Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate –

Isabel Etxeberria Ramirezek, 31 eskutik blogean.


Gero eta gehiago, gero eta gehiagotan. Etxean afaltzen ari garela, edo kalean nonbaiterako bidean oinez goazela, beren intereseko zerbaitez hitz eta pitz ari zaizkidanean, gaztelaniaz hitz egiten didate semeek. Harridura eta kezka sortzen dit horrek, baita lotsa ere, batez ere etxeko intimitatetik kanpo jendaurrean eta lekukoak ditugula gertatzen denean. Eta konturatu naiz zenbait estrategia garatu ditudala inkontzienteki, eta ikusten badut, adibidez, semeetako bat zerbait gaztelaniaz kontatzen ari zaidan bitartean espaloian aurrerago halako datorrela, hizpide duen gaiari buruzko galderaren bat egingo diot semeari —euskaraz, noski—, dena delako herrikidearekin gurutzatu behar dugun momentuan nire euskarazko jarduna izan dadin entzuten duena, edo semea une horretantxe euskaraz erantzutera bultzatuko dudan esperantzan.

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate
Arg: Pexels

Ez da broma. Seme nagusiak 13 urte ditu; txikiak, 8. Txikiagoak zirenean hizkuntza-banaketa bitxia egiten zuten jolasean ari zirenean, niri garai hartan (inuzente halakoa!) barregarria egiten zitzaidana. Demagun:

A: Ni pirata bat nintzen eta zu lapurra, eta altxorra lapurtu nahi zenidan.
B. Bale. Dime dónde está el tesoro!
A: Nuncaaaaaa!
B: Eta orduan nik ezpata magiko bat ateratzen nuen. Dime dónde está el tesoro o te daré con mi espada mágica.
A: Eta orduan nik nire lagun dragoiari deitzen nion. Dragón, ayúdame! Tenemos que quitarle la espada!

Banaketa argia da: narratzailearen ahotsa, argibideak, hizkuntzaren erabilera instrumentala, euskaraz; edukia, fikzioa, hizkuntzaren erabilera estetikoa, gaztelaniaz. Hau da, funtzionatzeko, euskara erabiltzen zuten. Baina adierazkortasuna bilatzen zutenean, gaztelaniara jotzen zuten. Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.

Bada, semeak koskortzen ari dira, eta haien interesak (zaharrenarenak batez ere) gero eta lotuago daude ikus-entzunezkoetara: telesailak, bideojokoak, streamerrak, youtube shorts, tik-tokeko bideoak… Gaur egun haien artean eta gurekin dituzten elkarrizketak eduki horiei buruzkoak izaten dira neurri handi batean, horixe baita haientzat une honetan, guk nahi ala nahi ez, haien bizitzetako atal garrantzitsu bat. Hala, bada, seme nagusiak ilusio handiz bideojoko batean maila goragoko bat nola lortu duen esplikatzen didanean, gaztelaniaz azaltzen dit. Eta seme txikiak bere gustuko telesail batean pertsonaia batek beste bati egin dion zirtoa barre-algaraka errepikatzen didanean, gaztelaniaz kontatzen dit. (Eta hau esanda, zera bururatu zait: gure seme txikiarentzat umorearen eta adierazkortasunaren eredu nagusietako bat estatubatuar gidoigile batek ingelesez pentsatu eta beste norbaitek gaztelaniara itzulitako txisteak eta hitz-jokoak direla. Marka da, gero!).

Haien arteko elkarrizketek ere txikiagoak zireneko haiek gogorarazten dizkidate neurri batean, baina gazteleraren pisua are handiagoa da orain. Adibidez:

A: Badakizu egin ahal duzula una máquina para teletransportarte a tu casa cuando quieras?
B: Bai. Baina kalkulu hori egiten duzu eta izango zen super zaila.
A: Bai, baina nola egiten duzu la máquina?
B: Ez dakit.
A: Nola egin ahal duzun con arena de almas y agua un ascensor…?
B: Bai.
A: Ba jartzen duzu un ascensor de esos. Lurrean. Tiras un ender pearl y el ascensor sube el ender pearl, y se queda arriba y no se choca con nada. Pones al lado un pistón y una palanca. Imagínate que estoy super lejos. Le digo a X: X, por favor, teletranspórtame. Le da a la palanca, entonces el pistón se abre, toca la ender pearl y yo me teletransporto ahí. Ulertzen duzu?
B: Bai.

Hau da errealitatea, lagunok. «Hau da gure etxeko errealitatea» esan beharko nuke agian, baina egingo nuke inguruan adin bertsuko haur eta gaztetxoak dituzuenoi ez zaizuela arrotza egingo erretratua.

Inoiz zaharrenari ohartarazi izan diodanean («konturatzen al zara bost minutu daramazula niri gaztelaniaz hitz egiten?»), gaztelaniazko zerbait kontatzen ari zitzaidala erantzun dit. Eta ondoren: «Ni ez naiz itzultzailea, ama». Hori da, nire ustez, kontua: ez dutela zertan itzultzen aritu, beste hizkuntza batzuetako gaztetxoak aritzen ez diren bezala. Euskarara itzulita (edo euskaraz sortuta) jaso beharko lukete dena, baina erdarara itzulita (edo erdaraz sortuta) jasotzen dute gehiena. Haientzat inportanteak diren erreferenteak erdaraz iristen zaizkie.

