskalduna muntatzen

Transnazional euskalduna muntatzen

Zenbat gara?

Hiru mila? Hogei mila? Ehun mila? Ez nago galdetzen zenbatek dakiten euskaraz edo zenbat ari diren ikasten euskara edo zenbatek daramatzaten umeak D eredura edo zenbat dauden beste gabe euskararen alde. Ez eta ere zenbatek bizi nahi duten euskaraz. Galdetzen ari naiz zenbat bizi garen euskaraz, Euskal Herrian, Barkoxetik Trebiñuraino, oztopoak oztopo, modu kontziente eta militantean, nahiz eta errealitateak, legeak, merkatuak bestera behartzen gaituzten. Zenbat gara?

Eta zenbateko indarra izango genuke proiektu komun batean bat eginez gero?

Zer antola genezake?

Demagun enpresa bat sortzen dugula. Transnazional bat, Frantzian eta Espainian operatzen duena, kapital pribatua erabiliz, eta zerbitzuen arloan duena bere produktu nagusia: euskaldunentzako zerbitzuak. Hala, euskaldunok premia eta gabezia handienak non ditugun, eta hortxe bilatuko genituzke geure nitxoak.

Har dezagun zaharren zaintza, adibidez. Zenbat edadetu euskaldun ez ote dira egun ikusten euskaraz ez dakiten zaintzaileen ardurapean? Gure enpresak alor horretan eskua sartuko balu, ez al luke lagunduko zaharrei azken urte duinak ematen, euskararen balio soziala handitzen eta etorkinen integrazioa bultzatzen? Adibide bat baino ez da. Pentsa ezazu, ariketa moduan, non gehiago eduki lezakeen eragin positiboa gure baltzuak: haurtzaintzan, taberna eta dendetan, etiketagintzan, bidai agentzietan, higiezinen merkatuan…

Diru kontuak

Baina nondik atera hasierako kapitala? Jo dezagun berrogeita hamar mila euskaldun landunek 100 bana euro ipintzen dutela, urtero. Horra 5.000.000 euro urtean. Aizu, 100 euro jartzen dituzu urtero-urtero Berriari laguntzeko, zergatik ez beste horrenbeste ipini euskaldunon transnazionalaren alde? Gehiago ahal eta nahi duenak, noski, gehiago jar dezala. Eta ezin duenak? Euskaldun horiek ere babestu behar, ezta? Ikusiko genuke nola egin (geure Gizarte Ekintzaren bidez, esaterako).

Gainera, ondo joanez gero, urte gutxi batzuetan, dirua ipintzeari utzi ez ezik, dibidendoak jaso ere egingo genituzke agian.

Sozialetik pribatura

Enpresa serio bati dagokion eran, gureak ez luke ideologia politikorik. Ez ezker, ez eskuin. Euskaldun bakarrik.

Asoziazionismoa oso indartsua izan da euskaldunon artean. Hamarkadak eman ditugu euskararen alde musu-truk borroka egiten. Baina orain nekea antzematen zaigu, gero eta zailagoa dirudi jendea mobilizatzeak. Bada, egin dezagun diruagatik orduan. Gehienok ez genuke ezer egin behar, hasierako kapitala ipintzeaz aparte, eta kudeatzaile talde batek egin lezake lan guztia, betiere auditoria bat pasarazten zaiola urtean behin.

Arrakasta lortuko bagenu, euskalgintzaren motor bilakatuko ginateke: euskalgintza pribatua, alegia, ez-subentzionatua. Gizarte osoa izango litzateke arrakasta horren onuraduna, esan beharrik ez dago, baina batez ere guk irabaziko genuke (irabazi soziala eta, zergatik ez, ekonomikoa), bai eta komunitate euskaldunaren parte izan nahi luketen guztiek ere.

Bi galdera

Hispanitate eguneko burutazio hauek pitokeria irudituko zaizkie bati baino gehiagori, baina eskatuko nizuke idazki honen muinari erreparatu eta galdera bi hauei buruan buelta bat emateko:

  1. Bat egingo bagenu euskaraz bizi garen guztiok, edukiko al genuke indar nahikorik zerbait aldatzeko gizartean?
  2. Ideia ona ote litzateke euskalgintzak bide pribatutik jotzea?

Transnazional euskalduna muntatzen

20 pentsamendu “Transnazional euskalduna muntatzen”-ri buruz

  • Bat egingo bagenu euskaraz bizi garen guztiok, edukiko al genuke indar nahikorik zerbait aldatzeko gizartean?

    Tira, euskaraz bizi diren guzti-guztiek ez lukete parte hartuko, baina ondo legoke euskaltzaleek horrelako ekimenen alde egitea. Bestalde, tokian tokiko beharrak ezberdinak dira eta agian egitura deszentralizatua izan beharko litzateke (adibidez, Gasteizko edo Tolosako euskaldunen egoera desberdina da).

    Ideia ona ote litzateke bide pribatuaren alde egitea?
    Nire ustez bai. Euskaldunok oso ohitutak gaude administrazioak euskalgintzari ematen dizkion apurretara eta hori ez da nahikoa.

