Indarkeria gurean

Indarkeria gurean –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Iritsi da berriro «Patria»ri buruz hitz egiteko garaia. Aurrekoan Aramburuk idatzitako liburuaren arrakasta izan zen aitzakia. Orain HBOk estreinatu berri duen seriea. Zeharka hitz egingo dut hemen. Ion Arretxeren testigantza eta Ander Iriartek torturari buruz egindako dokumentala aipagai.

Indarkeria gureanAste honetan ez dut egunkarietako artikulu gehiegi irakurri (periodikoetako papera gutxitu dut behin udako oporrak amaitu ondoren). Baina bai leitu nuela pasa den igandeko Noticiasen Jorge Nagoreren Patrias eta bere horretan sinatuko nuke bertan esaten dena.

Ez baitut liburua irakurri (hori bai, Iñaki Rekartek sinatutako bai irakurri nuela eta hau egia bada… zati bat konbalidatuta daukat) eta ez dut seriea ikusi. Adinean aurrera egin ahala, gero eta okerrago daramat norbaitek (iritzi publikoak edo publikatua bada, are gehiago) zer egin behar dudan esatea. Agian egunen batean irakurri eta ikusiko ditut biak, bata edo ezer ere ez, baina orain beste lehentasun batzuk ditut.

Halere, pasa den asteburuan gaia atera zen lagunen arteko hitz aspertuan. Gure lagun baten semeak (28 urte, oker ez banago) irakurrita zuen nobela. Gustatu zitzaiola esan zigun, baina astean zehar Tele5 kateak antolatutako mahai-inguruarekin zegoen ernegatuta. Bere esanetan, kapitulu bat emititu ondoren, mahaia muntatu zuten hainbat pertsonarekin. Denak alde batekoak zirelako haserretu zen, ez zegoela inolako orekarik.

Jorge Nagorek Non dago Mikel? dokumentala aipatzen du bere zutabean. Ni ere Mikel Zabaltzarekin gogoratu nintzen. Zehatzago esatearren, operazio berean, duela 35 urte, atxilotutako Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburuarekin. Duela urtebete pasatxo irakurri nuen testigantza latz hura eta hemen idatzi nuen hari buruz Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna.

Berriki Ander Iriartek abiatu du Krask soinua dokumentala finantzatzeko kanpaina Goteon. Igande goiz honetan egin dut nire ekarpena. Torturari buruzkoa da eta bideo labur honetan kontatzen digu zein den asmoa.

Biktima guztiek dute nire errespetua. Ez nuke inor iraindu nahi. Sufrimendua latza baita eta horrek ondorioak baititu.

Kontakizun asko behar ditugu eta, zorionez, gero eta gehiago kontatzen ari da.

Lagunaren semeak liburua irakurri eta hitz egitekotan geratu ginen.

Indarkeria gurean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.