Praktikatu euskaraz gurekin, erraza da!

Praktikatu euskaraz gurekin, erraza da! – 

Hori da AEKren Praktikatu zerbitzuak 2023-2024 ikasturterako abiatu duen kanpainaren leloa. Parte-hartzea erraza da: izena eman besterik ez duzu egin behar; ondoren, zure herriko dinamizatzaileak dituzun aukeren berri eman eta ondo datorkizun taldea eskainiko dizu. Mintzapraktika egiteaz gain, lagun berriak egiteko aukera izango duzu. Horixe islatu nahi izan dute, hain zuzen ere, ondoko bideoan.

Urriko lehen egunetan hasiko dira elkartzen berbalagunak, mintzakideak eta mintzalagunak. Guztira, ikasturte berrian 95 herritan: hasi Garraldatik eta Lanestosaraino edo Tuteratik Zumaiaraino. Aurten, gainera, bada berritasunik: lehenbizikoz, mintzalagun taldeak antolatuko dira Lapurdiko Donibane Lohizune, Getaria, Urruña eta Ziburun.

Beti bezala, AEKren Praktikatu zerbitzuak euskarazko aisialdia sustatzen jarraituko du ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 350 ekintza baino gehiago antolatu ziren, besteak beste tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria, Zilegi Asteak…

Horretaz gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera jarraituko du, elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera sustatuta. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera izan dezaten. Eta, azaroan, online taldeak ere abiatuko dira. Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontuak eta sariak eskura ditzakete. Informazioa eta izena ematea: praktikatu.eus

Praktikatu euskaraz gurekin, erraza da!

Praktikatu euskaraz