    Lehen urratsa euskalgintzak maila nazionalean eta tokian tokiko mailan dituen hutsuneak identifikatzea litzateke.

  • Ideia ederra Gilen.

  • Benat Castorene 2020-10-12 21:54

    1) Zure proiektua izan daiteke orobat anbizios eta halaber neurrizkoa da. Ez da euskal gizarte osoa eraldatzea baizik eta sorkuntza konkretu eta mugatu bat kanpoko laguntza mobilizatuz. Beraz teorian egingarria da, izan ere aski litzateke gure indarrei eta baliabidei egokitzea. Euskal populuak ez balu horrelako ideiak gauzatzeko kapazitatea akabo litzateke. Erronka handiena ez da kapital iniziala biltzea baizik eta da proiektu sozio- ekonomikoa eremanen duen taldea osatzea. Hau bai erabat euskalduna behar du izan.
    2)Ene ustez, kooperatiba modelo hobetu baten bidea egokituko litzaioke proiektuari. Ezker edo eskuin izan gabe, inspirazio sozial aurreratua behar du. Bainan aktibitateari dagokionez, zer nahi posibilitate daude. Adibidez, zergatik ez imaginatu baztertu modelo misto bat orobat zerbitzuzkoa eta produkziozkoa.

  • Idea ona, bai. Baina ez dezagun ahaztu, oso gutxi gara. Ez gara gai egunero egunkari bat kaleratzeko, beraz…

  • Gilen Mejuto 2020-10-13 10:57

    Horregatik jo behar genuke dibersifikaziora, ahalik eta premia gehienei erantzungo lieketen zerbitzuak eskaintzeko. Produkzioari dagokionez, berriz, euskaldunena baino merkatu zabalagoak eduki litezke jopuntuan, kontsumoko eta teknologiako produktuak fabrikatzeari begira, horiek izan bailitezke etekin iturri nagusia. Betiere funtzionamendu eta langileria euskaldunekin eta euskarari ikusgaitasuna eta lehentasuna emanik.

  • Bittor Hidalgo 2020-10-13 11:18

    Nik ere izan dut kera horretako burutaziorik behin baino gehigotan… Eta ez nik bakarrik… Ea nor…

  • Benat Castorene 2020-10-13 11:32

    Egia erraiteko, ez dut argi konprenitzen zer den zure tranznazional euskaldun horren helburua.
    Halaere iduri du zure ideia horrek baduela, inspirazioan bederen, zerbait ikusteko iraganean aipatu nuen kibutzaren hipotesiarekin. Diferentzia handiarena eta erabakigarriena da parte hartzaileen bizi-kokapena, auzo tipi bat edo etxalde zabal amankomun bat bat izan behar dena kibutzaren kasuan.
    Modelo horrek ez ditu horrenbesteko jende ostea eta kapitala mobilisatu behar, epe laburrean proiektu ekonomikoki bideragarria izan behar du eta. Aldiz bertan lanaren filosofia aurreratu bat pratikatu behar ginuke euskararen pratikarekin batera. Horretarako behar da protagonista gai talde sendo bat.
    Berriki Argian irakurtzen nuen Sakanan zegoen esperientzia bat horrelako zerbaiti pentsarazi zidana.

  • Saiatuko naiz apur bat gehiago zehazten kontua, ahaztu gabe gehiegi gogoetatu gabeko burutazioa dela.

    Hona erantzunetan aipatutako puntu interesgarri batzuk:

    – euskalgintzak maila nazionalean eta lokalean dituen hutsuneak identifikatzea
    – tokian tokiko behar ezberdinak kontuan hartuko lituzkeen egitura deszentralizatua sortzea
    – proiektu sozio-ekonomikoa eramanen duen taldea eratzea (erabat euskalduna)
    – kooperatiba modelo hobetua, inspirazio sozial aurreratukoa
    – modelo mistoa, zerbitzuzkoa eta produkziozkoa
    – kibutzaren eredua, baina printzipioz bizi-kokapen komunik gabe (nahiz eta luzara aukera hori ere badagoen; lurrak erostea ere izan liteke gure negozioaren parte).

    Horiek kontuan hartuta, eta gaian dudan erabateko ezjakinetik, urrats hauek bururatzen zaizkit:

    1. Talde “amateur” batek proiektuaren nondik norakoak zirriborratzea:

    – tokian-tokiko beharrak handi-handika ikusi
    – euskalgintzak dituen hutsuneak identifikatu
    – proiektuaren izaera orokorra zehaztu

    2. Ondoren, “profesionalen” esku utziko litzateke lehen urratseko elementuen azterketa sakon eta fidagarria egitea.

    Beñaten eredu mistoari jarraikiz, alde soziala eta enpresariala bereiz litezke. Hala, demagun, Topaguneak jorra lezake lehenengoa, eta Mondagon Unibertsitateak edo Taldeak merkatu azterketa egin.

    Horretarako diru bat bildu beharra legoke aurretik, jakina.

