BRT: Errugbia gaixo Nafarroa iparraldean. Lagundu zozketarekin!

BRT: Errugbia gaixo Nafarroa iparraldean – 

Baztango errugbi zelaiko belarra altu dago. Handik pasa nintzen lehengoan eta belaunetaraino iristen da belarra. COVID-19a ere iritsi da horra. Baztango errugbi taldea (BRT) ere gaixotu da koronabirusaz eta ez dakigu bururik altxako duen: baliabiderik gabe geratu gara, sosik gabe. Nafarroa iparraldeko herrietako jendeari errugbia ezagutzeko aukera ematen die talde horrek, jokalari, jokalari ohi eta bazkideen indar eta denborarekin eraikitako taldea, baina, orain, urtero Larraintzarren antolatzen duen Errugbi Gaupasa festa antolatu ezin eta diru sarrera nagusiena gabe geratu gara, aurpegiak zur eta lur, sakelak hutsik. BRTren etorkizuna kolokan!

Errugbia zinez talde kirola da: besoak elkartu eta bultza, kidearen gibeletik bera babesteko, jokaldiak, hirugarren denbora… Elkarlana. COVID-19ari txertorik aurkitu ez badiote ere, BRT ez da besoak gurutzatuta geratu bere “gaixotasunari” dagokionez: ez gara indibidualismoan amore emanda geratu, eta, errugbiko balioak indarrean hartuz, elkarlanaren “txertoa” hartu dugu: “nola lortu sosa?” galdetu gara.  Diru-laguntza zenbait lortu ditugu, babesleek lagundu digute, bazkide berriak egiten ahalegindu gara… baina, jokalarien, jokalari ohien eta bazkideen laguntza oraindik ere aski ez zenez, gizarte osora jo behar izan dugu, zuengana, horretarako ZOZKETA bat sortuz.

BRT: Errugbia gaixo Nafarroa iparraldean. Lagundu zozketarekin!

ZOZKETAn bi sari eskaintzen dira, eta saritutakoak bi horien artean hautatu beharko du: edo Kubarako bi lagun eta bederatzi egunetarako bidaia paregabea (Kuba, zein polita Kuba…) edo Husqvarna markako motozerra eta desbrozagailua, zuen lorategi edo bizarrak mozteko! Boleto bakoitzak 5€ balio ditu. Bi modu daude boletoak lortzeko: paperean (klubeko jokalariekin kontaktuan jarriz) edo digitalki (www.brtmenditarrak.eus orrian).

Erran bezala, zuen denon laguntza premiazkoa da. Landa eremuko gazteek errugbia ezagutzeko aukera izan behar dute: aski kirol dibertigarria, lotura handikoa eta balio ederrak dituena! Zoritxarrez, COVID-19ak kolokan jarri du aukera hori Nafarroa iparraldean. Guk, batzuen izerdiei esker, pribilegio galanta izan dugu: Lekarozeko institutuko kanpusetik pasa eta errugbi zelaiako belarra motz-motz ikustea, jokalariak berotzen eta laguntzaileak kisuaz zelaia markatzen. Baina, nahikoa diru sarrerarik lortu ezean, guk eta datozen belaunaldiek belarra luze-luze ikusi beharko dute handik pasatzean. Zuen laguntza behar dugu.

BRT: Errugbia gaixo Nafarroa iparraldean. Lagundu zozketarekin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude