Osakidetza: euskara bazterrean
LAB Sindikatua: Duela egun batzu Jon Darpon Osasun Sailburuak idatziriko “Osakidetza: Euskara aurrerabidean” izeneko gutuna irakurri ahal izan genuen. Euskararen normalizazioa lortzearen aldeko hitz politak adierazten ziren bertan, baino zoritxarrez Darponen gutuneko hainbat adierazpen errealitatearekin ez dute zerikusirik eta egoera hori agertu beharra daukagu, datu zehatzak emanez gainera. Besteak beste, Osakidetzako kargudun eta erdi mailako arduradunek euskararen aldeko konpromisoa hartua dutela adierazten zuen Darponek. Bada, egungo egoeraren ezaugarri nagusienetakoa justu kontrakoa da. Adibide bat: Osakidetza osatzen duten Zerbitzu Erakunde ugaritan Euskara Batzordeak osatu ere ez dira egin Osakidetzako Euskara Plana onartu eta urtebetera. Horrek eskaintzen digu, beste hainbat daturekin batera, normalizazio lanen jarraipena egiteko dagoen giza baliabide urrien datua adibidez, gai honi ematen ari zaion lehentasun mailaren argazki fidagarria.
Beste datu esanguratsua, Osakidetzako zuzendaritza-kide gehienak elebakarrak dira, hauentzat ez dago inolako Hizkuntz Eskakizunik. Zuzendari hauek erdaratik eta erdaraz pentsatu, komunikatu eta arautzen dute. Nola espero dezakegu Osakidetzako zuzendaritzek euskara lan hizkuntza izateko bultzada ematea zuzendaritza hauek euskara esistitzen dela ere ahaztu egiten badute langileokin komunikatzen direnean, berriki salatu dugun moduan? Agindu-katearen haseran panorama hau dagoen bitartean zaila izango da Osakidetzan euskararen aldeko neurriak behar bezala sustatzea.
Erabilera omen da erronka. Hala izan beharko litzateke, baino adibidez langileok euskaraz lana egin eta komunikatzeko dugun eskubidea paper bustia besterik ez da gaur egun. Lan tresna ugari erdara hutsean ditugu eta aurrerapen gisa saltzen zaizkigun kasuetan ere, euskarazko aukera eskaintzen den kasuetan ere, zenbait programa informatikotan adibidez, erdara dugu beti lehenetsitako aukera, defektuzkoa. Euskara normalizatu eta lan hizkuntza bihurtzeko beharrezkoa diren neurriak, azterketak, bultzadak, laguntzak, ez dira inon ageri.
Osakidetzaren indarra eta kemena lehentasun goreneko zerbitzuetan eta gune euskaldunenetan jartzea erabaki dutela zioen Darponek. Ez dakigu zein indar eta kemenetaz ari zaigun. Baina ondo baino hobeto dakigu zein den eguneroko panorama lehentasun goreneko zerbitzuak beharko liratekeenetan ere. Azken asteotan komunikabide eta sare sozialetan agertu diren kasu batzuk aipatzearren, hor daude Txagorritxuko Ospitalean Pediatria-Larrialdia zerbitzuko arduradunek euskararekiko erakusten duten axologabekeria edota Tolosaldeako hainbat gorabehera euskara baztertuz. Zerbitzua, unitatea, antolatzerakoan zerbitzua euskaraz jasotzearen eskubidea ez da kontutan hartzen, are gutxiago lana euskaraz egiteko langileon eskubidea. Are okerrago, nahiz eta sarritan salatu dugun, beste ondorio kaltegarri batzurekin batera euskara kontutan ez hartzea ahalbidetzen duten kontratazio “ebentual” irregularrak masiboki egiten jarraitzen dira oraindik Osakidetzan, euskararen kaltetan.
Beste behin ere, hitz politez haratago, euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak exigitzen dizkiogu Osakidetzako arduradun politikoei eta erakundea euskalduntzeko beharrezkoak diren neurri, baliabide zein erabaki politikoak har ditzatela. Kalitatezkoak izango diren osasun zerbitzuak behar ditu gure herriak. Bide horretan, LAB sindikatua prest dago euskararen normalizazioaren aldeko prozesuan inplikatu eta elkarlana sustatzeko.