Posible zela erakutsi ziguna
Posible zela erakutsi ziguna –
Euskararen kontrako gurutzada hasi berritan, Miguel Sanzek Pedro Pegenaute senatari ohia izendatu zuen Hizkuntza Politikorako zuzendari nagusi. Euskara zaintzeko eta sustatzeko erakundea, antieuskaldun amorratu baten eskutan. Hango langileek bazekiten zer azeri klase heldu zen oilategiaren zaindari. Haren bulegorako pasabidean txartel bat itsatsi zuten, eta txartelean lerro bakarra: “Aupa Osasuna!”. Pegenaute, txartelari begirik eman gabe pasatu zen haren aitzinean. Hori gertatu baino bi urte lehenago, 1998an, Pegenaute Osasuna futbol klubeko lehendakaritzara aurkeztu zen. UPNren sostengua zuen, Nafarroako Gobernuarena, Futbol Federazioarena, baita santu guztiena ere. Haren parean, ostalaritzako enpresari tiki bat: Javier Miranda. Miranda ez zen bereziki ezaguna. Politikan ere, inoiz nabarmendu gabea. Bazuen zerbait, hala ere, ikastola batean ikasten zuten bere bi seme-alabek. Bozetan, Miranda offsider euskaltzaleak azpian hartu zuen Pegenaute ofizialista antieuskalduna. Pagarazi zioten gero, mila modutan, baina tinko jarraitu zuen. Klubeko bizitzan euskara sartzen hasi zen lehen lehendakaria izan zen Miranda. Bere agintaldian 1. mailara igo zen Osasuna. Osasunazaleek aldare batean zeukaten, hainbertze maite baitzuten. Bere agintaldia bukatu zuenean, ostatura itzuli zen, kafeak zerbitzatzen segitzera. Ez zen Florentino bat. Atzo hil zitzaigun Javier Miranda, erregimenari buru ematea posible zela erakutsi zigun lehenbizikoa. Une hauetan, norbaiti ari izanen zaizkio kubatak prestatzen, Osasuna egiten ari den denboraldi paregabeaz ari den bitartean.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko martxoaren 27koa]