Seismoa

Seismoa –

Lurrikara bat noiz gertatuko den asmatzerik ez dago, baina jakin badakigu erreplikak etor daitezkeela behin lurra dardarka hasita. Hala ere, larunbaterako iragarria zegoen Laba sarearen seismoa; ez, aitzitik, asteleheneko lurrikara literala, larunbatekoa benetakoa zela baieztatu nahiko lukeen erreplika bat balitz bezala.

Seismoa
Arg: @laba

Egiazki astindu zituen karrikak Laba sarearen kultur eskaintzak, etorriko denaren iragarpen gisa; ezusteko performance eta guzi. Kinbonbo brass bandak Nafarroako Artxiboaren inguruan zirenen aldakak mugitzearekin batera astindu zituen hango elizaren zimenduak. Ateak parez pare ireki zituen apaizak, barruan egiten ari ziren ospakizun erlijiosoa zapuzten ari zirela ohartarazteko. Berriz ere elizarekin egin dugu topo, Iruñean.

Bukatu zituzten haien egin beharrekoak, eta inoren baimenik gabe ekin zioten Anunnaki etxekoek voguingari, haien urrats, mugimendu eta poseekin belardiari sua ateratzeraino. Iragarpen bezala ederki geratu zen performancea ere; hori dugu Iruñea, bere kontraste ederrekin.

Gainerakoan, erreplika gehiagorekin gozatzeko gogoz geratu gara.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urriaren 14koa]

Seismoa

BARDO GORRI NAFARRA