Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”

Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik” –

Saio Anzizu Perez de Ziriza (Iruñea, 1983) Haur Eskola Gurasoak taldeko kidea da. Navarra Suma alkatetzara iritsi zenez geroztik euskararen aurkako hamaika eraso egin dituzte, tartean, euskarazko eskaintza zeukaten haur eskolen murrizketa. Urtea protestekin hasi zuten, eta orain beste aurrepauso bat eman dute auto-eraketaren bidea jorratuz.

Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”

Nolakoa izan da haur eskoletan euskara eskaintzaren bilakaera azken urteetan? Nondik gatoz?

Euskarazko oso plaza gutxi zeuden 2016an, eta Iruñeko Udalak (Asiron alkate zela) aldaketa batzuk egin zituen hori aldatzeko. Berregokitzapen horietan familiei haurrak euskaraz matrikulatzeko aukera eskaini zitzaien, eta bestela inguruko zentro batera mugitzeko aukera. Haien haurrak gaztelaniaz matrikulatu nahi zituzten familia batzuk salaketa bat sartu zuten, eta epaiketan arrazoia eman zitzaien familia,  Udalak ez zuelako Nafar Gobernuarekin egin beharreko tramiteren bat burutu.

Horren aurrean aukera ezberdinak sortzen ziren: tramite hori orain ondo egin eta salaketa jarri zuten familiak indemnizatu, adibidez. Kontutan izan familia horiek jada ez daudela haur eskoletan, lau urte pasa dira. Epaileak esan zuen alde ezberdinen arteko akordio bat egin zitekeela. Baina Navarra Sumak beste jokabide bat izan du: akordio bat egin du familia horiekin, eta horrekin bat, euskarazko eskaintza kopurua 2016kora murriztu du, eta ez hori bakarrik, inplikatutako haur eskoletako eskaintza lau urtez ezingo dela aldatu ezarri dute. Udalak baditu 11 haur eskola, eta inplikatutako 4 eskoletan kendutako euskarazko plazak beste 7etan jar zitzakeen. Esaten digute ez dagoela beste eskoletako eskaintza aldatzeko denborarik, baina bai izan dutela denbora euskarazko plazak kentzeko.

Gure aldarrikapenei ekitean batek baino aurpegiratu zigun 2016an ere familia kaltetuak izan zirela. Ulertzen dugu ume bat zentroz aldatzeak familia baten egunerokotasuna baldintzatu eta arazoak sor ditzakela, baina kontua da guri ez digutela inongo aukerarik eman: haiek zentro batetik bestera mugitu zituzten, guk ez daukagu nora joan.

Mobilizazio ezberdinak egin zenituzten urte hasieran, tartean otsailaren 28koa. Distantziatik begiratuta, nola baloratzen duzue lortu zenutena?

Gaia azaleratzeko lortu genuen, eta jende asko mobilizatu zen. Bestalde, politikoki ez du jarraipen handirik izan eta ez digute kasu askorik egin. Epaia ezagutu bezain pronto mugitzen hasi ginen bagenekielako euskarazko eskaintza are gehiago murriztuko zela, eta berdin jarraitzen dugu; beraz, ez dugu gure helburua lortu.

Zer nolako eragina izan du koronabirusaren krisiak gai honen bilakaeran?

Asko zaildu ditu gauzak. Guri dagokigunez guraso askok ume bat baino gehiago daukate etxean, telelanean aritu dira, bilerak online egiteko arazoak izan ditugu: umeak handiak badira ordenagailua etxeko lanak egiteko behar dutelako, eta txikiak badira ez dizutelako uzten denbora asko egoten bilduta… eta noski, ezin ziren aiton-amonengana eraman. Jende asko dinamikatik kanpo geratu da, ezin duelako mobilizatua segi.

