Osoko zuzenketa bat
Osoko zuzenketa bat –
Osoko zuzenketa bat aurkeztu nahi nieke euskara kalzadore batekin sartu daitekeen oinetakoaren pare jartzen dutenei. Eta domina edo titulu bezala darabiltenei ere bai. “Gure altxorra” dela dioten Gollum guztiei. Nago, Euskaraldia zenbat eta hurbilago egon, orduan eta tontakeria handiagoak esaten ditugula euskararen izenean. Limurtze ariketa absurdo baten parte bagina bezala denok. Ahobizi zein belarriprest. Eta sedukzio joko horren markoan den denak balio du, antza denez. Beldurtzen nau Euskaraldiaren aitzakian hedatzen den diskurtso esentzialista eta erromantiko horrek. Euskara bedeinkapen zerutiar gisa azaltzen duten predikadoreek. Daitort nik ez dudala inor seduzitu nahi. Désolé. Nahikoa dut aita izatearekin, eguneroko lanarekin eta baratzarekin. Ez daukat ez indar, ez gogorik, inor seduzitzeko. Konformatzen naiz nire eskubideak errespetatzen badira, eta euskaraz bizitzen uzten badidate esparru guztietan, ez haurrarekin eta animaliekin soilik. Gure etxean Belarriprest egin gara denok eta Euskaraldia ariketa ederra dela sinisten dugu. Inor seduzitzeko baino, geure eskubideak enegarrenez aldarrikatzeko. Imanol Epeldek, bere youtuber fazetan aipatzen zituen 750.000 euskaldunak -txakurrak, katuak eta bestelako animalia maitagarriak zenbatu gabe- ikusgarri egiteko. Ez besterik. Izan ere, euskara gaztelera edo frantsesa bezalakoa da: ez gehiago, ezta gutxiago ere.