Periferiako euskaldunen infernu handia

Periferiako euskaldunen infernu handia –

“Herri txiki, infernu handi” ETBko telesaioko azken atala gure herrian grabatu dute, Haranan, Arabako Mendialdeko bailara ezkutu eta ezezagunenetako batean. Lepoa egingo nuke pasa den astekoa telebista publikoko kamarek Euskal Herriko periferiako txoko hori bisitatu zuten lehen aldia izan zela. Saioaren ohiko formatuari jarraituz, udalerria osatzen duten lau herrixketan barrena ibili ziren aurkezleak inguruko euskaldunen testigantza xelebreak jasotzen. Ez zuten lan makala izango programazio arduradunek solaskideak bilatzen; batetik, 220 biztanle baino ez daudelako erroldatuta ibar osoan, 65 urtetik gorakoa horien erdia; eta bestetik, gaur egun eskualde erdaldundu samar delako. Gaur egun, diot, zantzu historikoek euskara bertako jendearen hizkuntza izan dela erakusten dutelako, ia XX. mendera arte. XVII. mendetik kontserbatzen diren hainbat eskuizkribuk, esaterako, erakusten dute Inkisizioak Logroñora itzultzaileak eskatu behar izan zituela 1610ean sorginkeriaz akusatutako emakumeak epaitzeko, haran osoan ez baitzegoen gaztelania ezagutuko zuenik, edo ordena militarrek ere antzera jokatu behar izaten zutela 1622an haietan sartu nahi zuten auzokideen testigantzak jasotzeko. Gerora, XVIII. mendean ezaguna da Joan Baptista Gamiz Ruiz de Otheo olerkaria, Sabando herrian -Haranatik kilometro gutxitara- euskaraz idazten zuena, horixe baitzen ingurune horretako eguneroko hizkuntza. Gaur egun, ordea, belaunaldi gazteenak dira behinola galdutako euskara berreskuratzen ari direnak, eta lau herrietan ez dira asko.

Periferiako euskaldunen infernu handia

Gauzak horrela, sumina eragin zidan aurkezleak behin baino gehiagotan Arabako euskaldunen aurkako estereotipoak elikatu nahian-edo elkarrizketatuekin erakutsitako jarrera. Lehenengoa Kontrasta herriko Karmele izan zen. Euskara jator, garbi eta arinean aritu zitzaion kazetariari herriko tradizio zaharren inguruan. Orduan, esatariak, solaskidearen hizkuntza gaitasunaz harrituta, betiko galdera mingarria bota zion: “Aizu, zu hemengoa ez zara izango, ezta?”, iradoki nahiko balu bezala ondoegi hitz egiten zuela euskaraz Arabako Mendialdekoa izateko, eta bere zuhaitz genealogikoaz itaundu zuen. Besteak, orduan, argitu behar izan zion jaiotzez legazpiarra bada ere, ama Haranekoa duela eta betidanik ibili izan dela bertan. Antzekoa gertatu zitzaion Done Bikendiko Feliperi. Hari ere galdera mesfidati bera bota zioten bere euskarazko jariotasunaren zergatia argitu nahian. Eta berak desenkusatu behar izan zen esanez duela 30 urtetik gora herrian bizi izanagatik, sortzez Mallabiarra zela. Aitorpenek lasaiago utziko zituzten telesaioko arduradunak, bestela, ikusleek ezingo baitzuten ulertu ADN gipuzkoarra edo bizkaitarra izan ezean, arabar batek euskaraz hain ondo hitz egin lezakeenik.

Pasa den astean, Irati filmaren aurkezpenaren atarian, Edurne Azkarate pelikulako emakumezko protagonista eta euskaldun errioxarrak, Arabako euskaldunok pairatzen ditugun aurreiritzi horien inguruko gogoeta interesgarria utzi zuen Hala Bediko mikrofonoetan. Haren esanetan, periferietan bestelako euskalduntasun eredu bat eraikitzen ari da, zenbaitetan gutxietsita sentitu izan garelako, eta nazkatu izan garelako bigarren mailako euskaldunak izateaz.

Bada garaia “Nolatan hitz egiten duzu hain ondo euskaraz arabarra baldin bazara?” delako leloa gainditzeko, eta daukagunaz eta lortu dugunaz harrotasuna erakusteko. Begiratu diezaiogun, bestela, euskal hiztunen kopuruaren bilakaerari Araban eta euren burua euskaldunagotzat duten beste herrialde batzuetan. Haranan harro esan dezakegu bilakaera hori goranzkoa dela, ez beste eskualde batzuetan bezala, beraz, erakus diezagutela zor diguten errespetua, EITBtik hasita.

