Herenegun

Herenegun –

Agintariek ba ote dute kezkarik urtero indarkeria matxistak erailtzen dituen emazte kopuruari dagokionez? Kezkatzen ditu bikotekide batek bestearen gain duen kontrolak eta indarkeriak? Hartzen ote da hainbeste ardura haurrei eskoletan genero berdintasunaren garrantzia azaltzeko? Emazteen zapalkuntza baztertzea helburu duen sexu heziketa bat egiteko eta pornografiaren kalteez ohartarazteko? Ba ote dago sentsibilizazio lanik faxismoaren kalteei aurre egiteko? Nola ulertu eskuin muturraren gorakada, bereziki gazteen artean, laster ehun urte beteko direnean Europako gertakari ilunenak hasi zirenetik? Ez ote da programa bat prestatu behar intolerantziaren eta arrazakeriaren kontra? Horretaz ez dago kalapitarik Eusko Jaurlaritzan edo beste erakundeetan, ez baita eztabaidatzen ere. Haatik, gaitzeko zalaparta sortu du Herenegun programak.

Herenegun

Bistan da, gure herriaren historiaren parte izanik, azken 60 urteetako gatazka armatua ere aipatu behar dela eskoletan, beste gai anitz bezala. Adierazgarria da, ordea, gai honek zenbateko oihartzuna daukan hedabideetan eta alderdi politikoen artean.

Hasteko, ohar bat, hezkuntzari begira. Ez da biziki sanoa politikarien arteko kalapiten arabera antolatzea ikasgai baten edukiak.

Herenegun programaren inguruko eztabaida guztiak erakusten duena da hezkuntzaren ikuspegi bertikal bat, agintariek irakasleei eta ondoren ikasleei inposatu nahi dieten zerbait bezala.

Modu hori irakaskuntzaren gaur egungo izaeraren eta beharren kontrakoa da. Irakaskuntza bera anitz aldatzen ari da, eta gehiago aldatu behar luke. Ikaste prozesuan, ikasleentzat aberasgarriena ez da eduki biziki determinatu batzuk ematea, horiek ikas ditzaten. Aberasgarriagoa eta dinamikoagoa da ikasleak jartzea gaiak aztertzen. Haiek bilatzea informazioa, haiek ikertzea eta ondorioak ateratzea.

Irakaslea, metodo horretan, bidelaguna da. Bide horretan, ikasleek lan anitz eta interesgarriak egin ditzakete, Euskal Herriak azken 60 urteetan bizi izan duen egoerari buruz. Lekukoak badaude oraino, artikuluak, bideoak, filmak, liburuak, kantuak… Materiala bada ausarki, eta mila gisetako ekoizpenak atera daitezke ikastetxeetatik.

Eztabaida honen arazoa da goitik behera jarri nahi dela zein izanen diren Herenegun programan jarriko diren edukiak eta zein izan behar den ikasleei transmititu nahi zaien mezua. Eta horretan, ez da sekula lortuko adostasunik, mutur batean daudelako gatazka horren erro politikoak ukatu eta “gaiztoak” eta “biktimak” ongi bereizi nahi dituztenak, eta bestean daudelako gatazka horren gibelean Espainiaren eta Frantziaren errepresioa, indarkeria eta gerra zikina ere izan direla diotenak.

Sektore espainolistatik leporatu diote poliziaren indarkeria ere erakusten duela programak, eta hori ETA justifikatzea litzatekeela. Argudio arriskutsua da haien ikuspegitik, uler litekeelako iruditzen zaiela zilegi dela borroka armatua erabiltzea poliziaren indarkeriaren kontra. Eztabaida zinez etikoa balitz, ez litzaieke inportako alde guztietako indarkeriak erakustea. Alde bakarra erakutsi nahiak salatzen du zein den haien asmoa: hezkuntzaren erabilera politikoa, herri hau zapaldua dela ukatzeko. Ikasle batek, logika guztiarekin, beti galdetuko du “zergatik?”. Ulertu nahiko du, gatazka batek beti badituelako erroak eta bi alde, gutxienez.

Azalpen horietarako bidea mozten bazaie, ez da gauza onik. Beraz, politikariek eta erakunde publikoek utz bezate ikerlarien, irakasleen, kazetarien, idazleen eta ikasleen esku, herri honetan gertatu dena kontatzea, ulertzea eta esplikatzea, bakoitzak bere ikuspegitik eta bere gisan.

Eneko Bidegain

Herenegun

Zer duzu buruan “Herenegun”-ri buruz

  • Ganbaratxotik 2019-02-21 19:43

    15 eta 11 urtekoak dira nere semealabak. Euren aitona Francoren garaian ETAkoa izateagatik ehundaka urtera zigortu zuten eta gero amnistiarekin askatu. Zein ikuspegi emango die Herenegun-ek hainbeste maite duten aitonaz? Terrorismoan aritu zela agian? Hiltzaile ankerra? Hiltzea txarto dagoela ez dakitelakoan? Sufritzen dagoenarekin enpatiarik ez dutelakoan?
    EH-ko gazteak besteak bezelakoak dira.
    Ez dute terapia berezirik behar. Are gehiago, esango nuke programa horrek landu nahiko lituzkeen baloreei dagokionez besteak baino mailatxoren bat gorago daudela. Eurek ere bizi dutelako iragan hurbilaren lorratza.