Sartre eta Rosalia
Sartre eta Rosalia –
Jose Mari Pastorrek Berria egunkarian.
Rosaliak, flamenkoaren izarrak, kanta bat grabatu du katalanez, eta Gabriel Rufianen txioak hautsak harrotu ditu: «Rosalia gehiago eta Koiné manifestu gutxiago». Oldartu zaizkio hizkuntza katalanaren normalizazioaz sentsibilizazio berezia duten katalanak. Joan Ramon Resina kazetariaren ustez, Rufianen jarrerak «errepublika hispanizatu batera» eraman dezake Katalunia. Izan ere, duela hiru urte bertako hainbat kultura eta gizarte ordezkarik kaleratu zuten manifestuaren kontra agertu da ERCko politikaria. Idazkiaren sinatzaileek gogor kritikatu zuten Oriol Junquerasek egin zuen proposamena: Katalunia independentean espainierak eta katalanak ofizialak izan beharko zutela azaldu zuen ERCko buruak.
Koiné taldearen arabera, hizkuntza aniztasuna aberastasun indibidual eta soziala da, baina katalanak izan behar du herritarrak integratzeko ardatza. Mendeetan garatutako elebitasun behartua ahula izan zen Katalunian, 1939ra arte. Frankismoaren errepresioak eta «gaztelera nagusia den lurraldeetako herritarren immigrazioa kolonizazio linguistikoa bultzatzeko tresna ez-boluntario gisa erabiltzeak» areagotu zuten prozesua.
Jean-Paul Sartrek Burgosko epaiketa bitartean Euskal Herriari buruz esandakoa gogorarazi du Resinak: «Nazio handiek koloniak dituzte haien mugen barruan». Euskal Herria dugu kolonia horietako bat. Sartrek etorkizuna iragarri zigun, duela ia 50 urte: «Erregimen espainiarra demokrazia burgesa izango balitz, egoera anbiguoagoa izango litzateke. Botereak tenporizatu egingo luke, eta, atzeratutako promesa faltsuen bidez, kalenda greziarretara bidaliko lituzke ‘erreformak’. Horrekin nahikoa izango litzateke, zalantzarik ez, euskaldunen artean fakzio erreformista garrantzitsu bat sortzeko. Gobernu zapaltzailearekin elkartuko litzateke, eta estatu federal bat lortzea, botere hark emana, besterik ez luke espero izango». Eta bukatzeko: «Kolonizatu batentzat ekintza iraultzailea da bere hizkuntzaz mintzatzea».
Etxea eginda duzunean, ederra eta aberasgarria da mestizajea, etxe hori aldatzeko, txukuntzeko. Eta etxerik ez duzunean, edo suntsituta duzunean? Estatu sendoetako botere eta herritarrek nagusitasunetik goresten dituzte mestizajearen dohainak. Eta, hala ere, neurriz nahi dute. Haien menpeko beste herri eta kulturei, ordea, erabateko aniztasunean murgiltzeko gomendatzen digute. Espainiera edo frantsesa oinarri duen kultur aniztasunaren aldeko taliban modernoak dira. Lehenik, eta ezinbestean, erdara. Gero gerokoak.
Rosalia eta mestizajea. Flamenko gehiago eta zorroztasun eta eskakizun linguistiko gutxiago. Zoramena izaten da kanpoko artista bat euskaraz abestera ekartzen dugunean. Ez diogu galdetzen nolakoa nahi lukeen Euskal Herriaren etorkizun linguistikoa. Edo eredu hori bera nahiago ote lukeen bere sorterriarentzat. Nola erreakzionatuko luke gure espainiar kosmopolitak bihar Sevilla, Madril edo Zaragozan esnatu, eta ia inork ulertuko ez balio bere hizkuntzaz? Mestizajea, aniztasun mugagabe hori onartuko luke? No way, Jose.
Koiné taldearen iritziz, katalanak aspaldi utzi zion hizkuntza ez-markatua izateari. Hizkuntza ez-markatua: «Ezezagun batekin hitz egiteko edozein herritarrek bat-batean erabiltzen duen hizkuntza». Bilbo, Baiona, Donostia edo Iruñean zein hizkuntzaz hasten gara, normalean, ezezagun batekin berbetan?
Aste honetan Bilboko epaitegi batera joan da lagun bat. Funtzionarioak erdaraz egin dio. «Euskalduna zara?», galdetu dio lagunak. «Bai, baina denok gara euskaldunak, euskaraz jakin edo ez». Lagunak ez du eztabaidatu nahi izan, baina pentsatu du: «Denak euskaldunak euskaraz jakin gabe? Denak betaurrekodunak, bibotedunak gara, betaurreko edo bibote barik?».
Gure izenaren izana aldatzeraino sartu digute ziria. Kolonizatuak garela ez ohartzeraino. Rosalia Txoria txori kantatzera ekarriko dugu egunen batean. Eta Euskalduna jauregian hartuko dugu, belarriekin txaloka. Arteak ez du mugarik. Kolonizazioak ere ez.