PANTAILALDIA: Ikus-Entzunez Ekiteko Garaia

PANTAILALDIA: Ikus-Entzunez Ekiteko Garaia – 

Pantailak Euskaraz ekimenak PANTAILALDIA antolatu du azaroaren 11tik 18ra. Herritarrak aktibatzea, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta erakundeak arlo honetan mugiaraztea dira ariketa honen helburuak.

PANTAILALDIA: Ikus-Entzunez Ekiteko GaraiaPantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak PANTAILALDIA antolatu du datorren azaroaren 11tik 18ra. PANTAILALDIA Euskaraldiaren testuinguruan antolatutako ariketa kolektiboa izango da, euskararen erabilera areagotzeko xedea duen Euskal Herri mailako ekimen honen sinergiak aprobetxatuz antolatuko dena.

Bi helburu nagusi izango ditu. Lehenik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzea. Telebistan, Zineman, Streaming Plataformetan, Youtuben, bideojokoetan… dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunitate linguistikoan. Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena du, eta beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu. Bigarrenik, euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea du xede. Gauza jakina da pantailen munduan euskarak duen presentzia oso baxua dela. Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik kontsumitzeko (eta sortzeko) ariketa eginez, herritarrek honetarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta erakundeen aldetik euskararen presentzia eta erabilera ikusentzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu.

Izan ere, azken ikerketek alarma guztiak pizteko moduko datuak utzi dituzte mahai gainean. Batetik, UEMAk gazteen ikus-entzunezko ohiturei buruz egindako azterketak, herririk euskaldunenetan ere pantailetan erdara jaun eta jabe dela erakutsi dute. Bestetik, Soziolinguistika Klusterrak eginiko Kale Erabileraren neurketan ikusi ahal izan da 2006tik 2021era puntu bat baino gehiago jaitsi dela euskararen kale erabilera Euskal Herrian, eta beherakada bereziki nabarmena izan dela azken bost urteotan arnasgune gehienetan. Honek iraultza digitalak ekarritako baliabide eta kontsumo ohitura berriekin lotura zuzena duela uste du Pantailak Euskaraz ekimenak (2006 smartphonen sorrera; 2010 Youtube; 2016tik hona streaming plataformak).

Pantailak Euskarazek euskaldun komunitate osoari PANTAILALDIAn parte hartzeko deia luzatu nahi dio. Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus weborrian sartu eta bertan aurkituko duten formularioa betetzea nahikoa izango da. Azaroaren 11tik 18ra, ekimenean parte hartuko duten herritarrei, egunero ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitu/sortzeko izandako bizipenak eta zailtasunak partekatzeko deia egiten die, horretarako sare sozialetan #PANTAILALDIA traola erabiliz, eta euren perfiletan pantailaldiko logoa jarriz.

Aste osoan zehar hainbat ekimen antolatu eta hauetan parte hartzeko deia ere luzatuko du Pantailak Euskarazek, halanola, azaroaren 13 igandearekin euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazioa salatzeko burutuko duen protesta.

Twitter kontuaren itxiera

Azkenik, Pantailak Euskarazek ozen salatu du Twitter sare sozialean ekimenak zuen kontuaren itxiera. Urriaren 11ean bizitako ziber-eraso edo hackeo baten ondorioz, hainbat mezu eta bideo arraro agertu ziren bere kontuan, eta handik egun batzuetara, normaltasuna itzulia zela zirudienean, Twitterrek bertan behera utzi zion kontua, antza denez, arau-hauste bategatik. Pantailak Euskarazek hainbat ohar helarazi dizkio Twiterri erasoaaren berri emanez eta kontua berreskuratzeko eskatuz, baina erabakia behin betikoa dela erantzun dio empresa informatikoak. Hizkuntza eskubideen eta adierazpen askatasunaren errespetua eskatuz sinadura bilketa abiatu du ekimenak avaaz plataformaren bitartez.

www.pantailakeuskaraz.eus

PANTAILALDIA: Ikus-Entzunez Ekiteko Garaia

PANTAILALDIA: Ikus-Entzunez Ekiteko Garaia