Osasun langileak gara, ez itzultzaileak
Osasun Langileak gara, ez itzultzaileak –
Berriki Osakidetzako zenbait langileri txosten kliniko batzuen eta beren terminologiaren itzulpena egiteko eskatu zaigu, euskaraz idazten dugun langileen zerrendarekin eta pazienteen datu pertsonalez josiriko txosten klinikoekin batera. Langileok euskaraz lan egiteko eta ez dakitenek idatzitakoa ulertu ahal izateko asmoz plazaratu da.
Itzultzaile automatikoaren proiektuak urteak daramatza martxan. Espero dugu bai iniziatiba horietan lanean ibili diren, bai proposamen berri hau luzatu duten, bai bertan parte hartzea onartu duten horiek haien borondate onenarekin jardutea. Hala ere, egoeraren analisi egokirik gabe lan antzua egiteak, edota norbere interesaren aurkako lana egiteak osasungintza eta euskalgintza antzu eta kaltegarri batera garamatza. Ia osakidetza bezain zaharra den euskalgintza antzua.
Ausazkoa omen den iniziatiba, osakidetzaren esparru osora zabaldua, zenbait langile euskara hutsean lanean hasi eta hilabete eskasetara. Pazienteei txosten klinikoak euskaraz ematen hasi eta berehala euskara ez dakiten horiei ikasteko beharra kendu nahi diegu. Hortaz, euskararen beharra kentzea osakidetzaren proiektu estrategikoa dugu egun.
Dakigunez, euskara guztiz isolatua dago osasungintzako egunerokotasunean. Ahozkotasunera, hautu pertsonalera, eta langileen kontratazio prekariora mugatua. Esparru hegemonikoak guztiz arrotz ditugu: idatzizkotasuna, barne komunikazioa, barne formazioa, barne funtzionamendua, zerbitzuburuen hautaketa, oposaketetan marjinatua (berezko funtzionamendu ustela gehituta, bere garrantzia hutsaren hurrengoa da), etab.
Orain gutxi Getaria, Zumaia eta Aizarnazabalen euskaraz ez dakiten langileak kontratatu dituzte. Zertarako balioko ote digu itzultzaileak, herritarrengandik hurbilen eta sarrien dagoen langileak espainolez artatuko baditu paziente euskaldunak?
Iniziatiba honek, funtsean, euskaltzale otzanak, sagardotegiko eta mendiko euskaltzaleak, baina lan esparruko losintxariak lasaitzeko baino ez du balio. Euskaltzale “tradizionalak”, esku bat euskaltzaletasun indibiduala goraipatzeko dauka eta bestea administrazio espainiar eta frantsesei bostekoa emateko. Egizue euskaraz lasai, gainerakoei emango baitizkiegu tresnak berau jakin gabe zuek idatzitakoa ulertzeko. Ur txikitako euskaltzaleak, arazoaren muinari eta sakontasunari heldu gabe norberaren azaleko kontzientzia garbitu nahi dutenak, esparru ofizial orotan euskara marjinala den bitartean.
Bada euskarazko osasun korpusa, graduetan zehar ikasia, nahiz eta graduak ere hein handi batean espainolez bukatu. Arazoa lan esparruan dago, non guztiz espainolez funtzionatzen den. Hizkera teknifikazio ikastaroek ez dute ezertarako balio gradua bera euskaldundu gabe edota lan egiteko esparruak landu gabe.
Konponbidea, hortaz, txostenak itzultzea baino latzagoa izan arren, begi bistan dugu epe luzera begirako dinamika: euskaraz lan egin, euskaraz formatu, MIR azterketaren egituraketa aldatu, kontratazioan euskara baldintza bihurtu gehigarri beharrean (espainola eta frantsesaren gisan), eta osasun egituretan euskara hegemonizatzea, bai administratiboki eta bai pertsonal aldetik. Orobat, osasun arretan pazientea erdigunean jartzea, euskaldunak albo batera utzi gabe, euskaldunen osasuna kaltetu gabe.
Osasun langile euskaldunak gara, ez itzultzaileak. Ez gaude atzerrian, utzi diezagutela gure herriko, Euskal Herriko pazienteei arretarik onena (euskarazko arreta) ematen.