Udalari idazten genizkion emailak, deitzen genituen telefonoz, eta azkenean gutxinaka lortu dugu udaleko talde guztiekin hitz egitea. Nafar Gobernuko guztiekin ere hitz egin dugu, baina ez dugu lortu PSN-rekin joan den astera arte. Beraiek zioten deitzen zigutela eta ez geniela hartzen… Aurrez-aurreko bilerak hitzartzen direnean ez dira horrelako gauzak gertatzen.

Ze sentsaziorekin irten zineten PSNrekin izandako bileratik? Ze erantzun jaso duzue Nafar Gobernutik?

Jorge Agirrerekin bildu ginen (Parlamentuko Hezkuntza batzordeko bozeramailea), eta interesa agertu zuen gure aferarekiko, baina esaten zuen orain ezin dela ezer egin, ezin direla plazak aldatu, “ea hurrengo urteari begira”, “galdetuko dut”… Nire iritzi pertsonala da jatorra izan zela hitzetan, baina gauza gehiegirik ez duela egin.

Instituzioetatik ezer gutxi espero duzuela ikusita, auto-eraketara jo duzue. Zertan datza zuen proposamenak?

Familia asko esparru publikotik kanpo geratuko garela ikasita, eta euskaraz ikastea eskubide bat dela jakinda, gure artean kooperatiba bat sortzea erabaki dugu. Iruñerrian badaude lokal batzuk haur eskola izateko montatuak daudenak (edo haur eskolak izandakoak), eta horiek alokatu eta kanporatutako hezitzaileekin kontatuko genuke (haiek hala nahiko balute, haiekin harremanetan gaude), ahalik eta plaza gehien lortzeko. Beste aukera bat da “Pottoka” moduko haur eskola pribatuetara bideratzea, baina saiatzea haientzako diru-laguntzak lortzen.

Mayaren udalak haur eskoletako plazak 136tik 61era jaitsi ditu, itxaron zerrenda zegoela jakin arren. Eskariari dagokionez, ze datu maneiatzen dituzue gaur-gaurkoz? Zenbait gurasok jo duten zuengana, zenbait lokal dauden…

Jendea oraindik gurekin kontaktatzen ari da, eta dagoenez 50-60 erantzun jaso ditugu. Inkesta bat ere bidal genien familia horiei, eta oraingoz 45 inguruk bete dute. Inkesta zehatzagoak egingo ditugu orain, familiei jakinaraziz non dauden lokal posibleak eta ea hara joateko prest egongo liratekeen. Arazoa da Iruñeko hegoaldean ez dagoela euskarazko haur eskolarik, eta lokal gehienak hiriaren iparralde inguruan daudela. Badago lokalen bat edo beste hegoaldeko jendea eroso samar joan dadin, baina ondo-ondoan ere ez dute izango. Ea egoerara moldatzeko aukera daukaten familiek.

 


Haur Eskola Gurasoak taldearekin kontaktatzeko:

hegurasoak.harrera@gmail.com

Facebook: facebook.com/pg/HEGurasoak/

Instagram: instagram.com/hegurasoakirun


Eragile sozial eta sindikalekin elkartu zaretela diozue. Ze mezu helarazi dizue, nola hartu dute zuen proposamena?

Denetarik. Guk beti esan dugu gure bokazio publikoa dela, ez dugula haur eskola pribaturik muntatu nahi, baina gelditu zaigun azken aukera dela. Publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik, eta ez zaigu beste irtenbiderik geratzen. Jorge Agirreri eskatu diogu eskolak kontzertatzeko, hezitzaileen soldatak haiek ordaintzeko, eta familiek lehentasuna izatea publikoan bezala. Helburua publikora bueltatzea da. Hau tarte baterako irtenbide bat da, urtebetekoa, bi edo hiru urtekoa egoerari konponbiderik ez bazaio topatzen. Ezingo dugu luzaroan mantendu garestia delako.

