Pertsona helburu
Pertsona helburu –
«Ama, zergatik dago beti Doraemon Etb3n? Clan eta “Disney Aintzane” ez ditut ulertzen, eta Doraemonekin aspertu egiten naiz. Denak ditut ikusita dagoeneko!». Amak ez daki zer erantzun. Herri honetako agintariek bultzatzen dute gure umeek telebista gaztelaniaz ikustea, etengabe euskarazko marrazki bizidunak errepikatuz eta inoiz baino eskaintza urriagoa eginez. «Lasai, pitxin, laster ulertuko dituzu gaztelaniazko beste horiek ere». Dagoeneko euskarazko DVD guztiak erosita eta ikusita baitituzte; telebista espainolez ulertu eta kontsumitzea bihurtu zaie irtenbide bakarra ume euskaldunei. Horixe da herri honen hizkuntza eta kultura politika.
«Aita, noiz joango gara zinemara? Noiz egongo da pelikularen bat euskaraz?». Aitak zinemara deitu du. «Hilabete barru emango omen dute zeozer. Ea gustatzen zaizuen, zeren ez baitago besterik». Umearen hasperen etsia.
Medikuaren kontsultan. «Dígale que se desnude». «Bihotza, kendu arropak». Umea beldurtuta, medikuari begira. «Voy a tocarle la tripa, y que me diga si siente dolor». «Amatxo, zer nahi du? Zer ari da esaten?». «Lasai, tripatxoa ukituko dizu. Esan minik ematen dizun, bai?». Umea izerdi hotzetan. «Suele tener dolor de tripas? Dígale que no le voy a hacer daño. Que no se ponga nervioso». Medikuaren hitzak gehitu ahala, izerdi hotza ere neurri berean doa gehitzen. «Le voy a mandar hacer una analítica» [medikuak tripan ukitzen jarraitzen du]. «Si diera negativo, veríamos si sigue con los dolores, y si le diera positivo…». Umearen izerdi hotza nabarmena da erabat. Aurpegi zurbila, medikuaren hitzak ulertu nahiaren zurrunbiloa buruan. «Ama, zorabiatzen ari naiz. Goazen hemendik, mesedez». Normaltasunaren izenean betierekotu duzuen indarkeria.
«Pertsona helburu» diozue, baina zein pertsona duzue buruan? «Euskadi, Auzolana» diozue; zein auzotan bizi zarete, bada? Ongizateaz hitz egiten diguzue etengabe. Barkatuko didazue, baina hau ez da ongizatea. Hau ez da elkarbizitza, eta ez da errespetuan bizitzea. Eta zuek hitz horiek guztiak halako harrotasunez eta arintasunez aipatzen dituzuenean, gauza bat geratzen zait garbi: zuek ez zarete euskaraz bizi.