Eskutitz irekia altsasuarrei

Eskutitz irekia altsasuarrei –

Eskutitz irekia altsasuarrei

Aste gutxi dira Ciudadanos alderdiaren buru eta burugabe Albert Rivera zuenera etorriko dela, probintzia guztietako jarraitzaileekin eta muturreko eskuineko VOX alderdiaren Santi Abascal presidentea bidelagun. Bere xedea, badakizue, zuen herriaren doluaz aprobetxatzea da, nahiz eta pankartan errespetuari laudorioak egin, biktimak ez direnak biktima eginez eta benetakoak irainduz, gure hizkuntza eta herria egiazkoak ez direla esan arte, leporatu diguten afera egiazkoa balitz bezala.

Halakoa da, bistan, gerturatzen den Espainia, zoritxarrez zuren lurraldeko alderdi bozkatuenak maite ei duena, isilunez onartua eta jokabidez gurtua.

Halakoak jakinda, ez dugu ordea bidezko eurek nahi duten erantzuna ematea: gure amorrua nahi dute, ondo merezia duten susto edo erasoa, Pablo Casadok pasa den udan bilatu zuen bezala, Altsasun egon eta gero Iruñean iraindu eta bota zutela, gerora esateko gure herria erradikalena dela, eta zuzendu beharrekoa.

Zuek ez zarete horrelakoak: badakizue bakea maite duzuela, gaitza ongian desegiten dela, eta samurrarazteko egun batez, ez mintzatzea aski dela. Lider politiko horiek ez dira zuenak, ez eta Nafarroa osoarenak ere, eta gurea erabili nahi dute hemen lortzen ez dutena beste guztira zabaltzeko, pertsonak euren instrumentu sotil bilakatuz eta moralitatea lurperatuz ere.

Estatu osoak behar du ikusi nortzuk zareten egiatan: Espainiako zati batek –bi egon baitira beti– zuei eta EH osoari egiten dien zapalkuntzaren biktima. Baina inoiz demokraziak aurrera egiten badu Espainia hori jauzi egingo da, eta zuek horren protagonista izan behar duzue adibide eta irmotasun sendoa emanez. Egiazko demokratak zuekin eta zuen seme-alabekin gaude beti. Elkartuta, eta ahots batez, lepoan hartu eta segi aurrera.

Eskutitz irekia altsasuarrei

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"