Swahiliz
Swahiliz –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Iruñeko sanferminetan beti dago harritzen gaituen zerbait. Jai luzeak direlako, edota milaka pertsona joaten direlako, beti daude anekdota eta susedidoak. Gainera, bertan egon barik ere, beste guztiok jakitun egoten gara, gertatutakoa komunikabideetan aireratu eta zabaltzen delako, abuztuko albistegietako aurrerapen gisa, udan notizia emankizunak urritu egiten direlako. Aurtengo jaietan ugaria izan den esatari batek eman digu perla, tamaina handikoa, eta perlagintzan oso trebea den arren, Television Españolan botatakoa Pelegrin perla bezain handia, gutxienez, izan da.
Kaliforniarrak lan bi okupatu ditu telebista publiko bitan sanferminetan: ETB1en euskaraz, eta entzierroetan, TVEn, gaztelaniaz. Espainiako telebista publikoan, iragarki batean, euskaraz hasi zen, baina hauxe tartekatuta: “Voy a hablar en suajili” (Swahiliz mintzatuko naiz).
Swahiliz! Gure hizkuntzan jarduteari swahiliz aritzea dela esan! Hainbeste diosku esaldi horrek esatariaz! Alde batetik, ez dakiela zer den swahilia. Afrikako hizkuntzarik garrantzitsuenetakoa da, lingua franca lanak egiten dituena Afrika mendebaldean, guretako ingelesa lez. Milioika pertsonaren bigarren hizkuntza da. Beraz, ez da mintzaira arraroa, ezezaguna eta misteriotsua. Agian, gure belarri zuriendako bai, swahili izenaren sonoritatean baino geratzen ez garelako, oso afrikarra eta primitiboa begitandu lekigukeelako. Jakina, ikuspegi kolonial zuria agerian lagatzen du. Salakot kaskoa baino ez zitzaion falta buruan metxa horidunari.
Beste aldetik, euskaldun baten ahotik halakoak botatzea mingarria da, eta audientzia erdaldun baten aurrean, askoz mingarriagoa. Zer dio gutaz barre txiki batekin swahiliz hitz egiten dugula adierazteak? Hizkuntza arraro, urrun eta ulergaitza esan nahi duenean swahiliak? Jator ustean ibili, ikusleari keinua eginda, baina jatorkerian jardun, gure hizkuntza maite ez dutenen jokoan jausita. Etsaien sarean harrapatuta, Etxarlako usoen moduan. Eurek jotako musikarekin dantzan egin. Baina beti irribarre artean, sinpatikoak garela jakin dezaten.
Dena den, Lesakako oihularia ez da bakarra zeregin honetan, zoritxarrez. Beste askok ere mespretxatzen dute euskara antzeko kontuak adierazita. Izan ere, zelan gustatzen zaion euskal hiztun komunitateari euskararen antzinatasuna, zailtasuna eta arrarotasuna aldarrikatzea! Nahikoa ez balitz bezala hizkuntza gutxitua izatea. Plus bat jarri behar diogu, itxura denez, errespeta gaitzaten, aintzat hartua izan dadin.
Baina badakigu zelako kaltea eragiten dugun halakoetan? Nork nahi du ikasi hizkuntza zaila? Zeinek egingo du esfortzua mintzaira arraroa eta modaz pasatutakoa bereganatzeko? Zertarako berba egin hizkera zaharra beste hiru hizkuntza indartsu eta boteretsu izanda inguruan?
Geure buruari harriak botatzen dizkiogu etengabe. Lehenengo gramatika argitaratuaren izenburuak dena dio: El imposible vencido (Ezina egina). Larramendik apologia egin nahi zuen, baina betiere euskara begitan hartuta zutenen argumentuen tranpan jausita, guregan zuten begirada kolonialean estropezu eginda, gu ere errepikatzera kondenatuta.
Inoiz ahaldunduko ote gara? Lagako ote diogu inoiz beste batzuk eta geure burua gutxiesteari? Ikasiko ote dugu inoiz swahilia?
Swahiliz
Iantzi jauna ez da bat ere nire gustukoa, baina honetan, esandakoak, ez dut uste horren larria denik. Eta euskararik ez dakien batentzako, euskara entzutea swahili, suomi, serbio edo munduko beste edozein hizkuntza entzutearen modukoa izan daiteke.
“Swahiliz”
Ez dakit (badakit) zein zioz esango zuen, baina ohore da gure hizkuntzarentzat “Sahiliz” hizkutzarekin alderatzea- Oi hala euskerak “Swahiliren” osasuna balu!!