“Puñais polas costas”. Galizierara itzulitako eta bikoiztutako ikus-entzunezkoak

“Puñais polas costas”. Galizierara itzulitako eta bikoiztutako ikus-entzunezkoak –

Hagitz artikulu interesgarria argitaratu du Iria Taibok Nós Diario egunkarian. Hona hemen zati bat, presaka euskaratua. Barka akatsak! Mila esker Hedoi Etxarteri, artikulu hau bidaltzeagatik!

Iria Taibo da itzultzailea, interpretea eta AGPTIko lehendakaria (itzultzaileen eta interpreteen elkarte galiziarra).

.

“Labankadak bizkarraldetik”

“Puñais polas costas”. Galizierara itzulitako eta bikoiztutako ikus-entzunezkoakEgun, ikus-entzunezko edukiek halako garrantzia izanik, eta plataformek halako eragin handia izanik jendartean, ikusten ari gara oso aldaketa handia geure hizkuntzarako eta kulturarako. Martxan da kanpaina bat, Mesa pola Normalización Lingüística elkarteak abiarazia, galiziera gehiago izan dadin hedabide horietan. Une erabakigarria da; izan ere, ikusten dugu nola, hiztunei buruzko zenbakien arabera, belaunaldi berriek gero eta urrutiago sentitzen duten galiziera, neurri handi batean gaur egun hezkuntzan ditugun hizkuntza-legeengatik.

Telebistak inbertitzen du ikus-entzunezko edukien itzulpengintzan, baina izugarri kezkatzen gaitu film eta serie horiekin egiten denak: ikusleentzat batere erakargarriak ez diren ordutegietan ematen dituzte. AGPTI elkartean jarraipena egiten diegu geure lankideek egiten dituzten lanei, eta ikusten dugu lehentasunezko ordutegian eman beharko liratekeen estreinaldiak baztertu egiten direla, jendearentzat oso txarrak diren ordutegietara. Hona hemen bi adibide: Puñais polas costas (“Labankadak bizkarraldetik”, edo, jatorrizkoa, Knives Out) uztailaren 4an estreinatu zen 00:30ean, Manuel Arcak itzulita, eta Abismo, maiatzaren 30ean, 1:00etan, José Rodríguezek itzulita.

Alde batetik, iduri du TVGko programazioko arduradunek ahaztu egin dituztela CRTVGren estatutuak, zeinek baitiote, galizierari dagokionez, honako hau:

“Bere xede soziala betetzeko, RTVG korporazioak Galiziako kultura eta identitatea sustatuko eta zabalduko ditu, eta lagunduko du galiziera erabil eta ezagut dadin.

RTVG korporazioaren hizkuntza galiziera da; hortaz, sozietate honek galizieraz emanen du ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua, eta galizieraz komunikatuko da bere menpeko langileekin, bere eginkizunetan”.

Gainera, Galiziako Estatutuak, 5. artikuluan, hauxe dio:

  1. Galiziako berezko hizkuntza galiziera da.

  2. Galiziera eta gaztelania ofizialak dira Galizian, eta denek dute eskubidea horiek ezagutzeko eta erabiltzeko.

  3. Galiziako botere publikoek bermatuko dute bi hizkuntzak normal eta ofizialki erabiltzen direla, eta bultzatuko dute galiziera erabiltzea bizi publikoko, kuturaleko eta informatiboko maila guztietan, eta behar diren bitartekoak ezarriko dituzte jendeak galizieraz jakin dezan.

  4. Inor ezin da baztertu hizkuntzarengatik”.

Beharbada produktu horiek emititzea zabalkundea eragozten duten ordutegietan ez da modurik hoberena helburu horiek betetzeko.

Gainera, itzulpen eta bikoizketa horiek funts publikoekin ordaindu badira, geure erakundeek horiek utzi beharko lituzkete erabili eta zabaldu ditzaketenen esku, hain zuzen ere aipatutako helburuak betetzeko. Ezinbestekoa da sektore horretan galizieraren presentzia arautzea, baina ez dirudi oraingo gobernuak interes handirik duenik arlo honetan geure hizkuntza babesteko.

Beste alde batetik, itzulpengintzaren arloan eztabaida handia dago teknologia berriekin lotuta, esaterako adimen artifizialarekin eta itzulpen automatikoko programekin; eztabaidatzen da, besteak beste, nola eragiten dien horien erabilerak profesionalen lanari eta etorkizunari.

Itzulpen automatikoa aspalditik dugu geure sektorean, eta oso interesgarria da enpresentzat, oso erraza baita horien bidez kostuak murriztea eta “giza” profesionalenganako menpekotasuna txikitzea. Zalantzarik gabe, beste arlo batzuetan bezala, itzulpenari aplikatzen zaion teknologia laguntza handia da, eta aurrerapen handiak dakartza, baina iduri du lana erraztu ordez helburua dela profesionalei pagatzen zaizkien zenbatekoak murriztea, nahiz eta horrek ez dakarren enpresa kudeatzaileek kobratzen dituzten prezioak jaistea. Hots, multinazional handien mozkin-marjina handitzeko tresna izan daitezke, bukaerako lanaren kalitatea eta lan-baldintzak okertzen dituztenak.

(…)

Duela hilabete batzuk (…) Netflix plataformako serie batengatik hitz egin zen honetaz. (…) Azpitituluak automatikoki egin ziren, baina kexek enpresa behartu zuten beste bertsio bat argitaratzera.

Galizieraren kasuan, erne egon beharko genuke, zeren bai baita joera bat jendearen artean, hizkuntza ez-normalizatua izateagatik, beste hizkuntza batzuetan baino kalitate baxuagoko testuak onartzeko, eta gauza bera gerta daiteke azpidatzien kalitatearekin.

Askok diote adimen artifiziala arautu beharko litzatekeela jabetza intelektuala babesteko; geure kasuan, uste dut kontuan izan beharko genukeela, orobat, hizkuntzaren etorkizuna”.

“Puñais polas costas”. Galizierara itzulitako eta bikoiztutako ikus-entzunezkoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude