Tokiko hizkuntzak suntsitzeko politikari ez!
Tokiko hizkuntzak suntsitzeko politikari ez!
Seaskak Enbata agerkarian idatzia.
Joan den urtean bezala, Piarres Larzabal, Xalbador, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 179 ikasleek baita ere Bernat Etxepare kolegioko 3. Proko ikasleek Brebetako zientzietako azterketak euskaraz egin dituzte. Errektoretzak joanden urtean bezala zuzentzaile elebidunak deituak zituen epaimahainera. Bainan joanden urtean ez bezala errektoretzak azterketa zentroak deitu ditu euskarako kopiak bahitzeko, ez ditezen zuzentzaileei banatuak izan. Orotara beraz 179 kopia ez direnak zuzenduak izanen ! 14 urteko 179 kolegioko ikasle zigortuak izanen dira!
Ez da kasualitatea, ez da aurrekontu aitzakiarik, hizkuntza gutxituenganako Frantziako Estatuaren politika berriaren ondorioa da. Jokamolde berri bat tokiko hizkuntzen irakaskuntzari ahalik ez emateko, hizkuntzaren ospea kaltetzeko asmoz, hizkuntza familiako eremura muga dadin, azterketarako baliagarri diren hizkuntzak ez daitezen izan, ez Bretainian ez eta ere Euskal Herrian.
Emmanuel Macron hautagaiak kanpaina garaian hitzemanak ahantzirik, Frantziako hezkunde ministeritzak tokiko hizkuntzen suntsitzeko politika martxan eman du, eta horrela, Frantzia, errepublikaren lehendakariak martxoaren 20an adierazi duen helburura heldu nahi dute, Frantziar Estatua izan dadin « frankofoniako herri bakarra, nun frantsesez bakarrik mintzatzen den » .
Ikastolak eta tokiko hizkuntzetan ari diren beste eskolak garapen handia ezagutzen dute azken urteotan. Bainan parean, ez da iñoiz hain irakasle postu gutti sortu azken 20 urteetan. Nicolas Sarkozyren garaian nahiz eta milaka irakasle postu desagertu Frantzian, tokiko hizkuntzetan ari ziren eskolak lagunduak izan ziren. François Hollanden garaian murgiltze eskolen hazkundea kontutan hartua izan zen. 2017 eta 2018 urteen arteko konparaketa egiteko, 2017 sartzerako 15 postu erdietsi genituen Najat Vallaud-Belcacem-en ministeritzatik, Jean Michel Blanquer-ren ministeritzatik 2018ko sartzerako, aldiz, 1,5 postu emanen dizkigu (ikastoletan 230 haur gehiago eskolatu beharko ditugularik).
Politika linguizida eta kolonial berri honen aurrean, Euskal Herria deitzen dugu bere haserrearen agertzerat ondoko egunetan, eta bereziki uztailaren 28an, Ipar Euskal Herrian gaindi pasako den Frantziako Itzuliaren etapa nagusian.