Batek pentsa lezake halako edukiei buruz hizketan ari direnean bakarrik jotzen dutela erdarara. Baina konturatuta nago azken aldi honetan bideojoko eta telesailetatik kanpoko kontu pertsonalez ari direnean ere gaztelaniara pasatzen direla batzuetan. Eta etxe barruko erabileraz ari naiz; guri —guri!— erdaraz hitz egiteaz. Bestea, kalekoa, lagunen artean erdaraz aritzearena, galdutako borrokatzat jotzen dut aspalditik. Bada, dena delako kontakizuna emozioz jantzi nahi dutenean —etxeko lanengatik purrustadaka ari direnean, adibidez, edo eskolan ikaskideren bati gertatuko injustizia batez…— gaztelania erabiltzen dute tarteka. Beren diskurtsoa indartzeko gainantzezten dutenean, alegia, euskara motz-edo geratzen zaie, eta gaztelaniara jo behar izaten dute adierazkortasun bila.

Baten bati zalantza piztu balitzaio ere… Gure semeek gero eta gaztelania gehiago erabiltzeak ez du zerikusirik euskararen zailtasunarekin. Gure semeek lasai asko esan dezakete diezazuket, eta ez dute batere arazorik erlatibozkoak erabiltzeko. Gakoa beste bat da hemen: interesgarriak zaizkien eta erreproduzitu nahiko lituzketen edukiak eta hizketa moldeak erdaraz jasotzen dituzte.

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate  Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate  Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

9 pentsamendu “Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate”-ri buruz

  • “Gazteleraz egiten badidazu, halako zartako bat emango dizut, non dantzan jarriko zaitudan!”. Nik horrela zuzentzen ditut jokaera hauek, konplexu barik.

  • Ingelera makulu moduan erabili. Errazagoa, egingarria eta alternatiba bikaina

  • Mikel Haranburu 2023-10-27 10:30

    – Noiz eginen dute gazteek Euskaraz?
    – Gure adina dutenean, motel.

    Ez dut uste teknikak eta estrategiak egokiak direnik… tranpak direlako, amarruak… Uste dut gazteek ez diotela hizkuntzari duen garrantzia ematen. Guk, helduok eta sasi-helduok, batzuk behintzat, badugu kontzientzia hori, eta guretzat -gutxirentzat, tamalez- hizkuntza garrantzitsua da.
    Kontua da gazteek eta umeek jakin behar dutela guretzat oso garrantzi handikoa dela hizkuntza, eta hortaz, geure hizkuntzaz egitea premiazkoa dela guretzat. Hori ikusten dut bide bakar. Gainerakoak behartzea, bortxatzea dira, eta luzera begira etekin eskasa izanen dugu.
    Banuen lagun bat, baserrikoa, kalera jaitsi zenean dena Gaztelaniaz egiten zela ikasi zuena; herra hartu zion Euskarari, ezertarako gauza ez baitzen besteen aldean. Eta aitarekin liskarrak eta iskanbilak noiznahi, etxeko hizkuntza Euskara zen eta.
    Hori bai, baserrian zegoelarik, etxeko txakurrari Euskaraz egiten jarraitzen zuen lagunak, bestela ulertuko ez ziolakoan. Txakurrarentzat garrantzitsua zen hizkuntza…

  • Horregatik zartako bat ematearen erantzuna Mikel, niretzako garrantzi handiko kontua delako. Eta garrantzitsuak diren gaietan, gurasoek autoritatea ezarri behar duten. Nire semealabek, niri behintzat, den dena euskaraz. Lehentasun kontua da.

  • Gazteleraz egiten badute da gazteleraz bizi direlako. Gurean, ez dute ez eskolan, ez telebistan, ez familian, ez lagunekin… afera sinplea konplikatu egiten dute batzuek.

  • Mikel Haranburu 2023-10-28 18:48

    Bai, gauzak sinpleak izaten dira. Gu ere beharbada, familian, lagunekin, telebistan, sarri askotan Gaztelaniaz aritzen gara; ez dut uste ehunekotan edo zein alorretan neurtzeko kontua denik, hala ere.
    Behin, garai berean euskaldundutako bi lagun hitzaldi-ikastaro batera joan ginen, unibertsitate giroko Gaztelaniazko hitzaldi batera. Lagunak apunteak Gaztelaniaz hartu zituen; neronek, ahaleginak egin eta Euskaraz idatzi nituen Gaztelaniaz aditutako kontuen oharrak: jarrera da, eta ahaleginak egiteko adorea izatea.
    Erosketako zerrenda egiteko unea da niretzat adierazgarria. Norberarentzat egiten den zerbait da, eta horrek erakusten du nola bizi garen, geure baitan NOLA BIZI garen, hizkuntza batean ala bestean. Eta horrek erakusten du hizkuntzak norberarentzat zenbateko garrantzia duen. Txepetxek zioenez, hizkuntzak guretzat zenbat den garrantzitsu, hainbat gara gu garrantzitsuak hizkuntzarentzat. Hain sinplea.
    Gazteek ere, seme-alabek ere, horretaz kontziente izan behar dute.

  • Aspaldi ez dela, 12 bat urte, lankide batek galdetu egin zigun: Aizue, noiz hasten dira umeak euskaraz egiten? Neronen erantzuna ez zitzaion gustatu, Nonbait hor.

  • Eta azken batean hau gezur ikaragarria dugu. Umeek ez dute euskaraz egiten gurasoek ez dutelako egiten.Garbi eta Aratz.

  • Gaztelania, mesedez, faborez, otoi eta arren. Eta ingelesa, frantsesa eta katalana. Baina hau azaldu beharra daukagu gaur.