Sindikatuen aldetik batzuk ulertu dute hori, baina beste batzuk diote “iniziatiba pribatu” bat bultzatzen ari garela eta sindikatu gisa ezin dutela hori babestu, hezkuntza publikoaren aldekoak direlako. Mobilizazioak bultzatzerako garaian lagunduko gaituztela, baina eskolak sortzerako garaian ez. Azken hauei esaten dieguna da jarrera horrekin zigor bikoitza jasaten ari garela: hau da, hezkuntza publikotik kanpo uzten gaituzte, eta zuek ez zaudete gurekin ez gaudelako publikoan.

Gogorazi behar dugu Nafarroan fronte ugari daudela zabalik hezkuntza eta euskarari dagokionez: Mendigorria eta D eredua, Sakanako Lanbide Heziketa, NUP, Castejonen PAI ereduarekin gertatu dena… Zer dute amankomunean afera guzti hauek?

Euskarafobia. Talde politiko batzuk sartzen dira eta plazak kentzen dituzte, diru-laguntzetatik kanpo utzi… badakigu zer gertatzen den. Azkenean kaltetuak gure txikiak eta euskara bera dira. Gogorarazi nahi diet euskara hizkuntza bat dela, ez besterik, eta hizkuntzaren inguruan sortzen diren tirabirak pertsonak sortzen dituztela. Umeek hizkuntza eskubideak dituzte, eskubide demokratiko bat da, eta agintarien lana da eskubide hori bermatzea. Euskara hizkuntza ofiziala da Nafarroan.

Ze egoera aurreikusten duzue irailerako?

Gogorazi behar da Nafarroako Gobernuak ere badituela haur eskolak Iruñean, bost, eta zentro hauetan euskaraz dagoen eskaintza ere oso txikia da (bostetik bitan eskaintzen dute). Proposatu genien munizipaletan kentzen ari ziren plazak gobernuarenak diren zentroetan jartzea, guztietan euskarazko lerroak jartzea. Geroa Bai eta Ahal Dugu ados daude, baina PSNrengandik jaso duguna da hori irailerako lortzea oso zaila izango dela. 2020-21 ikasturterako ez badugu hori lortzen, baina 2021-22rako bai, bada beno, zerbait izango zen.

Guk sortuko ditugun herri eskolak irailerako prest egoteko baldintzak daude. Lokal batzuk guztiz prest daude, lizentzia eta guzti, batek ez du obrarik ere behar eta beste bik obra txiki bat. Denboraz gabiltza. Baieztatu behar duguna da ea familiak beraien umeak bertara eramateko prest dauden, zeren eta euskara ez da faktore bakarra: kokapena, ordutegiak eta beste gai batzuk ere kontutan izan behar dira.

Proiektua aurrera doa, ziur naiz familiek babesa emango digutela eta Herri Haur Eskolara etorriko direla.

Nola eragingo dio krisi ekonomikoak guzti honi?

Badugu finantzazioa lantzen ari den lan-talde bat. Diru-laguntza batzuk jaso ahalko genituzke; gizartearengana ere joko genuke elkartasun bila, eta esango nuke deia ez litzatekeela soilik iruindarrentzako izango, Euskal Herrira zabaldu ahalko litzatekeela (Tutera edo Irunberrin gertatu bezala); zozketak…

Iruñerrian dagoen panorama ikusita, familia batzuk agian atzera egin dezakete haurrak euskaraz matrikulatzerako orduan?

Nahiz eta plaza gutxi egon familiei eskatu diegu haurrak euskaraz matrikulatzeko, kanpoan geratzen garenontzat alternatiba bat sortuko dugulako. Ekainaren 5era arte epea dago aurrematrikulazioak egiteko, eta jendea beraien seme-alabak euskaraz matrikulatzera animatu nahi ditugu.

Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”

“Euskara Eskubidea” elkarrizketa sorta:

Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”
Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”
Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”
Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”
Saioa Anzizu: “Hezkuntza publikotik kanpo utzi gaituzte euskara aukeratzeagatik”
Saioa Anzizu

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.