Poltsikorako hitanoa liburuxka argitaratu dute Durangaldeko berbalagunek

Poltsikorako hitanoa liburuxka –

Durangaldean hitanoz naturaltasunez egiten duten herritar gehienek 70 urte baino gehiago dituzte; gazteagoen artean, aldiz, eta salbuespenak salbuespen, ez dago hitanoz aritzeko ohitura handirik. Hori dela eta, Durangaldeko berbalagunek eskualdeko hitanoaren erabilera sustatzeko ekimen bi abiatu dituzte: Hiketalagun taldeak eta Poltsikorako hitanoa liburuxka.

Hiketalagun taldeak

2020ko abenduan, aste gutxian, 40 lagunek baino gehiagok eman zuten izena hitanoz berba egiten ikasteko eta praktikatzeko. Urtarrilean hastekoak ziren, baina osasun egoera zela kausa atzeratu egin behar izan zuten; uda ostean, berriro irekiko da izena emateko epea. Hitanoz jarduteko taldeak sortu aurretik, hilabeteko ikastaroa eskainiko da. Bai ikastaroa bai taldeetako parte-hartzea doakoak izango dira.

Poltsikorako hitanoa liburuxka

Era berean, Poltsikorako hitanoa liburuxka argitaratu dute, Hiketalagun taldeen osagarri. Bertan, Durangaldeko hitanoan berba egiteko beharrezko azalpen guztiak ageri dira: noiz eta nola erabili, aditz-taulak… Formatu digitalean ere eskura daiteke: labur.eus/PH. Liburuxka osatzeko eta ikastaroa emateko, hitanoak izandako hiztun-galerarekin kezkatuta dauden iurretar batzuen laguntza jaso dute.

Poltsikorako hitanoa liburuxka argitaratu dute Durangaldeko berbalagunek

Aurkezpena, bertso-saioan

Hau guztia biribiltzeko, Berbalagun egitasmoak, Iurretako jai batzordearekin batera, bertso-saioa antolatu du ekainaren 20an Iurretako plazan. Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Eli Pagola eta Eneko Abasolo “Abarkas” hiketan ariko dira, eta gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da.

Beste herrietara zabaltzeko aukera

Durangaldean bezala, AEKren Praktikatu zerbitzutik Hiketalagun programak abiatzen jarraituko dugu. Informazio gehiago eskuratzeko: praktikatu@aek.eus

Poltsikorako hitanoa liburuxka argitaratu dute Durangaldeko berbalagunek

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude