Bukatzen denean

Bukatzen denean

Zergatik bukatu da?

Hitzok eztarritik gora askatu eta negar malkoak erortzen utzi ditu.

(Eta orain zer egingo dut?)

Baten bizitzaren erdigunea zen pertsona baten falta sumatzen duenak badaki, negar malkotan beretzako gordetzen duen eta aitortzeko izugarrizko beldurra ematen dion galdera hura buruan bueltaka duela. Egia delako, ez daki zer egin orain.

Bikote haustura mingarri bat gertutik bizitzen ari gara. Eta bakoitzak bere burua konflikto emozionaletik at ikusten duenean dena argiago eta errazago ikusteko joera dugu, maitasunaren eta bikote harremanen aditu eta aholkulari bihurtzen gara, eta lagunari, zer egin behar duen eta zer egiteari utzi behar dion erraz esaten diogu.

Noizbait denok izan garelako nire laguna. Sentitu dugu mina, etengabeko barne korapilo urduria, ezinegona eta tristura. Danele Sarriugarteren Erraiak liburua pasioz irakurtzera bultzatu gaitu, ze, noizbait ere sentitu gara horrela.

Eta bikote harremanen bukaerari buruz hausnartzen hasi gara. Bukatu edo nola bukatu. Atzera egingo bagenu zer eskatuko genioke gure orduko bikoteari. Zer egin zuen gaizki, zer sumatu genuen faltan.

Bikote haustura asko eta asko dago, batzuk besteak baina era naturalago eta osasuntsuago batean burutzen dira. Baina oraindik ere, ohikoena oso modu zakarrean beste pertsonarekiko guztizko ezjakintasuna bultzatzean datza, eta egun batetik bestera bikotekide izatetik ezezagunak izatera igarotzen den faseari deitzen diogu haustura.

Bukatzen denean

Haustura mota hori bereziki gogorra izan daiteke. Beste pertsonarekiko arrozte hori erantzukizun afektibo baten falta bihurtzeraino, kide izandakoa tituloz kide izateari utzi dionean gizartearen konbentzioetatik askatu izanak libre egiten dituelako batzuk. Parekoa zaintzeko ere bai.

Harremanak hasi ziren bezala bukatu beharko luketela ondorioztatu dugu. Batera moztu daitekeen hausnartu dugu ere. Batera. Batera? Bai, elkarrekin dolua konpartituz, bakoitzaren espazio eta denborak kontutan izanik, haustura bat biren arteko trantsizio bihurtzeraino.

Portatila aurrean kafesne bat eskuetan dudala, hitz hauek idazten Carrie Bradshaw sentitzen hasia naiz. Bikote hausturen gaia zabala eta korapilatsuegia da lerro soil batzuetan jorratzeko, eta horregatik, inoiz eman didaten gomendio onenarekin jarraituko dut:  zaindu ingurukoak.

Bukatzen denean

Nire begietatik ...