PSNren hizkuntz politika
PSNren hizkuntz politika –
2020-09-16ko Aldizkari Ofizialean deialdi bat argitaratu da fisioterapeuten lanpostuak betetzeko, Osasunbiderako. Hartan, alemanak, frantsesak eta ingelesak bi puntu ematen dituzte bakoitzak, eta euskara ez da baloratzen eremu mistoan eta “ez-euskaldunean”. UPNk eremu mistoan behintzat baloratzen zuen. 2020ko otsailean jada Nafarroako Kontseiluak erabaki zuen euskara balora zitekeela Nafarroa guztian, inolako trabarik gabe, hizkuntzak oro har baloratzen zirenean, kontuan izanik, gainera, euskarak estatus handiagoa duela atzerriko hizkuntzek baino (Nafarroako Kontseilua da Nafarroako Foru Komunitatearen organo aholku-emaile gorena). Urtebete darama PSNk horrela jokatzen.
Txibite lehendakariari elkarrizketa egin zioten irailaren 1ean SER irrati katean, eta hartan galdetu: “Hain zaila al da Nafarroako berezko hizkuntza bat arautzeko ados jartzea?”, eta Txibitek erantzun: “Bada lantalde bat lanean ari dena…” Eta horrela igaroko da legealdi guztia: atzerriko hizkuntzak baloratzen eta euskara baloratu gabe.
Bestalde, Gimeno kontseilariak berriki ukatu die Mendigorriko familiei euskaraz ikasteko aukera. “Nik ez dut ezertxo ere Mendigorrian euskarazko eredua ezartzearen aurka” esan zuen Berrian, irailaren 5ean. Nola sinetsiko diogu? PSNk 2019ko urtarrilaren 11n zabaldutako tweet, batean, Gimenok esan zuen D eredua, euskarazko irakaskuntza, “segregatzailea” zela. Euskarazko irakaskuntzaren etsaia, Hezkuntzako kontseilari. PSOEren La lucha de clases astekariak, 1899an, esaten zuen: “Euskararen heriotzaren alde gaude (…) Espainiera ez diren beste hizkuntzek eragiten dute jendeak etsai gisa ikustea elkar, anai-arreba gisa ikusi ordez”. PSNrentzat, euskarazko irakaskuntza “segregatzailea” da. Ez dira asko aldatu.
PSNren hizkuntz politika
Non dago EHE, non dago Nafarroako euskalgintza? Hizkuntza politika kriminal honen aitzinean lo segitu behar al dugu. Non daude Bildu eta Geroa Bai?
Non daude ikastolak? Non gaude euskaldunok?
UPNrekin baino okerrago eta Gobernu kriminal horri eusten. Ez, okerrago dena, Gobernuan dago Geroa Bai, Gobernua da.
Noiz artio????