Pantailak Euskarazek “Hau Pittu Hau” konpartsaren Euskara Saria jaso du

Pantailak Euskarazek “Hau Pittu Hau” konpartsaren Euskara Saria –

PANTAILAK EUSKARAZEK “HAU PITTU HAU” KONPARTSAREN EUSKARA SARIA JASO DU

Bilboko Euskaltzaleen konpartsak Pantailak Euskarazek euskararen alde egindako lana nabarmendu du

Pantailak Euskarazeko kideek esan dute erakunde eta plataformen aldetik aurrerapauso txikiak egon diren arren, lanean jarraituko dutela euskarak ikus-entzunezkoetan dituen erronkei aurre egiteko.

PANTAILAK EUSKARAZEK “HAU PITTU HAU” KONPARTSAREN EUSKARA SARIA JASO DU

Arratsaldeko 17:00etan banatu zuen Hau Pittu Hau Konpartsak aurtengo Euskara Saria, pandemiaren ondorioz 2 urtez banatu gabe egon ondoren. Pandemiaren aurreko urteetan Sehaska, Fermin Muguruza, Uriola, Berbalagun egitasmoa, Medikuntzako Ikasleak, Uema,… izan ziren azken sarituak.

Bilboko Euskaltzaleen konpartsak Pantailak Euskarazek euskararen alde egindako lana nabarmendu du, euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia txikia eta honek dituen ondorioak gizarteratzea eta eztabaida sozial eta politikoan jartzea lortu duela azpimarratuz. Pantailak Euskarazeko kide Izaskun Rekalde eta Alex Aginagaldek hunkiturik jaso dute saria. “Ohore bat da Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara Saria jasotzea. Horrelako sariek lanean jarraitzeko indarra ematen digute. Gure ekimena babestu eta zabaltzen laguntzen diguzuen herritar eta eragile guztiena da saria”, adierazi du Rekaldek. Aginagaldek, berriz, azpimarratu duenez, “Streaming plataformen aldetik aurrerapauso batzuk lortu ditugun arren, euskarak pantailetan presentzia duina izateko erronka handiak ditugu aurretik, eta lanean jarraituko dugu telebistan, zineman, streaming plataformetan eta sare sozialetan euskararen presentzia biderkatu dadin”.

Pantailak Euskaraz 2021eko ekainean sortu zen Disney+euskaraz, Netflix euskaraz, Tinko Euskara Elkartea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Zinemak Euskaraz ekimena eta Game Erauntsia Elkarteak indarrak batu zituztenean euskarak ikus-entzunezkoen panorama anitzean zuen presentzia eskasari aurre egiteko. Urtebete pasatxoko ibilbidean, 30.000tik gora sinadura lortzeaz gain, erakundeekin eta ETBrekin bildu dira euskarak pantailetan bizi duen egoerak hizkuntzaren etorkizunean izan dezakeen eragin kaltegarriaz ohartarazteko, eta egoera aldatzeko hainbat neurri estrategiko planteatu dituzte. Euskalgintzako (Kontseilua, Topagunea, EHE, Hekimen, Konfederazioa, Aek…), hezkuntza alorreko (Ikastolen Elartea, Sortzen elkartea, Eskola Kristauak…) eta ikus-entzunezkoetako (Ibaia, Epe/apv, Napar…) eragile nagusiekin landutako EUSKARAZKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ALDEKO MANIFESTUAn jaso zituzten egoera iraultzeko neurri zehatzak.

Pantailak Euskarazek askotan errepikatu izan du ikus-entzunezkoena eremu estrategikoa dela hizkuntzaren eta kulturaren garapenerako. Aisialdia pantailei geroz eta lotuago dago, eta hauetan euskararen presentzia hutsaren hurrena izatea eragina izaten ari da euskararen erabileran. Soziolinguistika Klusterrak egindako azken kale-erabileraren neurketan ikusi da 2006tik 2021era euskararen erabilerak puntu bat baino gehiago egin duela behera. Egia da azken 5 urteotan erabilera mantendu egin dela, baina oso kezkagarria da ikustea herrialde (Gipuzkoa) eta herri euskaldunenetan, beherakadak jarraitzen duela. Datu hauek smartphonen asmakuntza (2007), telebista digitalen etorrera (2010) eta streaming plataformen zabalkundearekin (2015tik hona) erlazioa izan dezaketela uste du Pantailak Euskarazek.

Streaming plataformetako euskarazko eskaintza asko handitu da urtebetean, eta hori oso positiboki baloratu du ekimenak. Netflixen 9 filme eta telesail ikus daitezke egun euskaraz, eta 26 euskarara azpidatzita; Prime Videon 8 euskaraz eta 26 azpidatzita. Halere, eduki hauek ez daude eskuragarri Iparraldeko ikusleentzat, eta hori aldatzeko lanean dabil ekimena.

Nazioarteko plataforma pribatuek herritarrek bultzatuta har ditzaketen erabakiez gain, Pantailak Euskarazek azpimarratu nahi du Euskararen eremuko erakundeek asko egin dezaketela, bere eskumenen baitan, ikus-entzunezkoetan euskarak bizi duen bazterketa egoera hobetzeko:

  • Streaming plataformekin zuzeneko negoziazioa, Netflixekin egin den bezala, euskarazko edukiak txertatu ditzaten. Era berean, diru publikoz egindako azpidazketa eta bikoizketa artxibo guztiak egokitu eta banatzaile eta plataformen esku uztea.
  • Euskarazko bikoizketarako dirulaguntza lerroak sortzea.
  • Euskarazko streaming plataforma bat sortzea, euskal hiztun komunitatearentzat erreferente izango dena, eta kalitatezko euskal ekoizpenak eta atzerrikoak eskainiko dituena.
  • Euskal Zinemaren legea onartzea, zinemetako programazioan eta hemengo zine jaialdietan hizkuntza ofizialen berdintasuna bermatuko duena, bikoizketa eta azpidatzien bidez (gaur egun emanaldien %2 dira euskaraz)
  • EITB-n lehentasuna, aurrekontuan eta programazioan, euskarazko kateei ematea, eta gaztelerazko kateetan euskara ikusgarri egitea, kirola-kultura-gizarte arloko pertsonaia erreferente euskaldunak eta arnasguneetako herritarrak beti euskaraz agertuz, eta horretarako gaztelerazko azpidatziak erabiliz. Euskarazko fikizioa eta bikoizketa indartzea beharrezkoa da baita ere.

Azkenik, Pantailak Euskarazen iritziz, “Euskaldun komunitatearen bultzadaz soilik lortuko dugu erakundeak egungo mundu digitalaren erronkei egokitutako hizkuntza politika berrituen norabidean mugiaraztea”. Horretarako herritarrei deia luzatzen die sare sozialetan eta Telegramen Pantailak Euskarazen kontuak jarraitu eta bere aldarrikapenak eta ekimenak lau haizetara zabaldu ditzaten.

Pantailak Euskarazek “Hau Pittu Hau” konpartsaren Euskara Saria jaso du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude