Ongi etorri Euskararen Herrira
Ongi etorri Euskararen Herrira –
Udatiar nabilen kostaldeko herri honetan, bada BM supermerkatu bat atsedenleku dudan etxetik hurbil, nora askotan joaten naizen erosketaren bat edo beste egitera. Kanpoaldean, irristailu-ateen ondoko sarreran, gizonezko bat egoten da, diru eske-edo dabilena, eta, sartzen naizen bakoitzean, “buenos días” esaten dit, niri bezalaxe goiz partean hurbiltzen diren erosle guztiei ere.
Ez dakit nondarra den eskalea, baina, itxura fisikoagatik behintzat, ez dirudi oso urrutikoa, eta, gaztelaniaz “buenos días” ahoskatzen duen moduagatik ere, ez nuke esango espainiar estatutik kanpokoa denik. Batek daki, agian herrikoa bertakoa da (ez dut uste), eta, eskean baldin badabil, horren beharra duelako ibiliko da horrela, ez dut hori zalantzatan jarriko. Badakit, ordea, jakinaren gainean dagoela zein herritan dagoen, eta, beraz, zein hizkuntzatan hitz egiten den gehienbat berton. Izan ere, inguruetako mapa linguistikoak argiki adierazten du Euskal Herrian ari dela eskean, Euskararen Herrian, alegia.
Kartelez gain, inguruan sumatzen den giroa euskalduna dela erraz antzeman daiteke, eta, gainera, nik bezalaxe, askok erantzun behar izan diote “egun on” berak “buenos días” esanda agurtu gaituen bakoitzean; horretaz, ziur naiz. Halere, bera tematu egiten da gaztelaniarekin, euskararen ukazioarekin, eta horrek zerikusia dauka bere jarrera ideologikoarekin; horretaz ere, ziur naiz. Ez dakit laguntza askorik jaso ote duen goizero hainbati “buenos días” esanda. Neuk, behintzat, sekula ez diot ezer eman, eta dagoeneko “egun on” erantzuteari ere utzi diot; sartzean, ikusi eta entzungo ez banu bezala sartzen naiz erosketak egitera.
Kontua da deigarri egiten zaidala halako jarrera bat eskean dabilen baten aldetik, eta, nolabait, orokorragoa den beste jokabide batetik eratorria den jarrera dela esango nuke; izan eskale, izan turista, izan nornahi. Aspaldion, nabarmenagoa egiten baitzait euskararekiko ukazio hori, bertokoarekiko errespetu falta hori, kanpotar jendearen partetik. Balirudike eraso kultural-politiko batean murgilduta gabiltzala, eta, dagoeneko, horrelako detaile txikietan ere azaltzen hasia dela. Eta, horren aurrean, ez dut uste nahikoa denik ongietorria ematen dieten afixak jartzearekin. Agian, zerbait gehiago egin beharrean gaude herri gisa, baina horixe da kontua, zer egin, eta nola. Edonola ere, ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA!
Aupa, Roberto. Iradokizun bat: gelditu zaitez, hitz egiozu, galdeiozu nongoa den, ea badakien herri horretan euskara nagusi dela eta zergatik ez duen “egun on” esatera saiatzen, seguru onuragarriago izango zaiola. Erakutsi iezazkiozu bospasei hitz euskaraz, ahal bada papertxo batean idatzita, bere interakzioetan erabil ditzan. Horren guztiaren ondoren bere “buenos días” horri eusten badio, orduan esan ahalko duzu zure aurreiritzi guztiak frogatuta gelditu direla.
Bai Gilen arrazoi duzu, dudarik gabe hori litzateke egokiena eta kurios nintzateke urrats horren emaitaz.
Interesgarria da Robertok ekarri bizitzako pasadizo tipi hau.
Aupa, Gilen eta Benat:
Uztailean zehar, hainbatetan erantzun diot “egun on” berak “buenos Días” esandakoan, amultsu eta tonu atseginean erantzun ere, beraren agurra eskertu nahian. Baina hurrengo egunean, edo inoiz egun berean birritan ere, berak atzera “buenos días” esaten jarraitu izan du. Halako batean, enegarrenean, sarreran neu bakarrik nindoala, “egun on” esan eta geldialditxoa ere egin nuen, berari so, zer esango ote zidan zain, lipar batez, baina ukatu egin zidan begirada, bestaldera begiratuta, nolabait, “paso” eginez nitaz.
Orduan, argi eta garbi gelditu zitzaidan ez zuela gogokoa nire “egun on” hori entzutea; nik beraren “buenos días” atsegin ez nuen bezainbeste, behintzat. Ulertu, ordea, ederto ulertuko zuela pentsatzen dut, ez baita “egun on” gutxi entzuten Zumaia bezalako herri euskaldunean; jarrera kontua dela ez nuen zalantzarik izan, eta, geroztik, ez “egun on”ik ez begiratu.
Hurbildu eta, kasurik onenean, hitzen batzuk irakasteko ere, harrera ona sumatu beharra nuen nire hitzen aurrean, inoizkotan “paisa”ren batekin izan dudan egoeran bezalaxe, kalean saltzaile ibiltzen direnetan. Baina ez da hori kasua izan.