Periferiako euskaldunen infernu handia Periferiako euskaldunen infernu handia

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

18 pentsamendu “Periferiako euskaldunen infernu handia”-ri buruz

  • Kazetaria aurrejuzkotik aritu zen. Kritikagarria edo ez…oso kritikagarria legazpiar atera ez balitzaio itxurazko Kontrastako alaba.
    Programa ikusi nuen eta , galdera egin zion baino lehen, jakinmin beraxe zebilkidan burutik, Kontrastako ote goierriera trazako euskara duen hau?…politikoki inkorrekto hitz ahoratzea denoi zebilzkigukeen hitzak edo ideiak? Agian bai, tamalez baina, bete betean asmatu zuen kazetariak. Periferia dena den, lekua geografikoa ez ezik, euskarak aurkitze ez duen lekua da, Kontrastan eta edonon.
    Hau ixildu behar? Ba beno, hala egingo dugu.
    Baina hitzeratu edo ez, ehun praile berrehun potro

  • A. Aranburu 2023-03-14 17:58

    Zure mezuaren muina ez dut zalantzan jartzen; aitzitik, ez dut uste jariotasuna izan zenik galderaren abiapuntu, euskalkia bera baizik (hala izan zen nire kasuan, behintzat). Ongi izan!

  • A. Aranburu 2023-03-14 18:01

    Hara, @Puxetia, ez dut zure mezurik ikusi nirea bidali arte. Horixe bera, galdera horren atzean hizkeraren eta lekuaren arteko kontrastea dago.

  • Ez dago kontrasterik. Aspaldi dakigu, jakin ere, garai bateko Arabako euskararen aztarnak Gipuzkoa hegoaldean gorde direla, baita Urola Garaian ere. Ez dut uste, hala ere, “burutik ibili, ixildu, egin zion baino lehen, euskarak aurkitze ez duen lekua da eta beste euskara direnik, beharbada goierriera petoa bai” . Eta horrekin guztiarekin zer lortu dugu?

  • Polita Nagorerena… Kontrastako alaba delako horrek “inhumazioz”-edo, bertakoen arbasoen euskara bereganatu duelarik, spiritu-usaimenez, eta Gipuzkoa Hegoaldeko euskaraz jarduten duelarik.
    Koldo Zuazok, bere dialektologia sakontze aldera, erdara-zonaldetan, testuak baino, toponimia baino, hobe luke Kontrastako alaba honengan hezur-mamitutako Natur-Miraria bezalakoak profitatu. Espiritistak behar ditu gure dialektologiak.
    Nik dena den, nire zoruari lotu-lotuta, momentuz, ehun praile berrehun potro

  • Nik, dena den, legazpiar euskaldun peto peto bat aurkituko banu Kontrasta bezalako herriska jada erdaldundu batean, elkarrizketa bertan behera moztu, eta porkulo bidaliko nuke tipoa bere euskaldun-labelarekin. Bihoa beste nonbaitera eta beste zerbaitean bere “egoa” hanpatzera!!!.

  • Gauza jakina da Zumalakarregi Handiak esaten zuela honako esaldi hau: Borrokarako neronen nafarrak, harpilatzeko arabarrak eta bizkaitarrak, eta desfilatzeko giputzak. Jakina, postureo hitza, postura bai ordea, sortu gabe omen. Zer gauza alua den giputza izatea! Bestalde, Zonalde hori bisitatzeko irrikitan nago. Tolosaldea, Tafallaldea, Donostialdea bera, bisitatuak ditut, baina Zonan oraindik egon gabea naiz. Esan didate, dena den, ederki Jaten dela, eta saiatuko gara alde eder hori ezagutzen.

  • Zumalakarregi bera gipuzkoarra zen.

  • Bai. Baina Karmen kalean bizi zen, eta emazteak egindako patata-tortilla, dokumentatua dagoen lehendabizikoa, probatzeaz batera betiko nafartu egin zen

  • Zumalakarregi “handia” gipuzkoarra zen, ez nafarra. Gipuzkoan jaio zen eta Gipuzkoan hil zen. Izorratzen zaitu, baina historia halaxe da, puñeteroa. Eta zure heroia giputza zen. Zer egingo zaio!
    Eta lehendabiziko patata-tortilla dokumentatua (izen horrekin, “tortilla”) 1817koa da, Nafarroan, baina Zumalakarregirekin harremanik ez du:
    “dichosos los que tienen pan, dos o tres huevos en tortilla para cinco o seis, porque nuestras mujeres la saben hacer grande y gorda con pocos huevos, mezclando patatas, atapurres de pan, u otra cosa”. Nafarroako Gorteetara bidalitako anonimo batean irakur daiteke hori.
    Hori gutxienez eman diozue ona munduari nafarrek.
    Eta Nafarroa-Gipuzkoa zentzugabeko lehia ergel hau bazter utzita, gogorarazten dizut gipuzkoar eta nafar baten lankidetzatik sortu zela euskaldunok azken mila urteetan munduan egin dugun gauza aipagarriena: jesuitak.
    Ez dakit horrek oso ondo hitz egiten duen gutaz, baina tira, hor dago.

  • Neronen ustez ez daiteke konparatu txipiroi begi handi platerkada, bere saltsan, jakina, eta Jesusen Lagundia. Sormen aldetik hura konparaezina da, eta zaporeaz zer esan! Bestela ere, hi zer haiz bada? Giputz bilakatutako nafarra?