    Hona beraz zeregin batzuk:

    – premiak (nitxoak) lehentasunaren arabera zerrendatu
    – lehen faserako jarduera egingarriak proposatu (merkatu-azterketak eta)
    – enpresaren eredu ekonomikoa proposatu
    – diru beharrak kalkulatu

    3. Eta orduan lehen faserako behar den kapitala bildu eta proiektua eramango duen taldea (edo taldeak) eratu.

    Euskalgintzan badira esperientzia pribatu batzuk (Berria, AEK…). Haien aholkularitza/partaidetza ere onuragarria litzateke.

  • Beñat, ez dakit Gasteizen sustatu diren ekimen hauek ezagutzen dituzun (lehena ez dakit aktibo jarraitzen den).

    https://www.argia.eus/argia-astekaria/2260/gasteizko-haurrak

    https://www.zabalganabatuz.org/zabalgana-euskara-taldea/

    Auzoan euskaraz aritzeko ekimena izan daiteke kibutzarekin antzekotasun handiena izan dezakeen ekimena. Noski, kibutzaren komunitatea antolatuagoa dago (komunitatea berez elkar bizi da), baina hirietan zona euskalduna sortzea ekonomikoki zailagoa denez (etxebizitzen prezioa…), dagoen alternatiba bakarra euskaraz aritzeko guneak sortzea litzateke (parkea, taberna…)
    Pentsa gaur egun euskaraz jolasteko biltzen diren ume horiek etorkizunean euskaraz arituko diren lehen lagun taldea izan daitekeela, non eta Gasteiz erdaldunean.

  • Benat Castorene 2020-10-13 14:49

    Milesker Gaztezieko esperientzia ezagutarazirik, inportantea izan daitekeelako hiri handi erdaldun haur euskaldunendako.
    Baina nik Argian ikusi nuena berrikitan, ziordakoa, hau da:
    https://www.argia.eus/argia-astekaria/2699/ziordiako-amarauna
    Hor ez dut ondo ikusten zer konpromiso zuten euskararekin ez eta beren proiektu ekonomikoa ere (kanpotik bederen) piskat dirudi. Aldiz eta txalotzekoa da ez direla erabat beren gainean bildurik bizi kanpoarekin harremanduak segitzen dutela.
    Espero dut ez dutela bertan behera utzi iradokitzen duzun bezala, penagarria litzateke.

  • Aupa, ez dakit ezagutzen duzuen telegram eta whatsappen aritzen den EUSKARRI kanala. Hantxe euskal gizarteko gai ezberdinak jorratzeko taldeak sortzen dira eta hemen aipatutakoa lantzeko aukera izan dezakegu. Euskaldun dezente dago bertan eta ziur nago askok ekimen honen alde egingo luketela.

    https://t.me/ euskarri (telegram)
    https://chat.whatsapp.com/ CTP6ECVOD9BFQiYXTxTOd4 (whatsapp)

    (Lotura kopiatzean /-ren ondoren dagoen hutsunea ezabatzeaz ez ahaztu, hau da: “.me/(hutsunea)euskarri”-ren ordez “me/euskarri”- idatzi, dena batera).

  • Gogoeta ttiki-ttiki bat: gure etxe hurbilean, egunero jendeari otoi eskatzen aterpea bilatzen dutela… bai ONG horietaz ari naiz. Sozioen bila… egunero. Ez dut gaizki ikusten… baina niri nork eman behar dit aterpea? Euskaldun bezala goian zerua eta behean lurra nago.
    Bai, Gilen, ongi deritzot gu ere gure etxerik gabekoentzat zerbait egiten hastea. Lehenik geren buruak, eta gero besteenak

  • Bai eta bai, Gilen.
    Ideia ederra.
    Ñabardura bat soilik. Hori ez litzateke ekimen pribatua, publikoa baizik, solidarioa eta euskalduna, erakunde pblikoek antolatua ez izanagatik. Egitasmo publiko nazionala, alegia. Merezi du.

  • JJ-na lapidarioa, la kuadratura del circulo. Gizarte paraleloa.
    Errealitatea ordea, bestelakoa da.
    https://www.berria.eus/paperekoa/1872/006/001/2020-10-15/pobreen-hizkuntzak.amp.html?__twitter_impression=true&s=08

  • Proposamen hau azkenean noizbehinka plazaratzen den ideia izango da ala ideiatik haratago egingo du?

  • Aupa, Hego. Baliteke kontua eztabaidagai izatea Plazara Gatoz!ek aurki egingo duen bilera batean. Ekarpenik egin nahi baduzu, plazaragatoz@gmail.com helbidera bota ahal diguzu.

  • Benat Castorene 2020-10-19 09:28

    Bai gai horrek merezi luke berez eztabaida bat.

  • Ez litzateke hobe interneten bidez aritzea? Telegram edo bestelako mezu aplikazioak erabil daitezke.

  • Hego, bilera telematikoa izango da. Mezu aplikazioak nik ez ditut maite horrelako eztabaidetarako.

  • Tira, bilerak telematikoak izatea logikoa da, baina gai ezberdinak jorratzeko nahiago ditut mezu aplikazioak. Bilerak aldizkakoak dira, mezu aplikazioetako interakzioa, ordea, jarraia da; ideiak plazaratu daitezke eta handik gai ezberdinak jorratzeko lantaldeak sortu.