Osasunbideak alemana lehenetsiko du aurrerantzean ere

Osasunbideak alemana lehenetsiko du aurrerantzean ere –

Osasunbideak alemana lehenetsiko du aurrerantzean ere

OSASUNBIDEAK ALEMANA LEHENETSIKO DU AURRERANTZEAN ERE

Osasunbideko lan deialdietan, “eremu ez-euskaldun” deitutakoan, Nafarroako Gobernuak segituko du alemana, frantsesa eta ingelesa baloratzen eta euskara ez puntuatzen. Hala erantzun dio Arartekoari, haren gomendioei entzungor eginez. Arartekoak, berriki, bi gomendio egin dizkio Nafarroako Gobernuari Osasunbideko deialdiei dagokienez (Q18/862 espedientea): Batetik, euskarak zenbat puntu ematen dituen argi adieraztea deialdietan, eta, bestetik, atzerriko hizkuntzak baloratzen badira, euskara ez dadila gutxiago baloratu. Ba, horren aurrean, Nafarroako Gobernuak erantzun du egokiagoa jo dela araudiaren aipamen bat egitea euskararen puntuazioa zehatz eman ordez, eta, hizkuntzen puntuazioari dagokionez, 2011ko foru agindu baten arabera puntuatuko dela euskara. Gauzak aldatzeak denbora behar omen du. Tira, kasik lau urte igaro dira, eta oraindik ere alemanak 5 puntu eta euskarak zero puntu ematen ditu Nafarroako zati handi batean. Noiz arte?

Osasunbideak alemana lehenetsiko du aurrerantzean ere

Administrazioan Euskaraz Taldea

3 pentsamendu “Osasunbideak alemana lehenetsiko du aurrerantzean ere”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2019-02-25 08:13

    Foru-hauteskundeak ate joka ari dira eta hizkuntzei dagokien gaietan zalaparta handirik ez egitea komeni zaio lauko gobernuari, Nafarroan anti-euskaldun asko bizi delako eta beraiek euskararen gaiarekin aztoratuz gero, euskararen aurkako gurutzada (berriz ere!) antola dezaketalako hauteskundeetan.

    Orain ixilik irautea komeni zaio lauko gobernuari, ea bigarren aldiz irabaztea lortzen duen. Bigarren agintaldia lortuko balu hizkuntzen gaiari sendotasun handiagoz heltzeko aukera izango luke laukoak.

  • Joseba Otnao 2019-02-25 11:53

    Pentsamendu hori Nafarroako euskaltzale askoren buruan dagoela uste dut. Hala ere, nire buruan ez dago.

    Laukoak berriz irabazten badu, hizkuntzen gaiari sendotasun handiagoz heltzeko aukera ez da iritsiko. Nafarroan anti-euskaldun asko bizi da eta beraiek euskararen gaiarekin aztoratuz gero, euskararen aurkako gurutzada berriz ere antola dezaketelako eta hirugarren aldiz irabaztea eragotzi.

    Jose Antonio Agirrek hilobian hor segitzen du, estatubatuarren zain, Franco edo frankismoa botatzeko laguntzaren zain.

    Podemosekoek isilik jarraitu behar dute katalanen alde hitz egin gabe. Bestela, boterera ez dira iritsiko eta ezin izanen dute guri laguntzarik eman. Antza denez, hitz egiteko oraingo arazoak desagertuta egonen dira haiek boterera iritsiz gero.

    Borondatea beldurrak ordezkatzen badu, jai daukagu. Momentu egokia ez da inoiz iritsiko.

  • Aitzol Azurtza 2019-02-25 23:35

    Euskaldunon arazoa ahultasun egoeratik borrokatu behar dugula da eta horrek aurrez-aurreko talka eragoztera behartzen gaitu, aurrez-aurreko gatazkak galbidera eramango gaituelako. Arerioa gu baino askoz ere indartsuagoa da, beraz, aurrez-aurrekoan galtzeko aukera handienak guk dauzkagu.

    Guk arerioa baino zuhurragoa eta azeriagoa izan behar dugu, gure taktika eta denborak ongi neurtuz. Batzuetan eraso egingo dugu, beste batzuetan zain izan beharko dugu (egonean egon) eta beste batzuetan erretiratu egin beharko dugu kaltea murriztearren. Gure indargabezia inteligentzia handiagoarekin ordezkatu behar dugu.

    Datozen hilabeteotan egonean egoteko garaia dela iruditzen zait, erasorako* aukera sortu bitartean.

    *(Oharrra: “Eraso” aditza zentzu figuratiboan erabili dut, ekintzarako aditza bezala.)