  • Nagorerenaren txipiroi zaletasuna eta beste ikusirik …Kontrastakoa aitzakia baino ez zela jarri da erakutsian…portzierto, biramona nuen Kontrastakoa, Murgialdai abizenekoa (Oñatiko abizena, portzierto, XVII. Mendean, nonbait,joandako dirudun , 10 semetik gora omen zituena, eta bere haziz ameskoagoienea-Kontrasta Murgialdai abizenez kutsatua utzi zuen guztiz.
    Biramonak, dena dena, laister batean egin zuen Larraona aldera, eta hortik Zudairera.
    Konparaziorik ez Araba aldean galdutako Arana baialara , ez ur ez ardokoa, eta Ameskoak, Ur Ederra duena eta ardoa dotorezia askoz handiagoz edaten zaildua dagoena

  • Oinatin, ez baitzen Gipuzkoa, Bela eta ondoren Gebara familiaren jaurerria baizik, nafar zuzenbidea ezarri izan da mende luzetan. Murgialdai, berez, deitura nafarra dugu. Gero, biraka dabiltzan biramonak ditugu, arras zorabiatuak, Haranatik Larregoienara, eta azkenik Zudairen amildu. Kontua da euskal usadioan amatxik ez duela abizenik ematen, goitizena bai ordea. Eta txipiroiak geronenak onenak, dudik ez.

  • Nagoren txipiroi, horrela ateratzen da, natural. Baina Nagorerenaren hori zer ote da? Ni gonbentzitua nago euskaldun naturalek ze ostia da hori esaten zutela, baina apezaren bati gaizki iruditu eta hasieran osti, egun gorde dena, eta geroago ote bihurtu. Mendebaldean, beti bezala, Clemente vasco “handiak” , neronek ikusi dudan ttipiena, gu diferenteak gara eta “ete” esango dugu . Eta holakoseko kontuk.

  • Bizpahiru kontu: Atzendu zait esatea txipiroiari ez zaiola azala zuritu behar, Zumalakarregik ez zuela inolaz ere Bizkaian hil nahi, nahiago Burgosen Edo Santanderren, Amezkoak ametz ederrak ditu, gehienak Lokitzen, Murgialdai gehiago ditugu Lizarran giputz zulo puta horretan baino, isuri handia izanagatik, neronen ustez guzi guzia BizKAIKU zonaldera. Eta azkena eta fini. Nola Gipuzko tipi horretan ez da haran bat kabitzen Harana bailara bezalako mozolokeriak leitu behar.

  • Mikel Haranburu 2023-03-20 15:01

    Bada, beste bizpahiru kontu: guztiok akatsak egiten ditugu maiz, batzutan presaz idazten dugulako, bestetan ezjakintasunagatik. Zuk Nagore, asko seinalatu ohi dituzu besteon akatsak; zerorrek, ordea, goikoetan bi gutxienez egin dituzu: “apezaren” bati, zer osti apez klase da hori? Ala, zu zerori bakarrik zaude gonbentzituta, eta besteok konbentzitu nahi?
    Ez da ezer pertsonala… eta barka hanka sartzeak oro…

  • Murgialdai abizen oñatiar (ñ -z , kontuz! Nagore) XVI. mendekua, garaixan Oñati konterri bai baiña Gaztelakua…jakinekua ez baxatzu, Nagore. Gure Tolosako alabiak, ondo arrankosa, napar bilakau xaku patxada handixaz.
    Jajaja, beinke, behin tonterixak botaiten hasitta , ederto zabilz!
    Sin más, berrehun potro, berrehun, ez gehixago…goguan euki! Ehun praile gebela, ez bat gehixago be, eta zure naparketako gogua tartian be, gure praile guztixak barrabil biko dittugu eta ehun-ehun.
    Ohartxua: birakarixa nire amandria ez, Tolosako alaba nagore! , izatekotan hiru mende lehenagokua geben Oñatiar hori eta bere badaju birakarixak utzi zittuen hamartik gora alabiak

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2023-03-28 22:20

    Berandu samar…, zilegi bekit artikulua iruzkintzea. Estatu Batuetako lagun euskaldun batek behin esan zidan kokoteraino zegoela hedabideren batek, EITBk, elkarrizketatzen zuenean, beti antzeko galdera egitea: Nolatan zara euskaldun? Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera? Zer esaten dizute euskaraz hitz egitean? …

    Herri txiki… programak beti jokatzen du neurri batean lokalismoarekin eta estandarrarekin edo euskararen erdialde geografikoarekin dauden desberdintasunekin. Hargatik, bat nator Koldorekin, programa horixe ikusi ez banuen ere. Neroni arabarra naiz jaiotzez eta bertakoa dut familia, eta aspergarria/motza ere gerta daiteke joan den mendeko “vascos” (Aizkorritik iparraldera) / no-vascos (Aizkorritik hegoaldera) bereizketa norbaiten ahotik entzutea… zinez. Hain zuzen, garai horretako pentsamoldea ekartzen dit gogora, bitartean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Alegia, XIX-XX. mendeetako euskalduntasun etnikoaren arabera jokatzea, eta ez euskalduntasun nazional batez. Zuhaitz Gurrutxagak biziki oso ondo zaintzen zuen horretan ez erortzea.