Piztu irratia

Piztu irratia –

Piztu irratia
Arg: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS (BERRIA)

1998an hasiko nintzen Euskalerria Irratiarekin kolaboratzen. Ez galdetu data zehatza. Baina ordutik ari naiz modu batean edo bertzean parte-hartzen. Eta ni bezalaxe, oraintsu erretiroa hartu duen Mikel Bujandaren gidaritzapean 1988an bere uhinak zabaltzen hasi zenetik, ehunka eta ehunka euskaldun zintzoren kolaborazioa izan du Iruñerriko irratiak.

Kolaborazio horiek guztiak musutruk izan dira, eta izaten dira. Nahitaez. Ezin baita bertze modu batean izan. Euskalerria irratiari ez baitzaio dirua sobratzen, ezta hurrik eman ere.

Baina orain, gainera, dirua falta zaio: UPNren betiko gurutzada antieuskaldunak kendu dion publizitate instituzionalarena eta koronabirusaren krisiak pobretu dituen iragarle txikiena.

Eta gauzak horrela, berriz ere itsulapikoa erabiltzeko garaia dugu.

Ziurrenik bertze dozenaka proiektu jator izanen dituzue diruz lagundu nahiko zenituzkeenak. Baina badakizue zer?, nire ustez Euskalerria Irratia lagunduta bertze dozenaka proiektu jator laguntzen dituzue, Iruñerriko irrati euskaldun bakarrak berebiziko zerbitzua eskaintzen baitio bertako euskal komunitateari.

Eta horixe da gaur, kontatu ez ezik, eskatu nahi nizuena; denon artean irratia pizten jarrai dezagun.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 26koa]

Piztu irratia

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.